«Inoizko garaipenik handiena izan da»

AEBetako presidenteak salatu du «sorgin ehiza» izan dela 'impeachment' prozesua. «Modu ustel eta zikinean» jokatu izana egotzi die Alderdi Demokratari eta, batez ere, Nancy Pelosiri

Donald Trump, Errugabetua dioen egunkari bat eskuetan duela, atzo, Washingtonen. OLIVER CONTRERAS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ohi duen moduan irten zen atzo AEBetako presidentea jendaurrera: harro, sendo, indartsu eta burua batere makurtu gabe. Ez zitzaion arrazoirik falta. AEBen historiako hirugarren impeachment edo epaiketa politikoa gainditu berria zuen. Bezperan, errugabetzat jo zuen Senatuak, Alderdi Errepublikanoko senatarien aldeko botoei esker. Ez da lorpen makala errepublikanoen presidentegaiarena; batez ere, kontuan izanik hauteskunde urtea dela aurtengoa, eta herritar askok hilabete gutxian ahaztuko dituztela demokratek haren aurka aurkeztutako karguak —botere gehiegikeria eta Kongresua oztopatzea—. «Inoizko garaipenik handiena» izan zela aldarrikatu zuen Trumpek berak, eta salatu «sorgin ehiza» izan dela bere aurkako prozesu guztia.

Salaketa politikoaren jatorria zera da, Trumpek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari eskatu zion ikerketa bat, zehazki Joe Biden Alderdi Demokrataren presidentegai izateko lehiakide eta AEBetako presidenteorde ohiari eta haren seme Hunterri buruzkoa, Ukrainan egin zituzten jardueren ingurukoa. Trumpek berak onartu zuen hori. Ukatu egin zuen, baina, xantaia egin ziola Zelenskiri AEBetako Kongresuak Kievi agindutako 365 milioi euroko laguntza militarrarekin. Presidenteak blokeatua zuen laguntza hori, eta 2019ko irailaren 11n desblokeatu zuen.

«Modu ustel eta zikinean» jokatu izana egotzi zien estatuburuak demokratei, eta salatu zuen Ordezkarien Ganberako buru Nancy Pelosi «aspaldian» zebilela bera epaitegietara eraman nahian. «Politikoki min egin nahi zioten hauteskundeak irabazi besterik egin ez zuenari, nahiz eta garaipena ustekabea izan». Trumpek ukatu egin zuen behin eta berriz asmo txarrez jokatu izana, eta baita nabarmendu ere halakorik egin izan balu «berehala» aitortuko zukeela.

Lau urte

Denboran atzera egin, eta bere aurkako kanpaina errepublikanoen hautagai izendatu zutenean hasi zela salatu zuen Trumpek, eta bere aurkako «albiste faltsuak» zabaldu izana egotzi zien Alderdi Demokratari eta orduan demokraten presidentetzarako hautagai zen Hillary Clintoni. Errepublikanoaren arabera, milioika dolar bideratu zituzten bere aurkako kanpainarako. «Uste genuen hauteskundeen ostean guztia amaituko zela; baina ez zen amaitu, hasi besterik ez zen egin».

Trumpek gogora ekarri zuen Robert Mueller fiskalak Errusiak 2016ko bozetan izandako ustezko esku hartzeari buruz egindako ikerketa, eta nabarmendu «hura ere inozokeria bat» izan zela. Fiskal bereziaren txostenak zalantzan jarri zuen AEBetako presidentearen errugabetasuna, eta iradoki zuen estatuburuak justizia oztopatzeko ahalegina egin zuela. Auzia bere horretan geratu zen, eta, beste behin, garaipentzat jo zuten errepublikanoek.

Baina estatuburuak, demokraten kontra ez ezik, Senatuan bere aurka bozkatu zuen errepublikano bakarraren aurka ere jo zuen. Mitt Romneyk, 2012an errepublikanoen presidentetzarako hautagai izandakoak, demokratekin batera bozkatu zuen Trump kargutik kentzearen alde, eta alderdikideen haserrea eta estatuburuaren mespretxua eragin zuen. «Mitt Romneyk nire aurka egiteko erabili duen energia bera baliatu izan balu Barack Obamari aurre egiteko, ziurrenik hauteskundeak irabaziko zituen», idatzi zuen Trumpek sare sozialetan.

Oso bestelakoa zen giroa demokraten artean. Jakin bazekiten ez zutela gaindituko Senatuko proba, baina Trumpen hautagaitzari kolpe bat emango zioten itxaropena zuten. Azken inkesten arabera, ordea, ez da halakorik gertatu. Ez du sostengurik galdu, eta buruzagi errepublikanoaren jarraitzailerik sutsuenen —gizon zurien, nekazari eremuan bizi direnen, kristau ebanjelikoen eta katoliko kontserbadoreen—,babesari eutsi dio. Trumpek berak esan zuen moduan, auziak «Alderdi Errepublikanoa are gehiago batzeko balio izan du, eta estatubatuarren artean haren sostengua handitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.