MIRA

Uda berezi bat

PALMA (MALLORCA, HERRIALDE KATALANAK), 2021-07-01.- Hainbat ikasle portura eta aireportura bidean, berrogeialdian egon ondoren irlatik alde egiteko. ATIENZA / EFE.
Paul Beitia Ariznabarreta.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Uztaila hemen da. Urtaroa inauguratuz bezala dator, arintasun sinesgaitzez, osorik uda den aurreneko hilabetea. Berekin dakar urtero sortzen zaigun ameskeria hori, udak berezia izan behar duenarena: nork bisitatuko lekurik urrunena, nork aterako argazkirik ederrena, nork botako parrandarik ahaztezinena. Urte guztia lanari edo ikasketei eman ondoren, badirudi udan daukagula egiaz bizitzeko aukera bat, eta hala ez egitekotan ez garela inor.

Aurtengo udak, ordea, berezitasun bestelako bat iragartzen du. Argazkia Balearretakoa da, baina izan zitekeen beste edonongoa: turistak izan zitezkeen Zarautzera sartzen edo gu geroni, maleta astunak hartuta, oporlekura ailegatu berri. Pandemia-garaiak zerik arruntenak ere berezi egin ditu.

Parentesi moduan ulertu izan da pandemia, egunerokotasuna eten duen berezitasun natural gisa, eta egindako politikak salbuespenezko egoerak saihetsezinki inposatutako neurri gisa. Urtebete pasatxo izan dugu, ordea, ohartzeko ezetz, neurriak botere ekonomiko eta politikoek hartu dituztela, aurretik zetozen egiturazko arazoak kudeatzeko. Udarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Oasi gisa ikusten dugu, munduak bi hilabetez atseden hartuko balu bezala, baina errealitateak bereari jarraitzen dio egoskor: sinatu berri dute pentsioen erreforma berria, maiatzeko lan-kontratuen % 92 aldi baterakoak ziren, bi preso ohi atxilo eraman dituzte, eta beste hiruk baraualdiak egin dituzte beren ziegetan.

Uda hemen da, bai, eta Roque Daltonen Artearen poetika hura apetaz parafraseatuta baita etsipena, krimena eta gorrotoa ere. Norentzat behar luke zutabegilearen ahotsak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.