Alberto Uribe-Etxebarria. Athleticeko presidente izateko hautagaia

«Egun, dirua gehiago dago jokalari onak baino»

Alberto Uribe-Etxebarriak eta Aitor Elizegik gaur jakingo dute ea aurkeztu dituzten sinadurak baliagarriak diren eta ofizialki Athleticeko presidente izateko hautagai diren. Uribe-Etxebarriak argi du zergatik egin behar den bere lantaldearen alde: «Esperientzia eta lanerako gaitasuna ditugu».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Alberto Uribe-Etxebarria (Bilbo, 1959) da azken zortzi urteetan Ibaiganen agindu duen zuzendaritzak proiektuari segida emateko aukeratu duen burua. Ekonomian aditua da, eta Josu Urrutiaren itzalean aritu da lanean azkeneko bi agintaldietan. Ia lau hamarkadaz enpresa munduan goi karguak izan ostean,erretiro aurreratuak ematen dion denbora baliatu gura du umetatik jarraitu duen klubean agintzeko. Azaldu duenez, azken urteotan pilatutako «esperientzia» eta «lanerako gaitasuna» dira euren alde egiteko oinarri nagusiak. «Athletic ez dago esperimentuak egiteko».

Oker handirik ezean, gaurtik aurrera Athleticeko presidente izateko hautagai izango zara. Pozik zaude bermeak lortzeko lanean bazkideek eman dizuten babesarekin?

Oso pozik. Denbora gutxian oso erantzun ona jaso dugu. Banekien Athletic bizirik dagoela, baina azken egunotan jaso dudan bultzada ikaragarria izan da.

Zerk bultzatu zaitu Athleticeko presidente izateko lehian murgiltzera?

Ardurak. Orain arte zuzendaritzan egon garenok luze gabe Athleticen ondarea klubaren alde baliatzeko aukera daukagu. Ardurak bultzatuta emandako pausoa izan da, baina, arduraz gain, pasioa eta indarra dauzkan lantalde bat osatu dugu. Konpromiso itzela erakutsi didate.

Zeintzuk dira Alberto Uribe-Etxebarriaren eta Josu Urrutiaren arteko alde nagusiak?

Kontua ez da beste lagun batekin alderatzea. Nik neure estiloa daukat, beste barik. Esperientzia daukat. Azken zazpi urte eta erdiak klubean eman ditut, ardura ezberdinetan. Bestalde, 35 urte egin ditut goi mailako lantaldeak kudeatzen. Hor daude azken bi agintaldietan egin ditugun gauzak, baita abian jarri ditugun beste makina bat proiektu ere. Hori guztia ideia berriekin uztartzea eta indartzea dut xede. Horretarako sartu ditugu lagun berriak gure lantaldean.

Ideia berriak eta freskotasuna ari zarete aipatzen. Zeintzuk dira ideia berri horiek?

Hurrengo egunetan zehaztuko ditugu, baina oinarriak argi ditugu. Argi daukagu ez dugula bete ezin dugun ezer salduko.

Beste hautagaitza ezinezkoak diren gauzak ari al da agintzen?

Ez. Nik ez dut hori esan. Eurei egin beharreko galdera da. Ez dut besteen inguruan jardun gura. Klubak guztiok errespetuz jokatzea merezi du.

Berba asko egin bai, baina gauza zehatz gutxi aurkeztu dituzuela aurpegiratu dizuete bai zuen lantaldeari, bai Aitor Elizegirenari.

Gu bermeak lortzeko lanean jardun gara aurreko egunetan. Orain hasiko gara buruan daukaguna zehazten. Ideia nagusiak zehaztu ditugu, baina orain hori guztia nola gauzatu behar dugun azaltzen ahaleginduko gara.

Oinarrietako bat etete klausularik gabeko kontratuak sustatzea da. Urrutiak Iker Muniainekin adostu zuenak jarraipena izango du presidente aukeratzen bazaituzte?

Kontratuak egiten zein jokalarien talde aldaketak lotzen eskarmentua duen edozein adituk esango dizu klausularik ez izatea ona dela klubentzat. Epaile batek erabaki dezakeela jokalariaren balioa zein den? Bai, baita etete klausula duen futbolari baten auzian ere.

Eta zergatik da hobea, bada, klubarentzat?

Ingalaterrako Liga nagusian ez dago etete klausularik. Han inor ez da taldez aldatzen klubarekin akordioa itxi aurretik. Akordiorik ez badago, ez da taldez aldatzen. Eta hango eta hemengo legeak antzekoak dira. Gainera, kontratua etete klausula gabe sinatzen duen futbolariak konpromisoa erakusten du. Erakusten du ez duela taldez aldatu gura. Bestalde, klausularik ez duen jokalari bat egoera hori baliatzeko ia aukera barik gelditzen da, ez baitu arriskuari aurre egiteko prest dagoen klubik aurkituko. Inork ez daki zein ondorio izan ditzakeen bide hori jorratzeak.

Athleticeko jokalari bat fitxatzeko interesa duten klubei jokalariaren etete klausula ordaintzeko eskatuko zaie? Hau da, Ibaiganek ez du negoziatuko?

Athleticek jokalariei ateak zabaltzen badizkie, lehiakortasuna galduko du. Klubarentzat interesgarria den futbolari batek taldez aldatzea gura badu, etete klausula ordaintzeko eskatuko dugu. Klubak baliabide ekonomiko nahikoa du hori egiteko. Pentsa, guk zabaldutako bideari beste talde batzuek jarraitu diote. Egun, dirua gehiago dago jokalari onak baino.

Talde apal asko aberasten ari dira telebista eskubideen diru banaketari esker. Goia jo du iturri horrek, edo hurrengo urteetan ere kopuru handiak eskuratzeko aukera izango duzue?

Ez da erraza jakitea. Faktore asko hartu behar dira aintzat. Ez dakit zein garapen izango duen. Herrialde batzuetan burbuila lehertzear dagoela dirudi, baina ez dirudi Espainiako Ligaren kasua denik.

Athleticen filosofiaren gaineko eztabaidak indarra hartzen du hauteskunde guztietan, eta, taldea lan eskasa egiten ari bada, askoz arreta handiagoa jartzen zaio. Zein da zure lantaldeak horren gainean duen irizpidea?

Filosofia ez da ukitzen. Guk ez daukagu aldatzeko asmorik. Hala ere, bazkideen artean filosofia horretan ñabardura bat edo beste egiteko adostasun zabala ikusten baldin badugu, aztertu egingo dugu. Guk ez dugu aldaketarik proposatuko.

Bazkideen artean bolo-bolo dabilen beste kontu bat da San Mameseko giroa. Epeldu egin da. Hori konpontzeko, luze gabe neurri zehatzak hartzeko ideiak dituzue. Zein neurri hartuko duzue?

Lehenik eta behin, San Mames betetzen ahalegindu behar dugu. Bazkideen artean sarrerak merkeago saltzeko kanpaina egin genuen, eta uste dut bide hori indartu egin behar dugula. Bestalde, gehien bultzatzen duten zale taldeekin hartu-emana izan behar dugu. Eta, hirugarrenez, denon artean egitasmo bat abiarazi behar dugu animazio harmaila sustatzeak zenbait bazkiderengan sor lezakeen kaltea ahalik eta txikiena izateko.

Futbol zelai berrian jarraitzaileak berriz ere kokatzeko garaian hanka sartu al zuen zuzendaritzak?

Ez dut uste. Irizpideak gardenak eta objektiboak izan ziren. Agindutako guztia bete genuen. Orduan ez zen inor kexatu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu.

Iñigo Cabacas Herri Harmaila da gehien animatzen duten zaleen gunea. Kluba zuzen aritu al da Cabacas auzian?

Ez dakit. Zuek esan behar duzue. Gai arantzatsua da. Horrelako galera batek Athleticeko jarraitzaile guztiok ukitu gaitu. Klubak jokatu behar zen moduan jokatu du. Ez dakit zer gehiago egin genezakeen. Hala ere, ezin da berriz halakorik gertatu.

Aitor Elizegi izango da zure aurkaria. Hasieran, esan zuen aurkeztuko zela, hurrengo egunean atzera egin zuen, gero aurrera berriz… Zein iritzi daukazu horren inguruan?

Ez dakit zer gertatu den. Berari galdetu beharko diozue.

Serioa dela iritzi diozu?

Iritzia emateko, gertatu den guztia jakin beharko nuke, eta ez dakit.

Kanpainaren aurkezpen indartsua egin zenuten. Esaten dute erraz irabaziko duzuela. Zuentzat arriskutsua al da bazkideek horrela pentsatzea?

Ez dakit zer gura duen gehiengoak. Hauteskundeak gehiengoak gura duena islatzeko egiten dira. Gure alde dauden bazkideei etxean ez geratzeko eskatuko nieke.

Gaizka Garitanok ordezkatu berri du Eduardo Berizzo. Gustuko duzu entrenatzaile berria?

Bai, gustuko dut. Ezagutzen dut. Ondo prestatu da entrenatzaile izateko. Pertsona serioa da. Lehen Mailan esperientzia dauka. Maila horretako teknikari bat bigarren taldean edukitzeak argi eta garbi erakusten du aurreko zuzendaritzak egoera guztiei aurre egin ahal izateko plangintza egokia egin zuela.

Hauteskundeak irabaziz gero, zein jarriko duzue Jose Mari Amorrortu kirol zuzendariaren karguan?

Ez da kontu horren inguruan jarduteko momentua.

Neguko merkatuan fitxatzeko premia ikusten duzu?

Ez naiz kirol arduraduna. Zuzendaritzaren lana kirol kontuez arduratzen direnen esku baliabide guztiak jartzea da. Teknikariek taldea indartzeko premia ikusten badute, ahalegindu egingo gara.

Eta entrenatzaileak Fernando Llorente fitxatzeko eskatuz gero, gertu egongo zinatekete?

Nik ez dut marra gorririk jarri gura. Atzera begiratzeak txirotu egingo gintuzke. Guztion artean aurrera egin behar dugu. Partida hau hutsetik hasiko da. Kirol premiak baino ezin dira aintzat hartu.

Athleticek diru asko dauka bankuan, baina kosta egiten zaio jokalari garrantzitsuak erakartzea. Zein da arazoa?

Hori zuk diozu. Zein jokalari garrantzitsu ez dugu konbentzitu? Azken urteotan 91 milioi euro inbertitu ditugu fitxaketetan.

Hauteskundeak irabazteko, garrantzitsuagoak dira izenak proiektuak baino.

Bai. Baina niri ez zaizkit gustatzen izenen bueltan egindako kanpainak. Ideiek, balioek eta proiektuek izenen gainetik egon behar dutela iritzi diot. Serioak, zuzenak eta zorrotzak garela erakutsi dugu. Lehiakorrak izan gaitezkeela erakutsi dugu. Gure aurretik kluba dago. Eta bazkideen interesak beste gauzak guztien gainetik jartzen ditugu.

Inoiz pasatu al zaizu burutik Bigarren Mailan ari den Athletic bat?

Ez.

Zer daukazue pentsatuta emakumezkoen taldearentzat?

Urrats handiak egin ditugu emakumezkoen futbola sustatzeko. Athletic da emakumezkoen futbola profesionalizatzeko gehien egin duen kluba. Arlo guztietan lagundu diegu. Bide beretik jarraituko dugu.

Zerekin egiten duzu amets?

Azkenaldion lo gutxi egiten dut, eta ez dut amets egiteko aukera handirik. Bazkide gisa, Athletic lehiakor eta txapeldun batekin egiten dut amets. Gizartearen isla den klub bateko partaide izan gura nuke. Eta hautagai moduan, gauza bera pentsatzen dut. Eskarmentua daukagu, eta ez dut uste Athleticen esperimentuak egiteko garaia denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.