«Txaparekin jarraituko dut»

Amaitu da Euskaraldia, baina 11 egunean ariketan parte hartu duten askok 'ahobizi' eta 'belarriprest' jarrerak mantendu nahi dituzte. Hizkuntza ohiturak aldatzea eta gogoeta eragitea lortu dute herritarrek

'Ahobizi' eta 'belarriprest' txapak. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ekarri du ilusioa, konplizitatea, eta eragin ditu poz txiki asko. Baina ekarri du, era berean, nekea, ezina, eta eragin ditu gatazka batzuk. Ekarri ditu iruzkinak sare sozialetan eta lantokietan, agur inprobisatuak kalean, ohitura batzuk aldatzea... eta, beste batzuetan, atzera egitea. Ekarri ditu begiradak txapen bila, beroki azpian ezkutatuta edo etxean edukitzearen esperantzaz. Eta, 11 eguneko ariketa soziala amaitzean, ekarri du baikortasuna etorkizunaz mintzatzean: itxaropena.

Bukatu da Euskaraldia. Edo ez. Izan ere, probaren ostean, ahobizi eta belarriprest jarrerekin segitzeko borondatea agertu dute parte hartzaile askok. Haiengana jo du BERRIAk, bizipenen eta irakaspenen bila.

IKER AGINAGA

Barakaldo (Bizkaia), 23 urte

«Ikusi dute serio ari nintzela, eta ingurukoek ere serio hartu dute»

«Hasieratik oso ados egon naiz Euskaraldiaren helburu guztiekin». Barakaldoko hamaikako kidea da Iker Aginaga, ahobizia, eta oso aktiboa; besteak beste, eguneroko bat idatziz sare sozialetan. Eta bere irmotasunak izan du ordaina: «Ohitura asko aldatu ditut. Lagunartean beti gaztelaniaz aritu gara, bikotekidearekin ere bai, ama eta arrebarekin... Baina egun hauetan euskaraz egin dut denekin. Ikusi dute ni serio ari nintzela, eta haiek ere serio hartu dute». Ez du beti lortu, ordea; kexaren bat ere jaso du egunerokoan: «TAOko langileekin ezin izan nuen euskaraz egin. Azpikontratatuta daude, baina udalaren ardura da zerbitzua euskaraz ematea».

Pozik dago Euskaraldiaren emaitzarekin, eta horrela segitu nahi du: «Kapazak garela demostratu dugu, eta pentsatu nahi dut jarraituko dugula. Txapa jantzita edo ez, baina jarrerarekin bai. Nik pentsatuta daukat egun batzuk gehiago jarraitzea txaparekin, jendeak jakin dezan jarrera hori mantenduko dudala. Azken batean, helburua da aldaketak ez izatea soilik behin-behinekoak».

JEANNE ROLANDE DACOUGNA

Donostia, 44 urte

«Euskaraz saiatzeko aukera eman digu askori»

Orain gutxi hasi da euskara ikasten —«oso garestia da»—, baina belarriprest txapa jartzera animatu da Jeanne Rolande Dacougna. «Antigua auzoan bizi naiz, eta inguruko askok hitz egiten du euskaraz». Giro eleaniztunetara ohituta dago, gainera. Etxean bertan du eredua: «Senegalgoa naiz, eta semearekin nire ama hizkuntzan aritzen naiz: mankañ hizkuntzan. Semeak eta senarrak, berriz, euskaraz egiten dute beti; eta nik senarrarekin, gaztelaniaz. Egun hauetan saiatu naiz euskaraz pixka bat gehiago egiten».

Kalean ere hala egin diote lehen hitza. Aitortu du ez duela dena ulertzen, baina jarraitzen saiatu dela: «Nahastuta aritu gara, euskaraz eta gaztelaniaz. Espero dut hemendik aurrera ere jendeak lehen hitza euskaraz esango didala. Nik behintzat euskaltegian jarraituko dut». Datorren urteko Euskaraldiaren zain dago: «Proiektu polita da: euskaraz saiatzeko aukera eman digu jende askori».

ADRIAN PEÑA

Barakaldo (Bizkaia), 29 urte

«Uste nuen elkarrizketa elebidunak arraroak izango zirela, eta ez»

«Esperientzia oso polita» izan da Euskaraldia Adrian Peñarentzat. «Eta aberasgarria», erantsi du, bere herriaz mintzatzean: «Barakaldon ez da euskara asko entzuten, datuen arabera 20.000 euskaldun inguru gauden arren. Honek aitzakia bat eman digu euskara berreskuratzeko».

Ahobizi izan da, eta lortu du lagunarteko ohiturak aldatzea: «Kuadrillan denak gara euskaldunak, eskolan ikasiak, baina gaztelaniaz egiten genuen. Buruan geneukan aldatzea, baina inoiz ez zen momentua ailegatzen, lotsagatik, inertziengatik, hanka sartzeko beldurragatik... Baina, Euskaraldiarekin, ados jarri gara, eta egun hauetan euskaraz hitz egitea lortu dugu: batzuk ahobizi eta besteak belarriprest, gaitasunaren arabera. Denak animatu gara, eta ez gara ibili elkar zuzentzen». Pozik dago elkarrizketa elebidunekin: «Espero baino askoz hobeto joan dira. Uste nuen oso arraroa izango zela, eta ez: normaltasunez aritu gara, eroso».

