Laneko osasuna. Osalanen datuak

Osalanen arabera, lan istripuak %39,5 jaitsi dira mende hasieratik

Datuen joera beheranzkoa baldin bada ere, 2017. urtean laneko istripuek %5,5 egin zuten gora, eta larriek, %12. Laneko istripuen ia %23 behargina kontratatutako lehen sei hilabeteetan gertatzen dira
Maria Jesus San Jose, erdian, eta Alberto Alonso eskuinean, Osalanen txostenaren aurkezpenean, atzo, Barakaldon.
Maria Jesus San Jose, erdian, eta Alberto Alonso eskuinean, Osalanen txostenaren aurkezpenean, atzo, Barakaldon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko uztailak 19
Zerra hortzen itxura, baina beheranzko joerarekin. Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak irudi hori erabili du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako laneko istripuen bilakaera nolakoa den azaltzeko garaian. Iaz, esaterako, %5,5 egin zuten gora laneko istripuek Osalanen datuen arabera, baina 2000. urteaz geroztik %39,5 jaitsi dira. Datu zehatzetara ekarrita, duela hemezortzi urte 55.212 laneko istripu gertatu ziren, in itinere istripuak —lanerako bidean izandako auto istripuak— kontuan hartuta, eta iaz kopuru hori 33.398raino jaitsi zen. Horregatik erabili du zerra hortzaren irudia, gorabehera ugari eduki arren, ezbeharren kopurua behera egiten ari delako. Hori dela eta, balorazio positiboa egin zuen Osalanek atzo, 2017ko txostenaren aurkezpenean, onartu arren «edozein datu dela txarra gai honi buruz hitz egitean».

«Beheranzko joera argia daukate laneko istripuek, baina egia da gaur egun gertatzen diren istripu askok eta askok XIX. mendekoen itxura handia daukatela». Baikortasun mezuaren ostean iritsi zen San Joseren kezka, XXI. mendean oraindik duela bi mendeko istripuen tankerakoak gertatzen baitira. Hau da, erorialdiak, kolpeak, kargen erortzea eta antzekoak zeuzkan buruan sailburuak XIX. mendeko istripuak aipatu zituenean. Baieztapen hori, gainera, bere egin zuen Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusiak, eta nabarmendu zuen lan handia egin behar dela istripu horiek murrizteko.

Kontzientziazioa eta formakuntza beharrezkotzat jo zituen, laneko istripu kopurua txikitzeko; bereziki, gaur egungo lan merkatuan dagoen behin-behinekotasun tasa kontuan hartzen baldin bada. Izan ere, egoera horrek zuzenean eragiten die beharginei. Osalanek emandako datuen arabera, iaz izan ziren laneko istripuen ia %23 laneko lehen hilabeteetan gertatu ziren, zehazki lehen sei hilabeteen barruan. «Datu hori behin-behinekotasunarekin lotzeko datu gehiago beharko genituzke, baina bien arteko lotura nahiko argia dela ematen du», onartu zuen Alonsok. Egoera horri aurre egiteko, lanean hasi berriei formakuntza «sakona» eskaini behar zaiela adierazi zuen.

Lan istripu gehiago

San Joseren arabera, azken urteetako joera beheranzkoa dela nabarmendu arren, egia da joan den urtea gogorra izan zela laneko osasunari dagokionez. 31 langile hil ziren beharrean zeudela izandako ezbeharren eraginez zein in itinere izandako istripuetan, baina 2016an baino %26 gutxiago zirela nabarmendu zuen laneko segurtasuneko agentziak. Baina datu hori da beheranzko joera erakutsi duen bakarra, istripuak, oro har, %5,5 hazi baitziren iaz. Eta istripu larrien kasuan %12koa izan zen gorakada.

Sektoreen artean, bestalde, laneko istripuen intzidentziarik handiena eraikuntzak dauka, 1.000 langileko %85,73k istripuren bat eduki baitzuten iaz. Kopuru hori, gainera, %6,6 handitu da 2016tik.

Laneko istripuek joan den urtean gorakada izan zuten arren, joera horrek lan jarduerak gora egin zuelako izan zela esplikatu zuen Alonsok: %1,6 hazi zen, eta horrez gain, langile gehiago ere beharrean zeuden. Horregatik egin zuen gora ezbeharren kopuruak, haren esanetan. «Iaz 776.000 langile inguru kontratu batekin lanean ari baziren, aurten 793.000 daude: hau da, %3ko hazkunde bat egon da». Datu horrekin aditzera eman zuen akaso urtea amaitzen denerako 2017an baino laneko ezbehar gehiago egon daitezkeela.

Kontuan hartu behar da, gainera, Osalanek ez dituela kontuan hartzen kontingentzia profesionalik ez duten autonomoen intzidentziak. «Autonomoei zera esango nieke, izena eman dezatela, bestela eurek dauzkaten gaixotasun eta istripuak guretzat ez direlako existitzen», adierazi zuen Alonsok.

Laneko gaixotasun gehiago

Lanean istripu gehiago zenbatu zituen Osalanek, baina gaixotasunekin ere beste horrenbeste gertatu zen. Erregistratutako laneko gaixotasunek gora egin zuten, eta, 2017an, 3.080 kasu jakinarazi ziren. Horietatik, ordea, 2.800 hartu ziren laneko gaixotasun gisa.

Gero eta gaixotasun gehiago erregistratzen direla nabarmendu zuen Alonsok. Osakidetzak sortutako erregistroaren garrantzia adierazi zuen, gaixoak eritasun bat baldin badauka aukera daukalako medikuari esateko lanak eragina izan daitekeela. Tresna horri esker azken urteetan laneko gaixotasun gehiago «azaleratzen» direla adierazi zuen Osalaneko zuzendari nagusiak, nahiz eta onartu oraindik lan handia dagoela egiteko.

«Laneko prekaritateak gaixotasuna ezkutatzen laguntzen du»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna