Kirkukeko gobernadorea kargugabetu du Bagdadek

Irakeko Kurdistango erreferenduma babesteagatik kendu du Irakeko Parlamentuak. Ganberak galdeketa geratzera deitu du Irakeko Gobernua

Erbilen Irakeko Kurdistango erreferendumaren alde eginiko manifestazioa. GAILAN HAJI / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nexmedin Karim Kirkukeko gobernadorea kargutik kentzearen alde bozkatu du Irakeko Parlamentuak. Kirkukeko probintziak Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoak deitutako erreferendumean parte hartzearen alde egin ostean iritsi da erabakia. Parlamentuak joan den asteartean bozkatu zuen irailaren 25eko independentzia erreferendumaren aurka.

Kirkuk ez da eskualde autonomoaren parte, baina, Irakeko Konstituzioaren arabera, erreferendum bat egin beharra dago hango biztanleek Irakeko Kurdistanen sartu nahi duten erabakitzeko, horrek estatus berezia baitu. Eskualde autonomoko presidente Massud Barzani duela bi egun izan zen Kirkuken, herritarren iritziak entzuteko. Eskualde autonomotik kanpo kokatu arren, han ere independentzia erreferenduma egin behar dela defendatu du.

Barzani hilaren 25ean bozkatzera bultzatzeko kanpainan da. Presidenteak Karimen kargugabetzea salatu du, Sakhon (Irakeko Kurdistan) eginiko agerraldian. Bestalde, kurduak errealitatea aldatu nahi duen ororen aurka «borrokatzeko prest» daudelaesan du.

Irakeko Parlamentua gogoragertu da erreferendumaren aurka, eta «estatuaren batasuna» mantentzeko beharrezko guztia egiteko agindu dio Irakeko Gobernuari. Estatuko konstituzioak erreferenduma egiteko bermerik ematen ez duela arrazoitu du parlamentuak erabakia hartzeko. Bozketak hautetsi kurduak parlamentutik irtetea eragin zuen, baina Irakeko lehen ministro Haidar al-Abadik jada eskatu die eskualde autonomoko agintariei galdeketa bertan behera uzteko.

Kirkukeko gobernadorea postutik kendu ondoren, parlamentuko gehiengo xiitak Irakeko presidente Fuad Masum ere kargugabetu nahi du. Kurdua izanik, «bere postuak eskatzen duen erreferendumaren aurkako jarrera» ez hartzea egozten diote. Iraken, 2005etik presidentea kurdua izan da, duten kuota sistemaren ondorioz.

Nazioartea ere, nagusiki, erreferendumaren aurka agertu da. Arabiar Ligako Atzerri ministroek «ilegaltzat» jo dute, eta «Iraken osotasuna» defendatu. Arabiar Ligaren ustez, erreferendumak arriskuan jartzen du Iraken eta inguruko estatuen segurtasuna.

Kritika gogorrenak, ordea, Turkiatik iritsi zaizkie. Hango Atzerri Ministerioak adierazi du erreferendumaren ideiarekin jarraituz gero «prezio altu bat» ordaindu beharko dutela. Era berean, Irakeko Parlamentuak erreferendumaren aurka hartutako erabakia txalotu du. Irakeko Kurdistanek Turkiaren bidez esportatzen du petrolioaren gehiengoa egun, eta Turkiako enpresen merkatu garrantzitsua da.

Mendebaldeko estatuak ere ez dira eskualde autonomoak bere etorkizuna hilaren 25ean erabakitzearen aldekoak. AEBetako, Erresuma Batuko eta NBEko Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin bildu zen Barzani atzo. Horiek erreferenduma ez gauzatzeko proposamen bat aurkeztu zioten. Presidenteak adierazi du eskaintza aztertuko duela, baina bermeak eskatuz Irakeko Kurdistango herriarentzat: «Ez dugu onartuko erreferenduma atzeratzea helburu duen proposamenik, Kurdistan independente bat lortzeko berme ofizialik eskaintzen ez badigute». Barzanik, gainera, defendatu du haientzat «alternatibarik onena» autodeterminazio eskubidea gauzatzea dela.

AEBetako Gobernuaren ordezkari Brett McGurk herenegun bildu zen Irakeko Kurdistango bigarren alderdi Gorranekin, eta eskatu zien erreferendum ahaleginak atzerako, beste batzuk direla lehentasunak.

Israel da era agerikoenean erreferendumaren alde egin duen estatu bakarra. Hala adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak: «Estatu propio bat lortzeko Kurdistanek duen zilegizko ahalegina babesten dugu».

Aurrera doaz

Gaur bilduko da eskualdeko autonomoko parlamentua, bi urtean lehenengo aldiz. Ezohiko bilkuraren lehenengo gaia independentzia erreferenduma izango dute hautetsiek. Hilaren 25ean bozkatzera joateko deialdia onartu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.