Tinta morez idazten da BERRIA

Emakunderen berdintasun saria jasoko du egunkari honek, berdintasunaren alde egindako lanagatik. Astelehenean izango da sari banaketa, Euskaldunan

BERRIA.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

Emakundek joan den abenduan iragarri zuen BERRIA zela aurtengo berdintasun sariaren irabazlea. Hain zuzen, astelehenen honetan emango dio saria, Bilboko Euskalduna antzokian, 17:00etan. Beste bi sarituak Pikara Magazine aldizkaria eta Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasle izandakoa dira—iazko abuztuan hil zen—.

Aspalditik dator BERRIAk berdintasunaren alde egindako lana: Euskaldunon Egunkariak eman zituen lehen pausoak, eta pauso horien arrastoak baziren moreak jada. Horren erakusgarri da, esaterako, 1994. urtean Emakundek berak Euskaldunon Egunkariari emandako berdintasun saria, «komunikabide horren lan iraunkorragatik, emakumezko kirolarien albisteak jasotzen». BERRIAk ere, urte luzez jarraitu die lorratz horiei, eta egin ditu pauso gehiago berdintasunean sakontzeko zein Euskal Herriko egunkari feminista bat sortzeko. Gizartea nola, horrela moldatu du bere jarduna egunkariak; mugimendu feministarekin batera egin du bidea, elkar elikatuz.

Egunero eta modu transbertsalean. Horrela aplikatzen du feminismoa BERRIAk. Horren adibide da hilketa matxistei buruzko Euskal Herriko datu guztiak biltzen dituen datu basea sortzea, esaterako. Arazoaren tamaina bere neurri osoan erakutsi eta memoria ariketa kolektibo bat egiteko tresna da; ez baitago Euskal Herriko osoko datu horiek biltzen dituen beste gunerik. BERRIA 2003. urtean sortu zen, eta orduan hasi zen datu horiek biltzen. Hamabost urte geroago, herritarren eskura jarriko zituen webgunea sortu zuen. Berria FM podcast-a da beste adibideetako bat. 2019. urtean jaio zen, eta denetariko gaiak sustatzen ditu; hori bai, genero ikuspegitik landuta.

Hala ere, feminismoaz eta feminismotik idatzitako eduki espezifikoaz gain, beste edozein gai ere begirada berdinzale batetik lantzen du komunikabideak. Albiste, erreportaje, elkarrizketa edota azalean agertzen diren emakume kopurua gizonekin berdintzeko ahalegina egiten dute kazetariek, baita estereotipoak deseraikitzeko saiakera ere. Euskara taldeak, berriz, hizkuntza eredu feminista bat garatzeko lanketa egin du urte luzez.

Horrez gain, ez du soilik kazetaritza testuetan erreparatzen; Begira komunikazio eta publizitate ez-sexisten kode deontologikoaren eta Bai sarerako kide ere bada.

Baina kanpora begirakoa feminista izateko, ezinbestean izan behar ditu barrenak ere halakoak. Enpresa barneko II. Berdintasun Plana aurkeztu berri du, eta lantalde batek hartzen du ardura hedabidea geroz eta feministagoa izateko: kudeaketan, marketinean, diseinuan edo kanpo harremanetan, besteak beste.

Bide luzeak eraman du egunkaria feminismora; BERRIAri berdintasun saria emango zitzaiola iragarri zutenean, egunkari honetako kazetari Maite Asensio Lozanok gogoratu zuen hedabideak aspaldi duela konpromisoa berdintasunarekin, eta Euskaldunon Egunkaria-n emakume feministen talde batek urratu zuela bidea. «Haiei zor dizkiegu egun dauzkagun oinarri sendoak. Sari hau Euskaldunon Egunkaria-rena ere bada». Baina bidea ez da amaitu; etorkizuna ere tinta morez idatziko du BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.