Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Erantzukizuna besteena baita

Rajoyk deklaratu du Generalitateak eragin zuela U-1eko indarkeria. Nabarmendu du Puigdemonti «argi» utzi ziola burujabetza ezin zela negoziatu. Egoera «salbuespenezkoa» zelako ezarri zuen 155.a

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohia Auzitegi Gorenean deklaratzen, atzo, atzean prozesu subiranistagatik akusatuta daudenak dituela. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Demokrazia aurreratu bat» da Espainia, Mariano Rajoyk atzo Auzitegi Gorenean adierazi zuenez. Espainiako Estatuko autonomia batean, Katalunian, herritarren %70-80 inguruk nahi dute adostutako erreferendum baten bidez konponbidean jarri bi herrialdeen arteko auzi politikoa. Hala zioten inkestek 2017ko irailean, baita duela pare bat hilabete ere. Baina 2011 eta iaz artean «demokrazia aurreratu» horretako gobernuko presidente izan zenak ez zion asmo horri irtenbide demokratiko bat eman nahi izan. «Nik ez ditut negoziatzen ez burujabetza nazionala, ezta legea ez betetzea ere. [...]Espainiako herriak erabakitzen du zer den Espainia, ez autonomia erkidego bateko ordezkariek».

Lekukoen txanda iritsi zen atzoprozesu subiranistaren kontrako epaiketan, eta Rajoyk, denen artean nabarmenenak, azpimarratu zuen Artur Mas eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente izan zirenei «argi» utzi ziela ezin zela konstituzioa urratzen zuen ezer negoziatu; ez behintzat, bera presidente zen bitartean. «Jakitun ziren nik ez nuela Espainiaren batasuna akabatzeko erreferendum bat baimenduko». Rajoyren esanetan, «aspertu» arte «ohartarazi» zien bide horrek ez zuela «inora» eramaten. Atzo esan zuenez, Generalitateko agintariei jakinarazi zien «arriskatzen» ari zirela.

Horren guztiaren ondorioz, Rajoyk Generalitatea bera bihurtu du 2017ko urriaren 1eko galdeketan Espainiako Poliziak erabilitako indarkeriaren erantzule. «Erabakiak hartu izan ez baziren, ez ginateke hemen egongo, eta ez ziren U-1eko gertaerak gertatuko», bota zuen. Ez zuen zerikusirik eduki egun hartarako polizia operatiboan, eta 2001etik 2002ra Espainiako Barne ministro izan zeneko garaiaz gogoratu zen: «Inoiz ez nuen erabaki bat bera ere hartu polizia operatibo bati buruz».

Haren hitzetan, Generalitateak ez zuelako erantzukizunez jokatu ezarri zuen Madrilek 155. artikulua, autonomia bertan behera uzten duena. «Poliziak jazarriak diren egoerak ez dira normalak». Irailean eta urrian Katalunian izan zuten egoera «salbuespenezkoa» zelako aplikatu zuen, «behartuta», PSOEren eta Ciudadanosen oniritziarekin. «Muga-mugako egoeretarako aurreikusitako artikulua da».

Herri akusazioak, Voxek, galdetu zion ea zergatik ez zuen erabaki 116. artikulua ezartzea, salbuespen eta setio egoerak arautzen dituena. «155.a operatiboagoa eta justuagoa zela uste genuen. Setio eta salbuespen egoerek norbanakoen eskubideei eragiten diete. Gobernu bat kargugabetzea zen kontua», justifikatu zuen Espainiako presidente ohiak. «Setio eta salbuespen egoerak aztertu ziren... baina ez genion denbora askorik eskaini horri», gehitu zuen geroago, defentsako abokatuekin hitz egiten hasi zenean.

Voxekoei erantzuten hasi zen—ia bi ordu iraun zuen, guztira, galdeketak—, eta herri akusazioak jakin nahi izan zuen ea Generalitateko kideekin mintzatu zen. Rajoyk erantzun zien baietz, politikan «ohikoa» dela alderdien artean elkarrizketak izatea. Baina nabarmendu nahi izan zuen Masi «lehen bileratik» eman ziola bere asmoen berri. Puigdemonti ere «aurrez aurre, idatziz edo jendaurreko adierazpenen bidez» adierazi zion Espainiako Kongresura joateko, eta «bere posizioa» han defendatzeko.