Gaurtik aurrera «inertzia honekin» segitzea espero du: «Klik bat izan da; ea hamabigarren egunetik aurrera eusten diogun».

AMAIA BERGARA JUANKO

Iruñea, 26 urte

«Txaparik gabekoen artean ere konplizitate begiradak sentitu ditut»

Txapa gutxi ikusi ditu Amaia Bergarak, baina espero baino gehiago: «Bizitza eta lana ez ditut oso eremu euskaldunetan egiten». Euskaraldian aktiboki parte hartu ez dutenei ere erreparatu die: «Txaparik gabekoen artean ere hizkuntza ohituretan aldaketak eta konplizitate begiradak sentitu ditut». Ariketa indibiduala kolektibo bihurtu da: «Gehienetan ez naiz bakarrik sentitu, eta horrek ahaldundu nau. Orain harro egiten dut lehen hitza euskaraz».

Esperientzia desatseginak izan ditu, dena den. Sendian: «Itxuraz, familia euskaltzalea dut, baina egunerokoan hizkuntzatik urruti bizi dira. Gaizki hartu zuten haiekin euskaraz egitea eta txapa jantzita eramatea; ez zuten beharrezkoa ikusten haiekin ere ariketa egitea». Medikuarenean: «Begirada txarrak, iruzkinak... ». Baina buelta eman zion. Lanean: «Lehen egunean nire aurka egin zuten hainbat gaztek orain euskaraz agurtzen naute».

TANIA SIRIANY

Gasteiz, 45 urte

«Txaparekin, identifikatu ahalko naute, eta euskaraz egingo didate»

Astiro mintzatzen da Tania Siriany euskaraz, baina ez du amore eman nahi: «Kostatzen zait, baina garrantzitsua da saiatzea». Belarriprest izan da: «El Salvadorkoa naiz, baina Euskal Herrian bizi naiz, eta euskara da herri honetako hizkuntza. Ikuspegi dekolonialetik, ulertzen dut euskaldunentzat oso garrantzitsua dela beren hizkuntza». Baina kritiko ere aritu da: «Zergatik ez dira ume guztiak D ereduan eskolatzen? Zergatik ez da doakoa euskara ikastea?».

Txapa agerian izanda, lehen hitza euskaraz egiten hasi zaizkio. «Baina gaztelaniaz erantzun diedanean, amore eman dute askok. Ez da erraza, baina gauza txikiekin behintzat ahalegina egin behar da». Belarriprest izaten jarraitu nahi du, agian txapa eta guzti, euskaraz egin diezaioten: «Hala, identifikatu ahal izango naute, eta euskaraz egingo didate lehen hitza. Niretzat, beharrezkoa da, praktikatzeko. Badakit euskaldunentzat ahalegina dela, baina agian halako trantsizio bat behar dugu, bi hizkuntzak aldi berean erabiltzea».

ANER SERTUTXA

Sestao (Bizkaia), 33 urte

«Jendea animatuta ikusten dut, eta ahaldunduta»

Sestaoko kaleetan jende gutxi ikusi du Euskaraldiaren txaparekin Aner Sertutxak, baina igarri du nolabaiteko aldaketa bat. Pintxo-potean, esaterako: «Jende asko ari zen euskaraz, eta ez da ohikoa. Jendea animatuta ikusi dut, eta ahaldunduta; hasieran, urduri, baina giro polita egon da».

Ahobizi izan da, eta euskaraz egindako lehen hitzek erantzun ona jaso dute: «Astelehenean dena egin nuen euskaraz Sestaon: harategian, tabernan... Gainera, harategiko langileak txapa zeraman, eta, sartzen ikusi gintuenean, poza nabaritu genion: 'Azkenean etorri dira batzuk!'. Konplizitateak sortzen dira».

Zalantza du gaurtik aurrerakoaz: «Batzuk itzuliko dira betiko inertziara; sumatzen zaie nekea». Baina balio handia eman dio egindakoari: «Entsegu bat bezalakoa izan da, jendea ohituz joateko, pertsona bat hizkuntza batekin lotzeko joera apurtzeko... Geure burua derrigortu izanak eragin ona izango du».

PAXKALIN ETXANDI

Izpura (Nafarroa Beherea), 52 urte

«Gu ere lerratzen gara frantseserat»

Zailtasun handirik ez du izan Paxkalin Etxandik ahobizi rolari eusteko, bere ingurua euskalduna baita: «Laboraria naiz, ez naiz biziki ibiltzen kalean, eta, etxean, familian euskaraz mintzatzen gara». Baina, batzuetan, inguruan baino gehiago, barruan dago oztopoa: «Gu ere lerratzen gara frantseserat, eta orduan ohartzen gara: 'Erran hori euskaraz'. Euskara erabili egin behar da. Zenbaitzuek egiten dute anitz urrats euskara ikasteko; beraz, inportantea da dakigunok atxikitzea».

