Bilboko metroko langileek lanuzteak egin dituzte, lan hitzarmena eskatzeko

Hiru orduko geldialdiak egin dituzte, goizean eta arratsaldean, eta arazoak sortu dira zerbitzuan. Biharko ere grebara deitu dute

ELA, CIM eta UGT sindikatuek Bilbon deitutako protesta. ELA SINDIKATUA.
Erredakzioa
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Lan hitzarmenaren aldeko protesten laugarren astean murgildu dira Bilboko Metroko langileak, eta berriro deitu dituzte lanuzteetara. Atzo, goizean eta arratsaldean egin zituzten lan etenaldiak, ELA, UGT eta CIM sindikatuek deituta; biharko ere grebara deitu dute. Hiru orduko lanuztea egin zuten atzo goizean —06:30etik 09:30era— eta beste hiru orduko protesta bat arratsaldean —18:30etik 21:30era—.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen lanuzteak zeuden tarteetarako, eta %30eko zerbitzua eskaini zuen. Protestek hainbat arazo sortu zituzten metro zerbitzuetan, eta atzerapenak izan ziren linea guztietan. Sindikatuak pozik agertu ziren lanuzteen «erantzun zabalarekin» eta garraio zerbitzuan izandako eragina nabarmendu zuten.

Hitzarmen eske

Hitzarmen kolektiboaren negoziazioen testuinguruan deitu dute lanuzteetara metroko langileek. Sindikatuek salatu dute «langileen erosahalmena» bermatu gabe dagoela oraindik, negoziazioa luzatzen ari dela, eta enpresari eskatu diote urte askoan korapilatutako gatazkari irtenbidea emateko. Besteak beste, hobekuntzak galdegin dituzte antolakuntzari lotutako hainbat alorretan, bai eta soldatak igotzeko ere.

ELA, CIM eta UGT sindikatueklangileen egoeraren erantzule egin dituzte zuzendaritza eta erakundeak, eta gatazka konpontzeko «giltza» haien esku dagoela ohartarazi dute. Uste dute zuzendaritzak muzin egiten diela euren eskaerei, eta jarrera ez aldatzea egotzi diote. Hori horrela, iragarri dute azken hilabetean hasitako mobilizazioekin jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.