Kataluniako prozesu subiranista. Inhabilitazioak

Europako Parlamentuak Oriol Junquerasi ere aitortu dio diputatu estatusa

Ganberak dio europarlamentari kargua hartu behar duela datorren asteleheneko saioan, Puigdemontekin eta Cominekin batera

ander perez zala
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako independentismoak beste bultzada bat jaso du Europatik. Carles Puigdemontek eta Toni Cominek behin-behineko eurodiputatu akreditazioak jaso zituzten iragan hilabetean, eta, horri esker, bi politikariek datorren asteleheneko saioan parte hartuko dute; orduan bilakatuko dira ofizialki ganbera horretako diputatu. Europako Parlamentuaren arabera, bilkura horretan Oriol Junqueras izan behar dute alboan, espetxean dagoen Kataluniako presidenteorde kargugabetua: Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuen arren Junqueras ezin dela eurodiputatu izan, Estrasburgon (Frantzia) egoitza duen parlamentuaren zuzendaritzak atzo jakinarazi zuen estatus hori aitortzen diola. «Ez dut ezer gehiago esateko», idatzi zuen atzo Kataluniako presidenteorde kargugabetuak Twitter sare sozialean.

Erabakiaren oinarria Europako Justizia Auzitegiak iragan hilean jakinarazitako epaia da. Luxenburgok ebatzi zuenez, Junqueras europarlamentaria da iragan maiatzaren 26ko bozetan herritarrek euren ordezkari gisa aukeratu zutelako, eta, hortaz, immunitatea zuen U-1aren epaiketan, Espainiako Auzitegi Gorenak hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zionean. Finean, europarlamentuaren arabera, Junqueras, Puigdemont eta Comin eurodiputatu dira 2019ko uztailaren 2tik, parlamentu berria osatu zen egunetik.

Puigdemontek eta Cominek datorren astelehenean hartuko dute kargu politiko berria, baina, Junquerasen kasuan, Gorenak erabakiko du kartzelatik atera ahalko den saio horretan izateko: fiskaltzak espetxean mantentzeko eskatu zuen, eta Estatuaren abokatuak uste du europarlamentuko saioetara joateko aukera izan behar duela. Hori bai, Espainiako auzitegiari gomendatu zion immunitatea indargabetzeko prozesua «ahalik eta azkarrena» hasteko.

Herenegun, Kataluniako presidenteorde kargugabetuak Espainiako Hauteskunde Batzordeari eskatu zion haren aurkako ebazpena indarrean ez jartzeko, erabaki horren aurkako helegite bat aurkeztuko duelako Auzitegi Gorenean, argudiatuta oinarrizko eskubideak urratzen dituela.

ERCren izenean, Pere Aragones koordinatzaile eta Kataluniako presidenteordeak Junqueras «berehala askatzeko» exijitu zuen atzo, eta Europako erakundeari eskerrak eman zizkion «zuzenbide estatuari eusteagatik». Puigdemontentzat, atzokoa «lur-jotze politiko-judizial baten epifania» izan zen; Quim Torra Kataluniako presidentea, berriz, «harro» agertu zen Kataluniako eta Europako parlamentuek hauteskunde batzordearen erabakiari «indarra kendu» ziotelako.

Espainiako eskuina

Espainiako eskuineko alderdiak haserre agertu ziren Europako Parlamentuko zuzendaritzaren erabakiarengatik, eta Jorge Buxade Voxen eurodiputatuak mezu elektroniko bat bidali zien atzo parlamentari guztiei, konbentzitzeko hauteskunde batzordearen erabakiak «guztiz» errespetatzen duela Luxenburgoren epaia.

PPren eledun Dolors Montserratek ere mezu bat bidali zion David Sassoli europarlamentuko presidenteari, Junqueras diputatu gisa onar ez dezala eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.