Ordutegi aldaketak. Europako Batzordearen erabakia

Udako eta neguko ordu aldaketak kentzea proposatuko du Bruselak

Ebazpen legegilea aurkeztuko dute Europako Batasunean. Kontinente osoko 4,6 milioi pertsonak parte hartu dute Bruselak antolatutako kontsultan. Estatuen esku egonen da ordu eremuak ezartzea
Hainbat kuku erloju, Triberg herrian (Alemania), artxiboko irudi batean.
Hainbat kuku erloju, Triberg herrian (Alemania), artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 1
Orratzen dantza eten nahi du Bruselak. Europako Batzordeak proposamen legegilea aurkeztuko du Europako Batasunean, udako eta neguko ordutegien urteroko aldaketa baztertzeko. Egun, energia aurrezteko hartutako neurri bat da, baina hainbat estatu kexu azaldu dira goizean aurreztutakoa gauean gastatzen delako, eta, beraz, proportzioan ez delako ia energiarik aurrezten.

Oraingo erabakiak oinarri bikoitza du: batetik, iragan otsailean Europako Legebiltzarrak onartutako ebazpen bat, «ordu aldaketak osasunean izan ditzakeen kalteez»; eta, bestetik, ebazpen horri segika, 28 estatutuan planteatutako kontsulta.

«Zer duzu nahiago: ordutegi aldaketari eutsi ala kendu?». Hori izan zen uztailaren 4tik abuztuaren 16ra bitartean eginiko kontsultaren galdera nagusia. Behin-behineko datuen arabera, 4,6 milioi pertsonak parte hartu zuten, eta, horietatik, %84k eman zuten ordutegi aldaketa bertan behera uztearen aldeko botoa.

Horrez gainera, martxoko eta urriko ordutegi aldaketarekin izandako esperientzia ebaluatzeko ere eskatu zieten parte hartzaileei, eta, atal horretan ere, alde handiz irabazi zuten ordularia aldatzearen kontrakoek: %76k «negatibo» ala «oso negatibotzat» jotzen dute urtean bitan erlojuetako orratzak mugitzen ibili beharra.

Ordu aldaketa bertan behera uzteko arrazoien artean, hauek nabarmendu zituzten kontsultan parte hartu zutenek: «osasun arazoak», «trafiko istripuen ugaritzea» eta «aurrezte energetikorik eza». Kontsultak, berez, ez du ezertara behartzen, baina parte hartze handiari erreparatuta —eta ordu aldaketaren aurkako iritzia «oso hedatua» dagoela iritzita—, emaitza errespetatuko dutela adierazi dute Europako Batzordeko buruek. «Milioika herritarrek esan dute ez dutela erlojua aldatzen ibili nahi. Haien nahia beteko du Europako Batzordeak», esan zuen atzo erakunde horretako presidente Jean-Claude Junckerrek, elkarrizketa batean.

Hala ere, urteroko ordutegi aldaketa ez da berehalakoan bukatuko. Europako Batzordeko bozeramaile Alexander Wintersteinen arabera, ez dago proposamena aurkezteko data zehatzik ere: «Aldaketa helduko da, baina ez orain. Ez da izanen egun batetik besterako prozesua. Lehenik eta behin, proposamen legegilea aurkezteko egun bat zehaztu beharko du batzordeak; eta hori mahai gainean dugunean, Europako Legebiltzarrak eta Europako Batasuna osatzen duten kideek negoziatu beharko dute nola molda daitekeen egungo araudia». Izan ere, Europako Legebiltzarraz gainera, Europako Kontseiluak ere oniritzia eman beharko dio proposamenari. Hortaz, heldu den urrian ere ordulari guztiak atzeratu beharko dituzte Europako Batasuna osatzen duten 28 estatuetako herritarrek. Orain arte bezala, alegia.

Hiru ordu eremu Europan

Udako ordutegia I. Mundu Gerran ezarri zen lehen aldiz, energia eskasiak bultzatuta. Hala ere, gaur egungo ordu aldaketa 1973. urteko petrolio krisiaren ondorio zuzena da. Urte hartan, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak petrolio blokeoa ezarri zuen, eta, krisiaren aurrean, estatu industrializatuek energia aurrezteko sistema bat ezartzea proposatu zuten. Azken urteetan, baina, eztabaida ugari piztu dira adituen artean, ordua aldatzeak izan ditzakeen onurez. Europako Batzordeak adierazi duenez, gaur egun, bi aukera bakarrik daude: Europa guztian ordu aldaketak kentzea edo denetan mantentzea. Izan ere, nahasteak saiheste aldera, EBko estatu guztietan egun berean egiten da ordutegi aldaketa 1996. urteaz geroztik, GMT [Greenwich Mean Time] ordua ardatz gisa hartuta.

Erresuma Batuko Greenwich behatokian neurtzen den ordua da hori, eta urte osoan berdin mantentzen da. 1884an, GMT ordua erreferentziako ordutegi unibertsala izango zela adostu zen, eta, horren arabera, munduko ordu eremuen banaketa egin zen. Europako Batasunean, hiru ordu eremu nagusi daude: Europa Mendebaldekoa (GMT+0 neguan, eta GMT+1 udan), Europa Erdialdekoa (GMT+1 neguan eta GMT+2 udan) eta Europa Ekialdekoa (GMT+2 neguan eta GMT+3 udan). Europako Batzordearen arabera, estatu bakoitzak erabaki beharko du ordu eremu bat ala bestea erabili nahi duen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna