Jaime Pastor.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa. IRITZIA

Erregimena auzitan

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesua epaitzen ari diren honetan, Felipe VI.a tartean sartu da, esanez: «Ezin onartuzkoa da zuzenbidearen gainetik jartzea ustezko demokrazia bat». Horrek argi baino argiago utzi du, batetik, zein zinikoa den inork demokratikoki aukeratu gabeko pertsona hori, eta, bestetik, eta batez ere, zein kezkaturik dauden erregimeneko eliteak epaiketaren emaitza dela kausa.

Hain zuzen, orain arteko saioetan bertan, begien bistan geratu da ez dagoela frogarik akusatuei matxinada («giza harresiak» bortitzak dira?), sedizioa edo diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzeko; era berean, begien bistan geratu da nolako etsaigoz jokatzen duen fiskaltzak oinarrizko eskubide batzuen erabileraren inguruan, hala nola adierazpen eta manifestazio askatasuna, eta nola saiatu den, baldarki, Omnium eta ANC kriminalizatzen.

Akusazio horien atzean, zigor zentzagarria ezartzeko gogo bizia dago, zeini-eta bi milioi lagun baino gehiagoren ordezkariei, hots, erregimen honi desafio eginez Kataluniaren independentziari buruzko erreferendum batean parte hartu zutenen ordezkariei. Horrexegatik atera da plazara errege bortxaezin eta arduragabe hori, «marra gorri» iraganezin hori nabarmentzera.

Eta dudaren bat balego, honatx: «Espainiaren batasuna», printzipio bihurtuta, oinarrizko eskubideen eta demokraziaren errespetuaren gainetik jarri nahi dute. Ez da kasualitatea Konstituzioak honela esatea: «Erregea estatuburua da, Estatuaren batasunaren eta iraupenaren ikurra». Eta ez da kasualitatea Indar Armatuen buru gorena izatea, parlamentuaren gainetik, 1981eko otsailaren 23an izandako jokabide eztabaidagarri hartan egiaztatu genuen bezala.

Erregearen diskurtsoaren beste aldean, hortxe entzun dugu zein argudio sendoak eman dituen Oriol Junquerasek autodeterminazio eskubidearen alde; nola esplikatu duen Raul Romevak zergatik dagoen independentista estatutuaren epaiaz geroztik, nahiz eta berez federalista den; eta nola oroitarazi duten, etengabe, atzera botatako erreferendum bat egitea ez dela delitua. PPk berak halaxe aitortu behar izan du berriki, Kongresuan saiatu denean delitu hori berriz sar dezaten Zigor Kodean, alferrik saiatu ere. Gainera, Jordi Sanchezek goitik behera gezurtatu du «gero eta bortizkeria handiagoko giroa» egon izana, eta, hala, agerian utzi du erregimena beldurrez dagoela ez ote den ostera gertatuko desobedientzia zibileko beste prozesu bat, masiboa eta bortxarik gabea, nola izan baitzen Katalunian 2007ko irailaren 20tik urriaren 3ra arte.

Horixe baita erregimenaren beldurrik handiena, nahiz eta ezkerren atzeraldi batean gauden oraintxe, eta bloke atzerakoiaren oldarraldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.