Zezenketak

Zezen plazak, erdi hutsik

Donostiako eta Bilboko zezenketetan ikusle gutxi egon direla ohartarazi dute ikuskizunaren aurkako taldeek, eta ez direla errentagarriak. EH Bilduk kritikatu du Bilbon «galera ekonomikoa» dakarrela

Donostian aurten egindako zezenketa egun bat; atzean, harmailetan hutsune handiak ikusten dira. GORKA ESTRADA / EFE.
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Donostiako eta Bilboko zezen plazakerdi hutsik geratu dira. Chopera enpresak —bi zezen plazak kudeatzen ditu— ez du aurtengo zezenketen balorazio ofizialik egin oraindik, baina zezenketen aurkako taldeek ohartarazi dute inoiz baino sarrera gutxiago saldu direla. Donostiako jaietan bost ikuskizun egin zituzten Illunbeko zezen plazan: batez beste eserlekuen —11.000 dira— heren bat hutsik geratu ziren egunero. Aste Nagusiko lehen igandean eta astelehenean, plazaren bi heren hutsik geratu ziren. Are okerragoak dira Bilboko datuak: Vista Alegre zezen plazan tokien erdia betetzea kosta egin zaie jaietako bederatzi egunetan. Astelehenean, 9.200 saldu gabe geratu ziren: 14.781 eskaini zituzten. Asteartea izan zen jendetsuena; halere, plazaren laurden bat bete gabe geratu zen

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko Bilboko zinegotziak Twitterreko kontuan zabaldu du egunero zezenketara joandakoen zenbaketa; salatu du laugarren urtez jarraian zezen plaza «galera ekonomikoak» izaten ari dela. «Zenbaki gorritan dago, ia milioi erdi euroko galerarekin». BERRIAri azaldu dionez, gainera, diru publikoa erabiltzen da zezenketak ordaindu ahal izateko: «Udalak urtero 40.000 euro jartzen ditu zezenketetarako sarrerak erosteko». Argitu du horietatik 16.800 euro EAJ, PSE eta PPko zinegotzientzako sarreretarako direla.

Udal gobernuak urtero esaten du zezenketek «irabaziak» ematen dituztela. Ibaibarriagak, ordea, salatu du ez dituztela gastu guztiak zenbatzen: «Jakina, irabaziak lortzen dituzte zezenketak egiten diren aste horretan, baina ez da astebeteko kontua. Udalak urte osoan zehar bideratzen du dirua zezen plaza mantentzeko». Beraz, salatu du urte amaieran «galera ekonomikoa» besterik ez duela ekartzen. Urtez urte Vista Alegre plazako ikusle kopurua behera ari dela ikusita, Ibaibarriagak adierazi du ez dela errentagarria: «Gutxi batzuen kapritxoa bilbotar guztiek ordaintzen dute».

Donostian ere kritikak badira.Azken urteotan pil-pilean dago zezenketen auzia, eta eztabaida asko eragin ditu. Donostia Antitaurina Orain taldeko kide Aitor Garinek ez du ulertzen Donostiako Udalak zergatik jarraitzen duen Illunbe zezenketetarako alokatzen; izan ere, gauza jakina da «gehiengoa» horren aurka dagoela. Hala jaso zuen, behintzat, iaz udalak hiritarren pertzepzioari buruz eginiko ikerketa batek: herritarren %71k erantzun zuten ez dutela nahi Illunbe zezenketak egiteko erabiltzea; soilik %18k eman zuten baiezkoa. «Alferrikakoa da azterketa bat egitea, emaitzari kasurik egiten ez badiote», kexatu da Garin. Udalari eskatu dio zezenketak debekatzeko, horretarako eskumena baduela argudiatuta.

Gasteizen, zezenketarik ez

Bigarren urtez jarraian, ez da zezenketarik antolatu aurten Gasteizen. Azken aldiz egin zirenean, 2016an, jaietako hamabi ikuskizunetan ez zen bete Iradier Arena zezen plazako laurden bat ere (%22). Datu horiek ikusita, plaza kudeatzen zuen Coso de Badajoz enpresak uko egin zion hurrengo urtean antolatzeari, administrazioak diru laguntza gehiago emanezean, behintzat. Hain justu, Gasteizko Udalak urtero 30.000 euro bideratzen zituen zezenketetarako. Baina, urte hartan, argia izan zen Gorka Urtaran alkatea: «Udalak ez du euro bakar bat ere jarriko zezenketei eusteko». Babes publikoa kendu zutenetik, ez da enpresarik aurkeztu zezenketak antolatzeko; ez dio inork proiektu horri errentagarritasunik antzeman.

Baliteke bide beretik joatea Bilboko zezen plazaren geroa. Izan ere, aurten aterako dute lehiaketa publikora Vista Alegreren kudeaketa, eta ikusteko dago enpresarik aurkeztuko ote den. Bilboko Udalak jakinarazi du lauzpabost enpresak interesa erakutsi dutela jada. Chopera enpresa izan da azken 60 urteetan Bilboko zezen plaza kudeatzeaz arduratu dena, baina uda bukaeran hitzarmena amaituko zaio. Udalak lehiaketarako aurkeztuko dituen oinarriak eta baldintzak ikusteko zain daude Bilboko zezenketen aurkako taldeak, eskaintza «onargarria» den ala ez baloratzeko.

Ibaibarriagak espero du oraingoan zezen plazaren esleipen prozesua «gardena» izatea; izan ere, adierazi du Choperarekin udalak ez zuela «inolako lege prozesurik bete». Haren esanetan, Gasteizen gertatu bezala, udalak jartzen duen diru publikoa kenduta, zezen plaza kudeatzea ez litzateke errentagarria izango: «Enpresa bakar batentzat ere». Garin iritzi berekoa da, Donostiakoari buruz: «Zezenketak antolatzea errentagarria balitz, honezkero pribatua izango litzateke Illunbeko zezen plaza». Iruñean ere zezenketarik gabeko jaien gaia plazara aterata dago. Aspaldikoak dira zezenketen aurkako taldeen kritikak, eta aurten sanferminen atarian Joseba Asiron alkateak adierazi du gizarteak ekitaldi horien inguruko eztabaida «egin beharra» daukala.

Baionan, itxaropentsu

Datorren ostiraletik larunbatera egingo dute Atlantikoko feria Baionako zezen plazan, denboraldiko zezenketarik «garrantzitsuena». Olivier Baratchart zezen plazako zuzendariak ostiralerako espero du jende gehien: «Zezen eta toreatzaile onak datoz, eta plaza betetzea espero dugu». Baionako jaietan ere zezenketa bat antolatu zuten, uztailaren 29an, eta, Baratcharten hitzetan, «izugarrizko arrakasta» izan zuen: 10.000 eserlekutatik 7.000 inguru bete ziren. Baratchartek onartu du azken lau urteetan zezenzaletasunaren jaitsiera nabaritu dutela. «Konturatu ginenean ikusle gutxiago egongo zirela, bi zezenketa egun kendu genituen, eta, oraingoz, oso ondo funtzionatzen dugu horrela».

Baionako Udalak kudeatzen du zezen plaza, eta, zuzendariaren arabera, helburua ez da dirua irabaztea, «ekintza kultural bat» eskaintzea baizik. Duela hiru urte irabaziak izan zituzten; duela bi, ordea, galerak. Baratchartek esplikatu du «kostuak berdintzea» lortzen ari direla, eta irabaziekin «inbertsioak» egiten dituztela plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.