Organo trafikoaren paradisua, Egipton

Mundu osoan mila milioi euro artean mugitzen ditu organo trafikoak urtean, eta Egipton egiten dira operazio horietatik asko, herrialdeko ezegonkortasuna eta iheslari kopuru handia baliatuta.
Sinain aurkitutako gorpu baten lur ematea. Asko, organorik gabe agertzen dira.
Sinain aurkitutako gorpu baten lur ematea. Asko, organorik gabe agertzen dira. R. GONZALEZ

Ricard Gonzalez -

2015eko otsailak 1
Organo trafikoaren erdigune nagusia izateko baldintza oro betetzen ditu Egiptok. Desberdintasun sozial nabarmenei eta hartzen duen iheslari kopuru handiari 2011ko iraultzatik herrialde arabiarrean dagoen ezegonkortasun politiko kronikoa gehitu behar zaie. Ordutik zailtasun handiak ditu lege propioak ezartzeko. Global Financial Integrity fundazioaren arabera, organoen trafikoak urtean 500 eta 1.000 milioi euro artean mugitzen ditu mundu osoan; emaile horietako gehienek Egiptoko jatorria dute.

«Egiptoko legeak edozein organoren salerosketa debekatzen du, baina ez dute betetzen. Hemen egiten diren transplanteen %90 merkatuko transakzioen bidez egindakoak dira», azaldu du organo trafikoaren aurka aritzen den ekintzaile batek. Segurtasunagatik nahiago du izenik ez eman. Ossama Abdel-Hanik, Al- Azhar Unibertsitateko Medikuntza irakasleak, bat egin du ekintzailearekin: «Horrelako ebakuntzetako asko legez kanpokoak dira; baina gaur egungo egoerak ez du bestelako aukerarik ematen».

2010ean, hildako pertsonen organoekin transplanteak egiteko aukera ematen duen legea onartu zuen Egiptoko parlamentuak. Urteetan egindako eskaera eta presioen erantzuna izan zen. Hala ere, oraindik ez dira zehaztu ebakuntza horiek aurrera eramateko behar diren xehetasunak; Egiptoko gizarteak ez ditu ezagutzen. Bestelako lehentasunak izan dituzte Egiptoko gobernuek; boterera iritsi eta irautea, besteak beste.

Ekintzaileentzat, 2010eko legearen edukia oso etsigarria da. Bizidunen arteko organo emaileen inguruko zehaztapenik ez du egiten, eta, ondorioz, jarduera ustelei atea irekitzen die. «Medikuen elkartetik gobernu berriari presioa egingo diogu hilotzetako organoen dohaintza betetzeko. Irtenbide bakarra da. Gaur egungo esparru juridikoak arazo etikoak eragiten dizkie medikuei», nabarmendu du Abdel-Hanik.

Bitartekarien bidez egiten dituzte organo salerosketak. Emaileak gizarteko talde ahul eta baztertuenetan bilatzen ahalegintzen dira. 2009an legez kanpoko ebakuntzak egiten zituzten ospitaleak itxi egin zituzten. Gaur egun, ordea, arduragabekeria handiagoa dauka gobernuak, eta egunkarietan legez kanpoko ebakuntzei buruzko iragarkiak aurkitu daitezke. «Giltzurrun baten transplanteak 10.000 euro balio du; emaileak, baina, kopuru horren zati txiki bat baino ez du ikusten: 1.500 euro. Esplotazio gordina da», adierazi du ekintzaileak.

COFS organo trafikatzaileen biktimekin lan egiten duen erakundeak emandako datuen arabera, emaile gehienak alfabetatu gabeak dira. Horiek errazago manipulatu eta engainatzen dituzte trafikatzaileek. Emaileen %94, gainera, organoak saldu izanaz damutzen dira gero. Egiptoren egoera ekonomikoa larria da, eta organo trafikoaren industria horregatik ari da gero eta arrakasta handiagoa izaten. Egiptoko Gobernuak emandako zifren arabera, hiru urtean (2009-2012) giltzurruneko mila transplantetik hiru milara igaro dira.

Alde ez-ofiziala ere badago: organo trafikoaren merkatu beltza, zeina errefuxiatuen guneetan indartuta dagoen. Organo horien bila Saudi Arabiako edo Libanoko aberatsak joaten dira. Sekretupeko ebakuntzak dira, horregatik benetan zaila da zifra zehatz baten berri izatea.

Iheslari sudandarrak

Hogei mila dira Egipton dauden Sudango iheslariak. Ez daukate lege babesik, eta dirurik ere ez; horregatik bilakatu dira merkatu beltzaren helburu nagusia. Oro har, iheslariek onetsitako salerosketak izaten dira, baina bahiketa bidez egindako ebakuntzak ere erregistratu dituzte. «Zaila da biktimen kopuru zehatza ematea, baina argi dago iraultzaren ondotik herrialdean egin diren gehiegikeriak direla. Askoz larriagoak», Debra Budiani-Sabeir COFSeko ikertzailearen ustez.

Istorio latzagoak entzun daitezke Sinaiko penintsulako errefuxiatuen kanpalekuetan, pertsonekin trafikatzen duten taldeak ari baitira lanean. Azken urteetan goranzko joera hartu dute errefuxiatuen bahiketek. 35.000 eurotik gorako erreskateak eskatzen dituzte. Familiak erreskatea ordaintzera estutzeko, gogor torturatzen dituzte bahituak, eta batzuk hil egiten dira. Benjamin errefuxiatu etiopiarrak zuzenean ezagutu zuen bahiketa bat. «Torturatzaileen etxera heldu ginenean mehatxu garbia egin ziguten: ordaindu ezean organoak kenduko zizkigutela». Mirariz lortu zuen alde egitea Benjaminek.

Biktimei laguntza ematen dieten beste talde bat Belaunaldi Berriak da. Haren sortzaileetako bat da Hamdi al-Azazi. Egoeraren berri eman du: «Mafiako kideek bahituei odol laginak atera, eta bitartekariei bidaltzen dizkiete, erreskatea ordaintzeko presioa egiteko. Basamortuan, organoak falta zaizkien hilotzak ere aurkitu izan ditut». Modu horretan kendutako organoak Kairora eta Israelera eramaten dituzte, eta hango ebakuntza klandestinoetan transplantea egin.

Al-Azazik, hala ere, dio 2013ko estatu kolpearen ondoren bahiketak gutxitu egin direla. Segurtasun indarren aurkako atentatuak galarazteko, armada sendotu eta zabaldu egin du Abdul Fattah al-Sisi presidenteak. «Ordutik ez dut organoak falta dituen gorpurik aurkitu basamortuan. Trafikatzaileetako batzuk atxilotu egin dituzte; beste batzuk, berriz, tiroketetan hil egin dira, eta geratzen direnek ihes egin dute».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna