Sinai, kalifatoaren probintzia berria?

Egiptoko Ansar Beit al-Maqdis mugimendu jihadistak leialtasuna aitortu dio Estatu Islamikoari. Aditu askok, ordea, zalantzan jartzen dute talde horren eta EIren arteko harremana.

Ane Irazabal -

2014ko abenduak 14
Kalifatoaren itzala Egiptora iristen ari da. Hori uste dute, behintzat, Niloko herritar askok. Hedabideetan, kalean eta gobernuko ministro nagusien agerraldietan ez da beste ezertaz hitz egiten. Egiptok etsai berri bat dauka: Estatu Islamikoa. Erregimen militarrak Anaia Musulmanak desegin zituenetik, terrorismoaren kontrako gerra beste esparru batzuetara zabaldu da, eta jihadistak bihurtu dira Egiptoren mehatxu handiena.

Beldur hori, baina, zenbateraino da erreala? Adituen ustez, badaude arduratuta egoteko arrazoiak, batez ere ondoko herrialdeetan nagusi den ezegonkortasun politikoari so eginez gero. «Libia estaturik gabeko gizarte bat bilakatu da, eta Estatu Islamikoak probetxu hartu dio botererik gabeko espazio huts horri. Gauza bera egin zuen Iraken eta Sirian, eta halaxe egin nahi du Sinaiko penintsulan», uste du Mustafa Ewli Saif Kairoko unibertsitateko irakasleak.

Saifi biziki arduratzen dio Sinain nagusi den desgobernuak. Haren iritziz, «akats historikoei» erreparatu behar zaie egungo egoera ulertzeko: «Egiptoren eta Israelen arteko Camp Davideko bake akordioek zeharo desmilitarizatu zuten Sinai, eta, Hosni Mubarak erori ondotik, jihadisten eta sistemaren kontra borrokatu nahi dutenen paradisua bilakatu da penintsula. Inor ez da eremu hori kontrolatzeko gai».

«Sinaiko estatua»

Testuinguru kaotiko horretan sortu da Ansar Beit al-Maqdis mugimendu jihadista. 2011ko iraultzaren ostean hezurmamitu bazen ere, Mohamed Mursiren kontrako estatu kolpearen ondotik egin zen indartsu. «Sinai eremu ezin hobea da milizientzat; izan ere, ia ez da jenderik bizi. Desertua eta mendiak nagusi dira paisaian, eta egitura tribalek agintzen dute», azaldu du Saifek.

Hala, Ansar Beit al-Maqdis penintsularen jaun eta jabe bilakatu da, eta bere gain hartu ditu, besteak beste, gas hodien kontrako erasoak, Mohamed Ibrahim barne ministroa hiltzeko ahalegina, Koreako turistez beteriko autobus baten aurkako bonba, 33 soldadu egiptoar hil zituen iragan urriko eraso suizida eta William Henderson petrolio enpresari amerikarraren hilketa. Egiptok, AEB Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak talde terroristen zerrendan sartu dute; adituen iritziz, 2.000 jarraitzaile baino gehiago ditu dagoeneko.

Mugimenduak aldaketa sakona egin du, gainera. Hedabideek iragarri dutenez, Ansar Beit al-Maqdisek «aliantza berri bat» ezarri du Abu Bakr al-Bagdadiren Estatu Islamikoarekin. Hori dela eta, izena aldatu dio eta kaliferriaren wilayah edo probintzia berri bat dela aldarrikatu du: Sinaiko Estatua. «Kalifari [Al-Bagdadiri] obedientzia zor diogu. Haren aginduei jarraituko diegu judizio egunera arte», esan du mugimenduaren ustezko kide batek Twitterren utzitako audio mezu batean.

Edonola ere, analista politiko askok zalantzan jarri dute aldarrikapen horren egiazkotasuna. «Mundu osoko zenbat lider erlijiosok agertu diote leialtasuna kalifatoari? Estatu Islamikoa modan dagoen fenomeno bat da, eta mugimendu sunita erradikalek miresmena erakutsi diote», uste du Salah Abu Mohamed politologoak. Abu Mohamedek propagandatzat jotzen du Ansar Beit al-Maqdis eta Estatu Islamikoa «ezkondu» dituen adierazpena: «Gobernuak zentsura ezarri du Sinaiko penintsularen berri emateko, eta iristen zaigun informazioa ez da sinesgarria».

Baina zeintzuk osatzen dute Sinaiko Estatu berria? Aditu ofizialistak eta ez-ofizialistak ez dira ados jartzen. Saifek lehen korrontea ordezkatzen du: «Anaia Musulmanak boterera iritsi zirenean, harreman estuak ezarri zituzten Al-Qaedarekin. Eta milizia sunitak Sinaiko penintsulan ezartzea erraztu zuten. Horrekin ez dut esan nahi kofradia islamistak Ansar Beit Al-Maqdis sortu zuenik. Baina Hamasek eta Anaia Musulmanek lagundu egin zituzten». Saifen ustez, Sinaiko Estatua mehatxu serioa da; izan ere, ez du islamismo politikoan sinesten, kalifato islamiko batean baizik: «Ez dira islamista tradizionalen antzekoak. Terrorista hauek gure artean infiltratu dira, gu bezala bizi dira». Mezu hori da, hain zuzen, Egiptoko Gobernuak meskitetan zabaldu duena.

Abu Mohamedek ez du iritzi hori babesten, ordea. Haren aburuz, Sinaiko miliziek ez diote Irakeko eta Siriako patroi berari jarraitzen: «Egia da Ansar Beit al-Maqdisek zibilei eraso egin diela, baina haren jomuga Egiptoko segurtasun indarrak dira. Arazoa da Kairoko gobernuak ez duela arrazoietan sakondu nahi». Abu Mohamedek bat egiten du Egiptoko hainbat adituk plazaratu duten hausnarketarekin: Sinaiko Estatua militar ohiek osaturiko mugimendu bat da. «Ez dute ezkutatzen Abdel Fatta al-Sisiren erregimen militarrari aurre egin nahi diotela. Bat egin dituzte estatu kolpearen aurkako diskurtsoa eta mezu erlijioso erradikala». Halere, Abu Mohameden ustez, kalifatoaren bandera beltza ez da Sinain altxatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna