EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Trebiñuko euskal enklabea

Trebiñuko barrendegia administratiboki Burgosko probintzian (Espainia) kokatzen den arren, bada euskal hiztunen komunitate txiki bat bertan. Zailtasun ugari badituzte ere, euskara bultzatzeko jarduerak antolatzen saiatzen dira, eta, ildo horretan, aurten Euskaraldian parte hartzen ari dira.
Trebiñuko udaletxeko harrera mahaitxoa, Euskaraldiko txapekin.
Trebiñuko udaletxeko harrera mahaitxoa, Euskaraldiko txapekin. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2020ko azaroak 27

Trebiñu inguruan, lasaitasuna da nagusi. Zeruan ez dago hodei bat bera ere, eta labore sail luzeak alde guztietara zabaltzen dira. Bide ertzeko kartel handi batek oroitarazten du Gaztela eta Leongo (Espainia) lurrak direla. Pandemia betean, kaleetan apenas dago mugimendurik: tabernak itxita daude, eta dendarik ez dago irekita. «Buenos días» batekin elkar agurtu dute adineko gizon bik. Euskara hemen ez da hizkuntza ofiziala. Hala ere, bide ertzeko kartelak arrazoia duela dirudienean, beste pare bat ageri dira autobus geltokian: euskaraz. Udaletxera sartzean ere, beste ezusteko bat: harrera mahaitxoan nahi adina txapa eskaintzen dira. Euskaraldia heldu da Trebiñura ere.

Administratiboki, Burgosen (Espainia) jabetzako irla bat da Trebiñu, Arabako lautadak osatzen duen itsasoan: Arabaz inguratuta, baina Burgosko probintziaren parte. Bertako balkoi batzuek, ordea, ez diote gauza bera. Bertatik eskegita dauden banderatxoek argi diote: «Trebiñu Araba da». Urte luzez eztabaidatu izan da Trebiñuk zer beharko lukeen, Araba edo Burgos izan. Ezbaiak, gainera, hizkuntzaren arloan ere eragin nabarmena izan du. Non geratzen da euskara barrendegian? Zer gertatzen da Trebiñun, Euskal Herri osoan zehar ahobizi eta belarriprest dioten txapak han-hemenka ikusi bitartean?

«Hemen, batzorde bakarra daukagu Argantzon eta Trebiñurako», azaldu du Beñat Goitia euskara teknikariak. Izan ere, Trebiñuko barrendegian bi udal talde daude: Trebiñuko konderria eta Argantzon. Goitia bi herrietako teknikaria da. «Zentzuzkoena da talde bakarra egitea, jende gutxi garelako. Orain, sei bat pertsona egon gara batzordean, eta horiek antolatzen dute guztia: Euskaraldia, Korrika edo euskararen inguruko jairen bat». Zehazki, batzorde hori udal taldeko zenbait pertsonak eta herritarrek osatzen dute.

Goitiak azaldu du izurritearen aurretik egin zituztela Euskaraldia antolatzeko lehen urratsak: «Gure erronka zen azaroko asteburu bakoitzean jarduera bat egitea». Hain zuzen, mendi irtenaldi bat, Oñatiko (Gipuzkoa) kobazuloetarako txango bat, antzerki emanaldi bat eta bertso saio bat egitea zen asmoa. Oñatiko irtenaldia bertan behera gelditu da segurtasun neurrien ondorioz, baina gainontzekoak «onik» atera dituztela erantsi du Goitiak.

Jarduerok helburu izan dute familia mintzalagunek elkarren artean ezagutzea eta sareak eraikitzea. Trebiñun euskara bultzatzean, aisialdiko jarduerek duten garrantzia azpimarratu du Goitiak: «Hemen, kaleko bizitza astean zehar oso mugatua da, eta, orain, tabernarik gabe, are gehiago. Euskaraldiaren ariketa gauzatzeko baldintzak oso urriak dira; beraz, hartu-eman hori sortu nahi genuen». Hala ere, familia euskaldunen arteko harremana ez da berria. «Urteetan gabiltza ahaleginean, familia sare bat eraikitzen elkarren artean ezagutzeko eta hortik harremanak sortzeko». Esaterako, euskaraz oraindik ongi moldatzen ez diren gurasoentzat ipuin kontaketako tailer bat antolatu zuten duela urte batzuk, eta euskarazko udalekuak ere antolatzen dituzte urtero. Goitiak, ordea, nabarmendu du «sakabanaketa handia» dagoela. Izan ere, Trebiñun 40 herri txiki baino gehiago daude, eta barrendegia, alde batetik bestera, 29 kilometro luze da. Horrek dakar familia euskaldunak elkarrengandik aldentzea; teknikariaren arabera, sarri familia horiek ez dute elkar ezagutzen, ondoko herrian bizi diren arren.

