Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 600 positiboren langa gainditu da berriro ere

Ospitaleetan 250 eri daude gaitzaren ondorioz; horietatik 26 ZIUetan. Bilbon atzeman dituzte positibo gehien: azken zazpi egunetakoak zenbatuta, milatik gertu daude (928)

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Koronabirus kasu berriek gora egin dute, beste behin, Hego Euskal Herrian. Asteburuan kutsatzeak apaltzen ari zirela zirudien arren, azken bi egunetan goranzko joera hartu du. Azken orduetan, 689 kasuren berri eman dute, bezperan baino 94 gehiago: apiril amaieratik kasu gehien atzeman diren bigarren eguna izan da, eta600 kasuren langa gainditu da berriro. Udan, abuztuaren 16ak utzi zuen daturik altuena: 770 kasu. Kasuen igoera PCR proben kopuruari lotuta egon ohi da: geroz eta proba gehiago egin, orduan eta kasu gehiago atzematen dira normalean. Azken orduetan, baina, ez da hala izan. Bezperan baino positibo gehiago atzeman dituzte, eta PCR proben kopurua baxuagoa izan da: bezperan baino 909 test gutxiago egin dituzte.

Bizkaia da beste behin ere gaitzak gogorren jo duen herrialdea: abuztu guztian zehar, bertan atzeman dituzte kasu gehien. Bezperan baino 56 kasu gehiago izan dira: 372. Araban eta Nafarroan ere koska bat gora egin dute positiboek, eta 100en langa gainditu: 117 eta 113 izan dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan apalagoak izan dira kutsatzeak; 73.

Intzidentzia tasari erreparatuz gero, bilakaera esanguratsua da. Abuztuaren 1ean Nafarroak zuen intzidentzia altuena; orain Araba eta Bizkaia dira intzidentzia altuena dutenak. Araban seikoiztu egin da: abuztuaren 1ean 100.000 biztanleko 54 kutsatu ziren, eta atzo 312. Bizkaian hirukoiztu egin da: abuztuaren 1ean, 100.000 biztanleko 102 kutsatu; atzo, 317. Gipuzkoan ia bikoiztu eginda: abuztuaren 1ean, 100.000 biztanleko 71 kutsatu; atzo, 124. Nafarroan hazkundea txikiagoa izan da: abuztuaren 1ean, 100.000 biztanleko 142 kutsatu; atzo, 210.

Ospitaleratzeen ugaritzeak ere ez du etenik. Dagoeneko 250 eri daude Hego Euskal Herriko erietxeetan. Horietatik 26, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan. Azken orduetan 46 ospitaleratu dituzte. Erietxeez gain, zahar etxeak dira beste arretagune nagusia, haietan ere gaitzak zabaltzen jarraitzen baitu.

Pandemiak ezinegona areagotu du, eta baita agintarien aurkako mesfidantza ere. Oposizioko hainbat alderdik agintean daudenen aurka egin dute: azkena Navarra Suma izan da. Javier Esparza koalizioko bozeramaileak gogor jo du Nafarroako Gobernuaren kudeaketaren aurka, eta Nafarroan izaten ari diren kutsatzeen ardura egotzi dio: «Nafarroak ez ditu osasun krisiaren kudeaketaren emaitzak merezi». Esparzaren ustez, Nafarroako osasun sistemak «onenen artean» egon behar luke, baina «okerrenen artean» dago. «Datu txarrak izan ditu pandemiaren hasieratik». Salatu du erabakiak berandu hartu izanaren ondorioz hedatu direla kutsatzeak.

Gardentasunez ez jokatzea ere egotzi dio Esparzak Osasun Departamentuari, maiatzetik ez dituelako jakinarazi kutsatu diren osasun langileen datuak, eta zahar etxeen inguruan dauden azken datuak ekain amaierakoak direlako. «Egia erdizka esan dute: okerreko mezuak zabaldu dituzte estaltzekoNafarroako egoera ez dela ona eta ez dutela erabakiekin asmatu».

Ia mila kasu Bilbon

Herrietako datuei erreparatuz gero, Bilbo nabarmentzen da. Bizkaiko hiriburuan daude positibo gehien: azken orduetan 177 zenbatu dituzte. Zazpi egunetako kasuak zenbatuta, berriz, mila kasura hurbiltzen dira: 928. Aldi berean, Ezkerraldeko lau udalerritan gorakada igarri da egunotan. Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon (Bizkaia) 90 kasu zenbatu zituzten herenegun; eta beste 64 atzo.

Halaber, intzidentzia tasarik altuenak Zamudion (Bizkaia) eta Zuian (Araba) daude. Azken zazpi egunetan 32 eta 26 kasu izan dira herri horietan: hango zahar etxe banatan agerraldiak atzeman dituzte. Kasurik gehien dituzten udalerriak ez izan arren, biztanle kopurua dela eta, intzidentzia tasarik altuenetakoak dituztenak dira: Zamudion, 100.000 biztanletik 1.069 kutsatzen dira eta Zuian, 1.099.

Mutrikuko (Gipuzkoa) egoera ere antzekoa da. Abuztuaren 13tik 19ra, 38 positibo atzeman dituzte han, eta intzidentzia altuenetarikoa da: 100.000 biztanletik 712 kutsatzen dira. Itxura du herrian agerraldi bat egon daitekeela, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du halakorik baieztatu. Nafarroako Goernuak ez ditu herriz herriko datuak ematen, baina jakinarazi du azken orduetako kutsatze gehienak Iruñerrian izan direla, %37 hain zuzen ere. Tuterako osasun eremuan atzeman dituzte positiboen %23, eta Lizarran, %22.

Bestalde, Azpeitian (Gipuzkoa) kasu gehiago detektatu dituzte azken orduetan: bederatzi. Ostegunean Erdikalen agerraldi bat atzeman zutenetik, 111 kasu agertu dira. Udala kezkaturik agertu da egunez egun positibo gehiago daudelako, eta Nagore Alkorta alkateak adierazi du agerraldia kontrolatzeko lanean jarraitzen dutela. Gogorarazi du prebentzioa zorroztea «ezinbestekoa» dela horretarako, eta PCRen emaitzak jaso bitartean, jendeak etxean geratu behar duela. Era berean, udalak azaldu du herriko zahar etxeko egoiliar guztiei eginiko probak negatibo izan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.