Katalunia. Gatazka politikoa

Batasunerako ahalegin bat

Auzipetutako diputatuen kargugabetzea parlamentuan bozkatzea adostu dute JxCk eta ERCk. Diputatuen Estatutuaren Batzordeak auziari buruz eginiko txosten bat bozkatuko dute datorren astean parlamentuan. Torrak esan du urrian abiatuko dutela prozesu konstituziogilea

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea —argazkiaren ezkerraldean— eta Josep Costa Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kidea azalpenak ematen, atzo. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hitz gutxirekin gauza asko adierazi zituen atzo Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak, ERC Esquerra Republicanako diputatuak: «Akordio bat beste alternatibarik ez genuen». Alboan zuen Josep Costa Kataluniako Legebiltzarreko lehen presidenteordea, JxC Junts Per Catalunyako parlamentaria. Bi indar independentista nagusiek, Kataluniako Gobernuan bazkide direnek, akordio bat egin dute legebiltzarrak berak bozkatu dezan prozesu subiranistaren harira matxinadagatik auzipetuta dauden diputatuen kargugabetzeaz. Auzi horrek JxCren eta ERCren arteko harremanak gaiztotu zituen duela bi hilabete pasa, baina, bozkatzaile inpendentistek geroz eta maizago eskatu bezala, batasunerako ahalegin bat egin dute bi indar politikoek.

Pablo Llarena prozesu subiranistaren aurkako kausa judizialaren Auztegi Goreneko epaileak joan den uztailaren 10ean eten zien diputatu kargua Carles Puigdemont erbesteratuari, eta Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Jordi Sanchez kartzelatuei. Orduz geroztik ez dute soldatarik kobratzen, nahiz eta diputatu aktari eusten dioten —azkeneko bi hilabeteotan ez dute saiorik egin legebiltzarrean—. JxCk eta ERCk parlamentuaren «subiranotasuna» defendatzera deitu zuten orduan, baina, zortzi egun geroago, parlamentari auzipetuen kargugabetzeez Mahaian bozkatzerakoan, ez ziren ados jarri. JxCkoek Torrent jarri zuen jopuntuan, eta ERCkoek gezurra esatea leporatu zieten.

Parlamentuaren arautegiak dio diputatu bati kargua eteteko bozketa bat behar dela, eta gehiengo osoa. Eta bozketa bat egitea adostu dute JxCk eta ERCk. Diputatuen Estatutuaren Batzordeak auziaz egingo duen txostena bozkatuko dute datorren astean—politika orokorreko osoko bilkura bat egitekoak dira urriaren 2tik 4ra, eta hori hasi aurretik dira txostena bozkatzekoak—. Legebiltzarraren arautegiaren 25. artikuluaren arabera, diputatu bat kargugabetu aurretik txosten bat egin beharra dauka aipatutako batzordeak.

Torrentek eta Costak ez zuten txostenaren edukiaz hitz egin nahi izan; ez dago argi, gainera, diputatu kargugabetuek botoa delegatu ahal izango duten ala ez. Halere, ganberako presidentearen iritziz, hiru printzipio bete beharko lituzke txostenak: «Diputatu bakar batek bere akta ez uztea; abenduaren 21eko gehiengo parlamentarioak ez aldatzea; eta osoko bilkurako akordioen eta bozketen eraginkortasuna errespetatzea». Torrentek, gainera, Gorenaren «esku sartzeak» salatu zituen. «Parlamentuak horiei aurre egiteko obligazioa dauka». Costarentzat, JxCk eta ERCk lortutako akordioak ganberaren «autonomia», duintasuna eta «botere banakaeta» bermatzen ditu. CUPek jakinarazia du diputatu kargugabetuak ordezkatzearen kontra bozkatuko duela.

Ciutadansek, berriz, parlamentuko presidentea mehatxatu du berriro. Jose Maria Espejo-Saavedra Mahaiko bigarren presidenteordeak atzo esan zuenez, hartutako erabakia aldatzeko eskatuko diote Torrenti. Hala egingo ez balu, Ciutadansek«bide penala» hartuko luke atzera. «Harrigarriki, [Carme] Forcadellen estrategia berari jarraitzen ari zaio [Torrent], eta ondorioak onartu beharko ditu». Forcadell legebiltzarreko presidente kargugabetua kartzelan dago, matxinada leporatuta.

Aurrekontuak, CUPekin

Hurrengo «lau urteetarako» gobernu plana aurkeztu zuen Quim Torrak atzo. Generalitateko presidenteak jakinarazi zuenez, «datorren urriaren 15a baino lehen» prozesu konstituziogile bat hasiko du Kataluniako Gobernuaren Presidentetza Kontseilaritzak. «Kataluniako konstituzioaren proiektua izan daitekeenaren oinarriak jarri ahal izateko, beharrezkoa da herritarren ekarpena». Azaldu zuenez, «eztabaidatzeko foro bat» bultzatuko du prozesu konstituziogileak, eta azpimarratu zuen errepublika gauzatzeko asmoz jarraitzen duela berak gidatzen duen gobernuak: «Ez dugu geratu nahi; ezin dugu». Ez zuen, ordea, askoz ere gehiago sakondu Foro Sozial Zibil Konstituziogilearen egitekoan.

Generalitatearen 2019rako aurrekontuak ere izan zituen hizpide: «CUPekin eta Catalunya en Comurekin negoziatuko ditugu». Kontuan hartuta PSOEk autodeterminazio eskubidea ukatzen diola Kataluniari, eta ez dela ari presio egiten kartzelatuen eta erbesteratuen auzian, Torrak, une honetan, ez du asmorik PSCrekin negoziatzeko. «Ezinezkoa da».

Katalan guztientzako «justizia soziala» agindu zuen, eta Espainiako Estatuari eskatu zion berrezar ditzala aurreko legegintzaldian parlamentuak onartu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako lege sozialak. «Bestela berriro onartuko ditugu parlamentuan». Eta, berrezarpenen harira, azpimarratu zuen Puigdemont presidente berrezartzea duela helburu.

Bestalde, Kataluniako Gobernuak eta Espainiako Ogasun Ministerioak akordio bat lortu dute. Horren ondorioz, zorretan Generalitateak Madrili erreklamatzen dizkion 7.600 milioi euroetatik ia 1.500 hurrengo lau urteetan kitatzeko konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuak.

Puigdemont eta Tusk

Puigdemontek azken hilabeteotan Olivier Mouton Belgikako kazetariarekin edukitako solasaldien ondorioa da La crisi catalana. Una oportunitat per a Europa liburua (Kataluniako krisia. Europarentzako aukera bat). Puigdemonten hausnarketetako bat da Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea pertsona egokia litzatekeela Madrilen eta Generalitatearen artean nazioarteko bitartekaritza batean aritzeko. Atzo aurkeztu zuten liburua, Bruselan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.