Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Mahai-ingurua

Zenbat eta lokalago, orduan eta bidaiariago

Zinema hizkuntza ez-hegemonikoetan egitearen abantailak eta desabantailak aztertu dituzte, Donostian, Sjon idazleak, Xabier Berzosa ekoizleak eta Ben Sharrock zinemagileak, eta aski baikor agertu dira.
Marian Fernandez, Sjon, Xabier Berzosa eta Ben Sharrock, San Telmo museoko mahai inguruan.
Marian Fernandez, Sjon, Xabier Berzosa eta Ben Sharrock, San Telmo museoko mahai inguruan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2015eko irailak 20
Nire eskarmentuaren arabera, zenbat eta lokalagoa izan filmaren gaia, zenbat eta lokalizatuagoa egon istorioa, aiseago bidaiatzen du filmak Islandiatik kanpora», adierazi zuen Sjon idazle islandiarrak joan den ostegunean, Donostiako San Telmo museoan, Zinema eta hizkuntza ez hegemonikoak mahai inguruan. Sjionen ikuspegiarekin bat eginda, filmak egitean istorioak berak eskatzen duen hizkuntza naturaltasunez erabiltzearen alde agertu ziren mahai inguruko beste bi hizlariak: Xabier Berzosa ekoizlea (Aupa Etxebeste!, 80 egunean, Lucio eta Loreak filmen ekoizlea) eta Ben Sharrock zinemagile eskoziarra (Pikadero filmaren zuzendaria). Marian Fernandez ekoizlea izan zuten hirurok moderatzaile.

Fridrik Thor Fridriksson zinemagilearen Children of Nature filma (1991) aipatu zuen adibide gisa Sjonek, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendapena jasotakoa eta Islandiako zinemagintzaren historiako filmik arrakastatsuenetako bat. «Zahar etxe batetik ihes egiten duen bikote baten istorioa kontatzen du, eta islandieraz hitz egiten dute biek beren bidaian, heriotzara bidean doazela», azaldu zuen Sjonek. «Arrakasta izan duten Islandiako hurrengo filmek beti jarraitu diote bide horri. Oso istorio txikia da, oso toki txiki batean eta benetako jendea beren ama hizkuntzan mintzatzen. Islandian ingelesez egin diren filmek ez dute neurri bereko harrerarik izan. Urrutiko jendea ikustea gustatzen zaigu, guk egiten ditugun gauzak egiten baina modu desberdin batean. Horregatik dago zinema munduan».

Xabier Berzosari askotan esan diote Loreak filmak zabalkunde handiagoa izango zukeela gaztelaniaz filmatu balitz, baina berak ez dio batere sinesgarritasunik ematen hipotesi horri. Euskaraz filmatu beharrean gaztelaniaz filmatu izan balitz, Loreak bestelako film bat izango zela uste du, eta aldaketa are handiagoa izango zela 80 egunean filmaren kasuan, beste gidoi bat eskatuko baitzuen filma gaztelaniaz egiteak. Horrez gain, gogora ekarri zuen Espainian ekoizten diren gaztelaniazko pelikulen %10a baino ez dela errentagarria, eta euskaraz ekoitzitakoen artean portzentajea askoz altuagoa dela. «Ez daude guri lezioak emateko moduan».

Jendearengana iristeko, denbora behar dela uste du Berzosak, eta euskarazko zinemak pixkanaka-pixkanaka egin duela bidea azken urteetan, batez ere Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! filmak (2005) izan zuen harrera onaz geroztik.

Euskaraz filmatzeak ez dio erantzuten, Berzosak ekoitzi dituen filmen kasuan behintzat, «euskararen beharrei», «zinemak bere gizarteari erantzuteko dituen beharrei» baino. «Zinemak bere inguruko gizarteari erantzuten dion neurrian, uste dut beharrezkoa dela euskarazko filmak egitea», azaldu zuen Berzosak, «baina beharrezkoa, ez euskararen ikuspegitik, ez hizkuntza politikaren ikuspegitik; baizik eta beharrezkoa, zinemak bere gizarteari erantzun diezaion, hori gabe zinema herrenka ibiliko litzatekeelako».

Erabaki «naturala»

Ben Sharrock ere istorioak berak eraman zuen euskaraz filmatzera. «Bi edo hiru urte neraman Euskal Herrian, eta istorioa Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko istorio bat zen. Istorioa idatzi nuenean, euskara inguruan nuenez, filma euskaraz egitea oso gauza natural eta organikoa izan zen niretzat. Euskara zen hizkuntza naturala filma egiteko, egokiena».

«Islandian hizkuntza gure bizitzaren oso parte garrantzitsua da, eta horrek eramaten gaitu sentitzera munduan sar gaitezkeela gure hizkuntzarekin», azaldu zuen Sjonek. «Ni idazlea naiz, eta arlo askotan idazten dut, eta hasieratik izan dut oso argi nork bere hizkuntzan egin behar duela lan. Istorio baten kontaketa beti moldatu behar da leku batera, eta hizkuntzak leku jakin batzuetan sustraituta daude, eta leku horien espirituaren parte bat dira. Aki Kaurismakiren filmak ez lirateke finlandiarrak izango, pertsonaiek finlandieraz hitz egingo ez balute. Horri esker, film horiek ikustean, guk sinetsi egiten dugu benetako istorioak direla».

Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako lanak mundura zabaltzeko azpidazketa askoz ere egokiagoa da bikoizketa baino, mahai inguruan parte hartu zuten hizlarien ustez, bikoizketan filmak bere izaeraren eta balioen parte handi bat galtzen duela uste baitute. Berzosak ez du uste, gainera, Loreak bezalako film batek bikoizketarekin azpidatziekin baino askoz ikusle gehiago izango lituzkeenik, ez Euskal Herrian eta ez Euskal Herritik kanpo. Haren ustez, bikoizketa soilik legoke justifikatua orain arte lortutakoa baino are arrakasta eta oihartzun handiagoa lortu eta, ondorioz, beste era bateko publiko batenaganaino iristeko aukera balu.

Mahai inguruaren amaieran, entzule baten komentarioari erantzunez, islandiarrek XVII. mendean Euskal Herritik hara joandako arrantzaleei egindako sarraskiari buruzko film bat egitea ez litzatekeela ideia txarra komentatu zuten, txantxa giroan, Berzosak eta Sjionek, eta Berzosak Sharrock proposatu zuen zuzendari lanerako, «neutrala» izango litzatekeela iritzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna