Albistea entzun

AEB. Kongresurako hauteskundeak. Kathleen Marchetti. Politologoa

«Presidentearen alderdiak hauteskundeak galtzea nahiko ohikoa da»

Marchettirentzat, boto emaileek «pendulu baten gisan» jokatzen dute agintaldi erdiko bozetan. «Lehentasunak ezkerrera edo eskuinera gehiegi mugitzen badira, gobernua orekatzen saiatzen dira kontrako norabidean bozkatuta».
CARL SANDER Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2018ko azaroak 6

Dickinson College unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle albokoa da Kathleen Marchetti (Washington, 1985). Zientzia Politikoetako eta Emakumeen Ikerketetako doktorea da, eta eskolak ematen ditu AEBetako Gobernuaren, identitate politiken, interes taldeen eta ekintzailetzaren inguruan.

Zergatik zentratu du Donald Trumpek kanpainako mezua migrazio politikan?

Bere boto oinarria aktibatzeko modu ona da. 2016ko kanpainan, arrakasta izan zuen gai horrekin, eta esperantza handia du boto emaile errepublikanoak hautagai errepublikanoen alde mobilizatzeko. Inkesten azterketek erakutsi dute alderdiek immigrazioari buruzko ikuspuntu ezberdinak dituztela, eta boto emaileentzat zein garrantzitsua den auzi hori. Errepublikanoek, oro har, immigrazio lege zorrotzagoak nahi dituzte, eta uste dute gai hori dela Estatu Batuetako garrantzitsuenetako bat.

Presidenteak agindu du 5.200 soldadu mugara bidaltzeko. Immigrazioa geldiarazteko neurri eraginkor bat da, edo kanpainarekin zerikusia duen itxurakeria neurri bat?

Ez da probablea horrek luzera ondorioren bat izatea Estatu Batuetako immigrazioan, baina gaiaren inguruko eztabaida aldatu du. Soldadu horiek ez dira mugako agente ofizialak; beraz, ezin dute Estatu Batuetan legez kanpo sartzen saiatu den jendea atxilotu eta prozesatu, Immigrazio eta Aduana Indarreko [ICE] agente batek eginen lukeen gisan. Tropa horiek laguntza logistikoa eman ahalko badute ere, hagitz mugimendu sinbolikoa da, eta Trumpek oinarriei ematen dien mezua da Estatu Batuetako Gobernua immigrazioaren gaiarekin arduratuta dagoela, eta aurre egiten diola.

Nola egin diote aurre kanpainari demokratek? Zein izan da haien mezu nagusia?

Hautagai izateko aurkeztu diren emakume demokraten kopurua aurrekaririk gabekoa izan da, eta aitzineko agintaldi erdiko bozen zikloekin aldaketa handia da. Nahiz eta politologoek oraindik informazio gehiago bildu beharko duten horren arrazoiak azaltzeko, batzuek aipatzen dituzte #MeToo mugimendua eta emakume demokratek Trumpi egin dioten oposizioa. Ikerketek erakutsi dute boto emaileek egiten dituzten estereotipoen arabera hautagai emakumeak aurrerakoiagoak direla gizonezkoak baino, eta horrek hautagai emakumeei lagundu dakieke, hauteskunde hauetan espero baita demokratek jarleku gehiago irabaztea eta boto emaile aurrerakoi gehiago joatea bozka ematera. Nahiz eta demokraten mezu gehienak Trumpek dioenaren aurkakoak diren, ez dirudi kanpaina egin dutenik gai bateratu baten inguruan.

Trumpek presidentetza hartu zuenetik 21 hilabete baino gehiago pasatu dira. Zenbateraino garatu du bere programa politikoa?

Haren agenda gehiena agindu exekutiboa erabiliz bete du, Kongresuaren bidez baino gehiago. Ez du lortu lege aldaketarik egitea 2016ko kanpainan zituen gai nagusi batzuetan; besteak beste, immigrazio erreforman eta Zaintza Eskuragarriaren Legea kentzean [Obamacare legea]. Nahiz eta Trumpek lortu duen zerga murrizketa batzuk egitea errepublikanoek kontrolatzen duten Kongresuaren bidez, boto emaileen artean ez dira izan administrazioak espero zuen bezain ongi hartuak. Zientzia politikoetako ikerketak ez dira ados paratzen erratean zer-nolako eragina duen agintea erdibituta egoteak lege nagusiak onartzeko orduan; hau da, alderdi batek Kongresu osoa eta ganberetako bat kontrolatzea, eta bertze batek presidentetza.

2014an, Barack Obamaren azken agintaldian, espero zen errepublikanoek gehiengoa lortzea, eta hala gertatu zen. Zer espero da orain?

Hedabideek, anitzetan, agintaldi erdiko bozak presidenteari buruzko erreferendum bat balitz bezala azaltzen dituzte, baina nahiko ohikoa izan ohi da presidentearen alderdiak hauteskundeak galtzea. Boto emaileen lehentasunak pendulu baten gisan mugitzen dira gibelera eta aitzinera ezker eta eskuin muturraren artean. Lehentasunak ezkerrera edo eskuinera gehiegi mugitzen badira, boto emaileak gobernua orekatzen saiatzen dira kontrako norabidean bozkatuta. Lehentasunen pendulu hori 2016ko hauteskundeetan eskuinerantz okertu zenetik, ez litzateke harritzekoa 2018ko agintaldi erdiko bozetan ezkerrerantz okertzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

«Marokorekin genuen krisi sakona gainditu dugu»

Ricard Gonzalez

Buruzagi sozialista ez da damu Mendebaldeko Sahararekiko jarrera aldatu izanaz, alderantziz baizik. Haren esanetan, «errespetuan» oinarritutako harremana nahi du Madrilek auzokoekin.

Ozeano Antartikoko ur fluxua %40 murriztu liteke 2050erako

Berria

Ikerketa baten arabera, ozeano sakoneko ur fluxuen geldotzeak «ondorio larriak» ditu mundu osoko kliman
Laura Borra JxCko presidentea, gaur, Kataluniako Parlamentuaren aurrean egin duen agerraldian. ©Quique Garcia, EFE

Borrasi lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Kataluniako Auzitegi Nagusiak

Gorka Berasategi Otamendi

Epaimahaiak eskatu du indultua emateko JxCko presidenteari, kartzela zigorra ez dezan bete. Hamahiru urteko inhabilitaziora ere kondenatu du.

Ekuadorko presidente Guillermo Lasso, Santo Domingon, Dominikar Errepublikan, joan den ostiralean. / ©Orlando Barria, EFE

Ekuadorko presidentea politikoki epaitzeko eskaria onartu du Konstituzionalak

Arantxa Elizegi Egilegor

Oposizioak gehiengoa du parlamentuan, eta, beraz, erraz lortuko lituzke zentsura mozio baterako behar dituen 92 botoak. Diru publikoa oker erabiltzea egozten diote presidenteari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...