Hala, uste du Euskaraldia «tresna interesgarria» izan dela: «Inportantea da lehen urratsa egitea, zerbait bistan eramatea, ikusteko badela aukera euskaraz hasteko eta segitzeko, ahal bada. Klik egiten lagundu du».

MIKEL OLAIZ GARMENDIA

Lasarte-Oria (Gipuzkoa), 32 urte

«'Belarriprest' izan ahal zirenek gertuago sentitu dute egitasmoa orain»

Euskaraldia ez da ariketa berria izan Mikel Olaizentzat. Lasarten, Euskararen Maratoian parte hartu zuen 2016ko udazkenean, 40 egunez. «Deigarria da: gure herrian ahobizien eta belarripresten proportzioa ia bera da. Maratoiak balio izan zigun rolak probatzeko, ikusteko bakoitza zertarako gai zen, eta belarriprest izan zitezkeen horiek gertuago sentitu dute egitasmoa bigarren buelta honetan: giro erdaldunetan, jende batek pentsa dezake ariketa hau ez dela eurentzat, baina maratoian ikusi zuten badutela inplikatzeko modua».

Esperientzia ezaguna izan arren, aldaketa batzuetarako «pizgarria» izan da Euskaraldia. «Etxean, denak gara euskaldunak, baina gurasoek ez dute komunikatzeko erraztasun handirik, eta, erosotasunagatik, gaztelaniaz egin izan dugu. Maratoian, aldaketa egin nuen amarekin, eta gero eutsi egin diogu. Eta, Euskaraldian, ama eta biok ahobizi izan gara, eta aita, belarriprest. Lehen aldiz, etxeko jatorduak euskara hutsean izan dira; hasieran, nirekin bakarrik, baina orain gurasoen arteko elkarrizketa batzuk euskaraz dira». Eraginkortasun hori ikusita, segitu nahi luke: «Eta txapa ez badugu kentzen? Ez dakit fisikoki txapa soinean utzi behar dugun, baina burutik ez genuke kendu behar».

ANE OCEN URTIAGA

Santurtzi (Bizkaia), 21 urte

«Nolabaiteko disoziazioa sentitu dut batzuekin euskaraz egitean»

«Erronka» bat izan da Ane Ocenentzat ahobizi izatea. Santurtzi eta Donostia artean egin ditu azken 11 egunak. Inguru euskalduna duen arren, erlazio batzuetan beti erabili du gaztelania, eta «oso zaila» egin zaio aldatzea: «Lagun batzuekin euskaraz egitean nolabaiteko 'disoziazioa' sentitu dut, hizkuntza 'berri' honetan pertsona horrekiko harremana ezberdina balitz bezala, eta automatikoki gazteleraz egiten nien denbora luzez, zein hizkuntzatan ari nintzen konturatu arte».

Hala ere, elkarrizketa elebidun batzuk izan ditu, eta uste du bide egokia direla: «Konturatu naiz gure hizkuntza uste baino estigmatizatuago dagoela, eta elkarrizketa elebidunei aukera eman behar diegula. Gure inguruko pertsonekiko harremanak euskara peto-petoan ez izan arren, noizean behin euskaraz egin dezakegu». Euskara gehiago erabiltzeko aukera duela ere ohartu da: «Errealitatean posiblea dela ikusi dut, eta prozesuaren amaieran erosoago sentitu naiz. Hala ere, euskara erabiltzea ez da bakarrik aukera bat, ardura bat baizik».

JOSU ARRAIZ

Iruñea, 47 urte

«Auzokoei 'agur' edo 'kaixo' esatea ia-ia arrakasta bat da»

Sentsazio onak eta txarrak, denetarik bildu du Josu Arraizek azken egunotan. Ahobizi izan da, nahiz eta Iruñeko auzo erdaldun batean bizi; lorpen batzuk oso oinarrizkoak direla azaldu du: «Iruñeko leku batzuetan auzokoei 'agur' edo 'kaixo' esatea ia-ia arrakasta bat da: 'hemen nago' esatea bezala». Halere, onartu du zaila egin zaiola jarrera aktibo hori une oro mantentzea: «Batzuetan, ez naiz erne egon. Dendaren batean, ohartu gabe gaztelaniaz eskatu dut, eta dendaria geratu da nire txapari begira; agian, zain zegoen».

Etxean ere pauso batzuk eman ditu. Alabarekin euskaraz mintzatzen da Arraiz, baina emaztearekin, gaztelaniaz. «Nire erronka nagusia zen etxeko giroa euskalduntzea, eta erdizka lortu dugu. Emaztea belarriprest izan da, eta hirurok egon garen bitartean eutsi diogu, baina emazteak eta biok, ez: solasaldi motzak bai, baina elkarrizketa sakonagoetan, kostatu zaigu». D ereduko institutu bateko irakaslea da, eta gaztetxoen artean antzemandako jarrerek ere zapore gazi-gozoa utzi diote: «Antolatuta dauden taldeetatik pixka bat urrun geratu da Euskaraldia, eta ez dute ezer berezirik egin. Baina ikasle ahobiziak gai izan dira gelan eta pasabideetan euskaraz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.