Indarkeria matxista. Sanferminetako erasoa

Sanferminetakoa 'abusua' izan zela berretsi Auzitegi Nagusiak, zatituta

Bederatzi urteko zigorra berretsi diete 2016ko sanferminetako bortxaketagatik akusatuei. Bi epailek boto partikularra eman dute, «larderiaz» aritu zirela frogatuta. Helegiteak jarriko dituzte alde guztiek
Probintzia Auzitegiaren apirileko epaiaren ostean, jendetza bildu zen protestan.
Probintzia Auzitegiaren apirileko epaiaren ostean, jendetza bildu zen protestan. VILLAR LOPEZ / EFE

Ion Orzaiz -

2018ko abenduak 6
Lehengo lepotik burua. Nafarroako Auzitegi Nagusiak eutsi egin dio Probintzia Auzitegiak apirilean jarritako irizpideari: berretsi du 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako bortxaketa ez zela izan sexu erasoa, baizik eta «nagusikeriaz egindako sexu abusua». Hortaz, epaimahaiak atzera bota ditu defentsak nahiz akusazioek jarritako helegite gehienak, eta aurreko auzialdian ezarritako zigor berberak jarri ditu: bederatzi urteko kartzelaldia bakoitzari, 18 urteko emakumeari abusuak egitea leporatuta.

Epaitegiak, bestalde, aintzat hartu du akusazioek jarritako helegiteetako bat; zehazki, intimitatearen aurkako delituari buruzkoa. Akusatuek sakelako telefonoarekin grabatu zuten erasoa, baina, apirileko epaian, auzitegiak ez zuen delitu hori aintzat hartu. Orain, gaia berriz aztertzeko agindu du Auzitegi Nagusiak, eta, oraingo epaia irmoa denean, beste epai bat eman beharko du Probintzia Auzitegiak, intimitatearen aurkako delituaz propio.

Auzia aztertu duten bost magistratuek sinesgarritasuna eman diete biktimaren adierazpenei, «koherenteak izan baitira une oro», eta ondorioztatu dute bost erasotzaileak emakumearen baimenik gabe aritu zirela. Sententziaren arabera, «abantailakeria» erabili zuten akusatuek emakumearekin: «Unearen eta lekuaren inguruabarraz aprobetxatzea; desoreka nabari bat egotea, erabakitzeko gaitasuna mugatzen duena». Baztertu egin dute, ordea, «larderia» erabili zutela, alegia, neska beldurrarazi zutela; azaldu dutenez, larderia gisa hartzeko «objektiboki» antzeman behar da hori, eta berehala gaitz bat sufritzeko mehatxua izan behar du. Epaiaren arabera, beraz, eraso hartan ez zen larderiarik izan, mehatxu espliziturik ez delako ageri egitateetan.

Zigorrari begira, garrantzi handia du larderiak: hori sumatuz gero, sexu erasotzat joko lukete gertatutakoa, eta zigor handiagoak ezarriko. Hori gabe, sexu abusuen delitua egotziko liekete. Eta hala egin du sententzia honek, lehen auzibidekoak bezalaxe.

Boto partikularra

Epaia ez dute aho batez hartu, ordea. Bost epaileetako bik —tartean dago salako presidentea, Joaquin Galve— boto partikularra eman zuten, delituen kalifikazioari erreparatuta. Haien arabera, sanferminetakoa «sexu abusua» ez, «sexu eraso jarraitua» izan zen, eta zigor handiagoa ezarri behar zitzaien akusatuei: hamalau urte eta hiru hilabete.

Bi epaile horiek argudiatu dute erasotzaileek «larderia eta hertsatzea» erabili zituztela, eta emakumeari «segada bat» jarri ziotela: «Giro jakin bat sortu zuten, biktimak uste izan zezan alferrik zela aurkakotasuna agertzea; hala, hertsatze fisikoko egoera bat eragin zuten, edozein pertsona helduk sentituko lukeena». Ohartarazi dute, gainera, «umiliagarria» izan zela larderia hori, kontuan hartuta bi pertsona baino gehiago aritu zirela baten kontra.

Helegitea jarriko dute

Epaiak ez du ia inor konforme utzi, eta helegiteak aurkezteko asmoa agertu dute alde guztiek: bai biktimaren abokatuak, bai bost erasotzaileen abokatuek, bai herri akusazioek —Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak—. Hortaz, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku geratuko da 2016ko sanferminetako bortxaketaren auzia.

«Nafarroako Gobernuak ezin du sententzia honekin bat egin, aurrekoak bezala sexu abusu kalifikazioari eusten baitio», adierazi zuen atzo Maria Solana bozeramaileak. Iruñeko alkate Joseba Asironek nabarmendu zuen «arrakala handia» dagoela justizia erakundeen eta gizartearen artean. Biktimari eta haren senideei elkartasuna adierazi zieten bi erakunde publikoek. Epaia txarretsi dute, halaber, Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu taldeek, eta baita LAB sindikatuak ere.

Ekainetik, bermepean libre dira bost erasotzaileak, baina atzoko epaiak ez du egoera aldatuko. «Inork ez digu neurriotan aldaketarik eskatu, oraingoz», adierazi du Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidenteak. Solanaren eta Asironen arabera, aukera hori aztertzen ari dira Iruñeko Udalaren nahiz Nafarroako Gobernuaren zerbitzu juridikoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna