Euskararen Lege berri baten bidean. Batzordea Nafarroan

Esprinta jotzeko garaia

Euskararen lege berri bat idazteko batzorde bereziak lanari ekin dio berriz Nafarroako Parlamentuan. PSNk ezezkoa eman dio ofizialtasuna ezartzeko aukerari; Geroa Baik «babes handiagoa» eskatu du

Euskarabidea institutuaren agerraldia Euskararen Batzordean, iragan maiatzean. IÑIGO URIZ/FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hasia da atzerako kontaketa. Zortzi bat hilabete falta dira legealdia bukatzeko, eta, bukaera hori heltzearekin batera, agortu eginen da Nafarroako Legebiltzarrak bere buruari eman zion denbora euskararen lege berri bat idazteko. Parlamentariek ez dute lan makala aurretik, legea idazteko propio sortutako batzordeak bi helburu nagusi baititu: egungo zonifikazio linguistikoa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea.

Batzordekideak apirilaren 17an bildu ziren lehen aldiz, eta, udako etenaldiaren ostean, aste honetan heldu diote berriz lanari. Urrian itxiko dute prozesuaren lehen fasea: aditu eta eragile sozialen agerraldiena. Hori bukatuta, baina, azken txanpan sartuko da Euskararen Batzordea. Hortxe espero dituzte desadostasunik handienak, erabaki beharko baitute ofizialtasuna zer den, zeri eraginen dion eta nola aplikatuko den. Hizkuntza eskubideak bermatzeko lasterketan, aurki helduko da esprinta jotzeko garaia. Eta urte amaiera arteko hilabeteak erabakigarriak izanen dira.

Orain arteko bilkurak informazio eta iritzi bilketan oinarritu dira. Lehen asteetan, hizkuntzalari, legelari eta zuzenbidean adituak gonbidatu zituzten —Miguel Izu, Eva Pons, Iñigo Urrutia, Itziar Idiazabal eta Pello Salaburu, besteak beste—, egungo lege esparrutik abiatuta ofizialtasuna lurralde osora hedatzeko baldintzak aztertzeko. Horren ostean, sindikatuen txanda heldu zen: LAB, ELA, Steilas, UGT eta CCOO. Afapna ere gonbidatu zuten batzordera, baina ez zuen parte hartu nahi izan.

Egunotan, euskalgintzako eragileek hitz egin dute parlamentuan zonifikazioari buruz. Iragan asteazkenean, esaterako, «Nafarroako zatiketa linguistikoa bertan behera uzteko» eskatu zuten Sagrario Alemanek eta Andres Iñigok, Euskaltzaindiaren izenean. Haien ostean, Sortzenek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, udaletako euskara teknikariek eta Kontseiluak hartuko dute hitza.

Adituen faseak agerian utzi du, hautatutako formula edozein dela ere, ez dagoela trabarik hizkuntza eskubideak bermatzeko. Foru Hobekuntzaren legea aipatzen dute UPN, PSN eta PPk, horren kontrako argudio gisa, Espainiako Gorteena baita arau hori aldatzeko eskuduntza. Batzordera bildutako aditu gehienek, berriz, kontrakoa adierazi dute; alegia, lege hori aldatu gabe ere berma daitekeela ofizialtasuna. Heldu den urriaren 3rako hitzartu dute azken agerraldia. Orduan hasiko da legebiltzarkideen benetako lana: ados jartzea, eta adostasun hori lege proposamen batean hezurmamitzea.

Orain arte, hiru izan dira zonifikazioa erauzi eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzearen alde agertu diren talde parlamentarioak: Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu. Geroa Baik, ordea, zalantzak agertu ditu asmo hori praktikara eramateak izan ditzakeen zailtasunekin. «Gure koalizioaren borondatea da euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea, baina, horretarako, ezinbestekoak dira gehiengoak», adierazi zuen Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak iragan asteleheneko Mahai eta Eledunen Batzordearen ostean. Laukoak, gaur egun, 26 eserleku ditu parlamentuan; oposizioak, berriz, 24. Martinezen aburuz, baina, alde hori ez da nahikoa: «Gehiengo argi bat balego, ez genuke Euskararen Legea moldatzeko arazorik, baina gustatuko litzaiguke, egun ditugun 26 botoez harago, 33ra iristea».

Hartzaile argia zuen Martinezen mezuak: PSN. Alderdi sozialistaren botoekin, 33ra iritsiko lirateke euskararen lege berri baten aldekoak. PSNk, baina, ez du aukera hori planteatu ere egiten: «Gure alderdiak ez du onartuko euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea. Ez dugu babestuko errealitate soziolinguistikoaren kontra doan moldaketarik», erantzun zion Maria Txibite bozeramaileak.

PSNren ezezkoaren ostean —eta UPNren nahiz PPren boikota ziurtzat emanda—, ofizialtasunaren aldekoek aukera bakarra dute: lauko gobernuari eusten dioten alderdien arteko itun bat, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen euskararen lege berri bat idazteko. Oraingoz, legealdia bukatu aurretik «urratsak egitearen alde» azaldu dira bai EH Bildu, baita Geroa Bai ere. Beste askotan bezala, giltzarria izanen da Ezkerraren jarrera; orain arte, Jose Miguel Nuinen alderdia uzkur azaldu da, baina ez dute aterik itxi nahi izan. «Ofizialtasuna ezartzen badugu, zehaztu beharko dugu nola gauzatuko den: lan deialdietan euskarak izanen duen balorazioa, ezarriko diren baremazioak...», esan zuen Nuinek. Urritik aurrera eztabaidatuko dute hori guztia. Zirt edo zart.

«Borondate kontua da: aukera baliatzeko prest gauden ala ez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.