Familiek euskaraz egiteko beste espazio bat izaten da askotan eskola, baina Trebiñun zailtasunak dituzte euskaraz ikasteko. «Hemengo eskola publikoa Gaztela eta Leongo sarekoa da, eta hor euskara ez da existitzen». Goitiaren ustez, eskola garrantzi handiko esparrua da hizkuntza hedatzeko: «Hemengo euskararen historia aldatzeko giltza izango litzateke, etorkizunera begira. Normalean, leku gehienetan eskola aliatu bat izaten da, baina hemen aliatu hori ez dago». Euskaraz ikasi nahi duten haurrak Gasteizera edo Langraiz Okara (Araba) joan ohi dira. Itunpeko hezkuntzari dagokionez, Argantzongo ikastolan euskaraz ikasteko aukera dago. Hain zuzen, arigune bat sortu dute aurten bertan.

Arigunea ikastolan

«Umeekin txapak egin ditugu, eta bakoitzak bere konpromisoa hartu du ahobizi edo belarriprest izateko; gehienek, ahobizi aukeratu dute», azaldu du Saioa Urizar Argantzongo ikastolako irakasleak. «Familia gehienak ez dira euskaldunak; euskara entzun duten lehenengo aldia edo bakarra ikastola da askorentzat. Herri txikietatik datoz, eta bertan ez da erabiltzen edo ez da entzuten». Baina ikastolan saiatzen dira umeen artean ere euskaraz hitz egin dezaten. «Ez da erraza, baina garrantzi handia ematen diogu ahozkotasunari». Hala ere, etxera bueltatzean haur askok ez dute euskararik entzuten, eta honek zaildu egiten du hizkuntza erraz erabiltzea. «Ikasturte hasieran zailagoa da; gero ohitura hartzen doaz, baina Gabonetako etenaren ondoren, adibidez, nabaritzen da nolabaiteko atzerapauso bat». Euskaraldia bultzatzeko pankarta bat ere egin dute, sendien eta umeen argazkiekin. Horiek eta beste hainbestek osatzen dute Burgosko barrendegian dagoen barnealde euskalduna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©IñIGO URIZ / @FOKU

«Bidaltzen dizkiguten txertoen menpe gaude: hori da gure botila lepoa»

Ion Orzaiz

COVID-19aren izurriak «lezio ugari» irakatsi dizkiola dio Nafarroako Osasun Departamentuko buruak. Azken hilabeteetan hartutako neurriak «gogorrak eta inpopularrak» izan arren, gobernuaren bide orria «egokia» dela uste du.

Larrialdi zerbitzuak pertsona bat anbulantzian sartzen, Iruñean. ©Iñigo Uriz / FOKU

Birusak gutxienez 105 pertsona hil ditu azken astean Hego Euskal Herrian

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

19.351 PCR eta antigeno proba egin dituzte, eta 1.283 positibo atzeman. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Araba eta Bizkaia eremu gorrian daude oraindik ere, eta Gipuzkoan 499 da intzidentzia tasa metatua.

Iruñeko haur eskoletan «euskara desagerrarazi eta ingelesa inposatu» nahi dutela esan dute

Iruñeko haur eskoletan «euskara desagerrarazi eta ingelesa inposatu» nahi dutela esan dute

Lander Muñagorri Garmendia

EH Bilduk atzo zabaldu zuen Iruñeko Udalak haur eskoletarako duen asmoa. Horren arabera, Printzearen Harresi haur eskolan euskarazko eskaintzan ingelesa txertatuko lukete, eta erabaki horrek euskararen presentzia are gehiago murriztuko duela salatu du Haur Eskolak Euskaraz plataformak.

COVID-19aren kontrako dosiak, txertaketa kanpainaren hasieran. ©Gorka Rubio, FOKU

Grupo Norte fundazioko arduradun batek txertoa hartu duela salatu du ESK sindikatuak

Uxue Rey Gorraiz

Desgaitasun bat duten pertsonak artatzeko zentro baten kudeatzaile da Grupo Norte, eta ESK sindikatuak adierazi du fundazioko giza baliabideen arloko arduradun batek COVID-19aren kontrako txertoa hartu duela, «txertaketa protokoloa bete gabe». Aldundiaren esku hartzea galdegin du sindikatuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.