Fidel Cadena fiskala hasi zenean galderak egiten, Puigdemontek 2017ko urriaren 10ean Kataluniako Parlamentuan egindako eta segituan etendako independentzia aldarrikapena izan zuten hizpide. Rajoyk gogoratu zuen urriaren 11n gutun bat bidali ziola Generalitateko presidente kargugabetuari. Haren esanetan, jakin nahi zuen ea independentzia aldarrikatu zuen bezperako osoko bilkuran. PPko lider ohiaren hitzetan, bi gutun bidali zizkion, bitan erantzun zion presidente kargugabetuak, baina jakin nahi zuena argitu gabe. Horrek bultzatu zuen 155. artikuluaren ezarpena bizkortzera; baita urriaren 27ko aldebakarreko independentzia aldarrikapenak ere. Akusatu gehienek haien deklarazioetan adierazi dutenez, aldarrikapen hark ez zuen balio juridikorik. Rajoyrentzat ez zen «sinbolikoa» izan.

Urkullu eta Ortuzar

Estatuaren abokatuak jakin nahi izan zuen ea Madrilek zergatik ez zuen 2017ko urrian bezala jokatu 2014ko azaroan, Generalitateak galdeketa batera deitu zuenean. «Batak ez zuen bestearekin zerikusirik. [2014ko] Hura ez zen loteslea, nahiz eta ez zen eredugarria izan». Gaineratu zuen orduan ez zela erreferendum legerik onartu, eta ez zela aldebakarreko aldarrikapenik egon. Halere, zazpi urtez Moncloako maizterra izan zenak behin baino gehiagotan esan zuen urriaren 1ean ez zela erreferendumik egon.

Hasieran urduri hasi zen, zenbaitetan zalantza egin zuen, eta kontraesanetan erortzeko zorian egon zen, gainera. Esate baterako, goizeko deklarazioetan esandako zerbait aipatzekotan egon zen—arratsaldean aritu zen Rajoy—, eta horretaz konturatu zen Jordi Pina, defentsen abokatuetako bat. Izan ere, batetik, lekukoak egia esatera behartuta daude; eta, bestetik, ezin dira elkarrekin komunikatu. Erreakzionatu zuen Rajoyk: «Egunkariak irakurtzen ditut; egunkari digitalak».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Madrilen eta Generalitatearen artean «bitartekari» lanak egin zituen galdetu zion Pinak berak. «Ez zen inolako bitartekaririk egon». Katramilatu egin zen Rajoy. «Jende askorekin» hitz egiten zuela erantzun zion. Ea Urkullurekin aurrez aurre bildu zen jakin nahi zuen abokatuak. Presidente ohiak ez zuen argitu. «Batzuekin pertsonalki bildu nintzen, beste batzuekin telefonoz hitz egin nuen... Zaila da gogoratzea», azaldu zuen. «Ortuzarrek ere deitu zidan», gehitu zuen burlaizez. Ondo oroitzen zuen, ordea, Masekin sei aldiz bildu zela, eta Puigdemontekin birritan.

Aurrekonturik gabe

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa izandakoak deklaratu zuen Rajoyren ondoren, eta nabarmendu Generalitateak ez zuela erreferendum bat antolatzeko modurik, haren kontuak Madrilek kontrolatzen baitzituen. «Ez zuen aurrekonturik». Montorok iazko apirilean elkarrizketa batean adierazi zuenez, Generalitateak ez zuen diru publikorik erabili horretarako. Garrantzia kendu nahi izan zion adierazpen horri, eta beste modu batean justifikatu nahi izan zuen akusatuei egozten zaien diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua. «Norbaitek toki publiko bat ireki du legez kanpoko ekintza bat egiteko. Nola ez da bada funtsen erabilera bidegabea egongo?».

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde zenak goizean deklaratu zuen, eta Rajoyren antzera mintzatu zen. Hark ere Generalitateari egotzi zionU-1eko indarkeriaren erantzukizuna: «U-1eko irudiak ez ziren atseginak, baina ez ziren gertatuko giza harresiak egitera deitu izan ez balute».

Politikarien lekukotzekin jarraituko dute gaur Auzitegi Gorenean, eta aurrenekoa deklaratzeko Urkullu izango da (10:00). Haren ondoren deklaratuko dute Gabriel Rufianek (ERC) eta, besteak beste, Ada Colau Bartzelonako alkateak, eta Juan Ignacio Zoido 2017ko irailean Espainiako Barne ministro zenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.