Erdira iritsiko da ligaxka

Gaur ekingo diote Binakako Txapelketako ligaxkako zazpigarren jardunaldiari, Tolosan. Jon Erasunek ez du Baikon jarraituko

ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Gaurtik astelehenera iraungo du Binakako Txapelketako ligaxkako zazpigarrenjardunaldiak. Hala, lehen itzulia amaituko da, eta hurrengo jardunalditik aurrera zatirik erabakigarrienean sartuko da ligaxka. Bikote bakoitzak ahalik eta ondoen kokatuta iritsi nahi du bigarren itzuli horretara.

Jardunaldiko lehen partida gaur jokatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bertan, nor baino nor gehiago arituko dira Elezkano II.a- Zabaleta Jaka-Salaberriren kontra. Berez, Jon Mariezkurrena da Jakaren aurrelaria, baina eskuin eskuan mina dauka, eta jardunaldi honetan ez du jokatuko.

Larunbatean, Eibarko Astelenan, Altuna II.a-Martijak Laso-Imazen aurka neurtuko dituzte indarrak (17:00, ETB1). Igandeko jaialdiaDonostiako Atano III.ean jokatuko da, eta Irribarria-Rezusta etaPeña II.a-Albisu elkarren kontra ariko dira (17:00, ETB1). Asteleheneko partida ere Tolosako Beotibarren jokatuko da: Urrutikoetxea-Aranguren Ezkurdia-Tolosaren aurka (16:30).

COVID-19ari aurre egiteko hartu diren neurriak direla medio, frontoien edukiera %60koa izango da. Hori dela eta, adibidez, larunbateko Eibarko partidarako sarrera salmenta bertan behera utzi zuten atzo, eta gaur goizean hutsetik hasiko dute.

Bestalde, Baikok atzo jakinarazi zuen Jon Erasunek ez duela enpresan jarraituko. Urtarrilaren 8an jokatuko du enpresarekin azken partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Zizurkildarrak 2016ko azaroaren 5ean egin zuen debuta profesionaletan, Beotibarren, eta, ordutik, ia berrehun partida jokatu ditu. Baikok eskerrak eman dizkio egindako lanarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.