Bularreko minbizia. Ana Porroche-Escudero. Antropologoa

«Nahastu egiten da prebentzioa gaitza garaiz atzematearekin»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2015eko urriak 27
Ana Porroche-Escudero antropologoa da: «Antropologoa, feminista, ekintzailea eta hezitzailea». Urteak daramatza bularreko minbiziaren inguruko kanpainak ikuspegi kritiko batetik aztertzen. Horiek, sarritan, izuan, andreen botere gabezian eta genero roletan oinarritzen direla esan zuen Basaurin eman zuen hitzaldian .

Beldurra hizpide duzu. Zertan igartzen da hori bularreko minbiziaren inguruko kanpainetan?

Heriotzari, gaixotasunari zaion beldurrarekin asko jokatzen da kanpaina horietan; tratamenduei eta horien ondorio larriei zaien izuarekin ere bai. Eta argi utzi behar da gauza bat; kanpaina horiek ez dira prebentziorako, gaitza garaiz diagnostikatzeko baizik. Nahastu egiten da prebentzioa eritasuna garaiz atzematearekin. Eta indar guztia diagnostikoan jarrita ezkutatu egin nahi da badirela ingurumenean eta lan baldintzetan aldagaiak minbizia eragiten dutenak. Izan ere, erantzukizun osoa ematen zaigu herritarroi: «Ondo jan; bizitza osasuntsua izan». Eta, ados, osasuntsu jango dut; baina bada borondate politikorik jaten dudan janaria edo erabiltzen ditudan kosmetikoak ondo arautzeko eta ez kaltegarriak izateko?

Zenbait bularreko minbizi klaserentzat kanpainek ez dutela balio diozu. Zeri buruz ari zara?

Badira zenbait minbizi mota oso-oso azkar hazten direnak; ikertzaile batek hegaztien erakoak direla azaltzen du: oso bizkor zabaltzen direlako. Mamografiak eginda ere, zaila da horiek atzematea; eta mamografia batekin atzemanda ere, litekeena da horrelako tumore bat baduzu, hiltzea. Hala ere, kanpainetan ematen den mezua da gero eta lehenago atzeman hobeto dela; baina kasu guztietan ez da horrela.

Kanpainetan ez dela emakumeen ahalduntzea sustatzen diozu. Zertan ikusten da hori?

Jendeari ahalmena emanez bilatzen da haien gaitasun kritikoa sustatzea, esaterako, beren eritasunei buruzko kausen gaineko galderak egin ditzaten. Eta kanpaina horiekin minbiziaren gaineko kontzientzia hedatzen da, baina besterik gabe; ez dago minbizi mota ezberdinen gaineko kontzientziarik, tratamenduen arriskuen ingurukorik, edota ondorioei buruzkorik. Beti aurkezten da bularreko minbizia zerbait positiboa balitz bezala: «Gaitzari irribarretsu eta indartsu aurre egiten badiozu, sendatuko zara». Eta badira gaixoak, esaterako, ezintasunekin geratzen direnak eritasunaren ondorioz.

Genero rolak bistakoak dira...

Beldurra asko oinarritzen da genero roletan: «Zure haurrak maite badituzu, egizu mamografia bat». Xantaia emozionala egiten da; hori eragozpena da informazioan oinarritutako erabakiak hartzeko. Sarri, andre guztiak sartzen dira ama rolean, eta familiaren ongizatearen ardura ematen zaie. Eta haurrik ez baduzu? Eta izan nahi ez baduzu? Heteroarauaren eta emakume izatearen eredu jakin baten inguruan ardaztutako kanpainak dira.

Guztiz baztertzeko modukotzat dituzu, beraz, kanpaina horiek?

Niretzat, bai. Informazio benetakoa eman behar da, errealista, ebidentzia zientifikotan oinarritua. Eta kanpaina horiek kontzeptuak nahasten dituzte. Badira, gainera, ikerketa asko auzitan jartzen dituztenak mamografia bidezko baheketak. Informazioa zintzo eman behar da: argi. Halakoa bada, jendeak ulertzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna