Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. Stuart Kelling. Eskoziarra

«Galdeketak politikarekiko interesa piztu du, eta hori sanoa da»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Ordoñez Garmendia -

2014ko irailak 18
Euskal Jaietan Eskoziako gona kilta jantzita zebilen Stuart Kelling (Edinburgo, 1958) Ordizian. Eskozian jaio zen, eta haurra zela, familia Galesera joan zen bizitzera. Ingalaterran bizi izan zen gero, eta orain dela 22 urte Euskal Herrira etorri zen ingelesa eskolak ematera. Ordizian bizi da (Gipuzkoa), eta ezin du gaur bozkatu. Ahal izango balu, ordea, haren botoa azkenera arte zehaztu gabe izan duten milaka eskoziar horietako bat izango litzateke. «Azken egunetan orain arte atera ez diren gauzak ari dira ateratzen. Batek hau dio, eta biharamunean besteak, beste hau». Hala ere, elkarrizketa egin den unean erabaki beharko balu (aurreko astean), galdera batekin erantzungo lioke bere buruari: «Zergatik ez?».

Erresuma Batuko telebistetako albistegietan, egunkarien webguneetan eta sare sozialetan izan du kanpainaren berri Kellingek, eta gauza bat garbi du: «Galdeketak politikarekiko interesa piztu du berriro, eta eztabaida sortu du. Hori sanoa da». Familian eta lagunartean denetariko iritziak jaso ditu, baina ezkerrekoen artean baiezkoaren aldeko joera ikusten du. Galesen eta Ingalaterran ere gaiaz asko ari dira hitz egiten. «Independizatuz gero, Eskoziaren falta sumatuko dute ». Gainera, laborista eskoziarren babesik gabe, Westminsterreko Parlamentua kontserbadoreen esku geratuko litzatekeela azpimarratu du.

«Aurrekoan lagun batek esan zidan kalean baiezkoaren kanpaina askoz ere agerikoagoa dela. Ezezkoaren aldekoek forentseak dirudite». Kellingen arabera, Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoek ez dute zer eskaini eskoziarrei, «eskuak lotuak dituzte», eta kanpaina ezkorra egin dute. «Baiezkoaren aldekoek, berriz, itxaropen mezu bat zabaldu dute. Aitortu dute izango direla arazoak baiezkoak irabaziz gero, baina ahal den moduan aurre egingo dietela gaineratu dute, eta, gutxienez, erabaki horiek Eskozian hartuko dituztela».

Protesta botoa

Lazkaon duen ingeles akademian galdeketaren gakoak xehetu ditu, Eskoziako bandera eta mapez inguraturik: gazteak, laboristak eta langabezia. 16 eta 17 urte dituzten 109.000 gaztek eman dute izena lehen aldiz bozkatzeko. «Zer bozkatuko duten ikustea oso interesgarria da». Laboristei dagokienez, Salmondek zenbateraino konbentzitu dituen ikusteko dagoela dio. Salmond eta Darlingen arteko telebista eztabaidetatik bigarrena ikusi zuen Kellingek, eta haren hitzetan, SNPko buruak irabazi zuen: «Eztabaidan kaleko ukabilkari bat da».

Azkenik, langabezia erabakigarria izan daitekela uste du: «Mapa demografikoak hartuz ikusten da baiezkoaren aldekoak gehiago direla langabezia handiagoa den lekuetan. Londresen politikak nola eragiten dien ikusi dute, eta protesta boto bat izan daiteke hori».

Ez da ausartu emaitza bat esatera. Eskoziarrek nori sinesten dioten, Kellingentzat hori da kontua. Haren arabera, eskoziarrak zerbait handiagoren parte direla pentsatzera ohituta gaude, baina ezezkoen ezkortasunaren aurrean, «zergatik ez?» galdera askok egin dute. «Murrizketak, langabezia... Erresuma Batuan geratzea hori bada, ez al gara kanpoan hobe egongo. Zergatik ez orduan? Erabaki beharko banu, horixe izango litzateke nire jarrera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna