Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

Azken hautagaien dantza

Alderdiek astelehenerako itxi behar dituzte Espainiako bozetarako zerrendak, eta hautagai ugariren izen-abizenak zabaltzeke dituzte oraindik. Itunak dira berritasuna: EH Bildu-ERC eta Navarra Suma

Azken hautagaien dantza.
jon olano
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun

Hilabete pasa falta da Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egiteko, eta indar politikoak zerrendak osatzeko eta zerrendaburuak aurkezteko lanetan ari dira. Bozak aurreratu zitezkeela ikusirik, zenbait alderdik aurrez egin zituzten etxeko lanak, baina gehienak lanean ari dira oraindik zerrendak erabat osatzeko eta kongresura nahiz senatura joan litezkeen hautagaiak zehazteko. Hutsunerik nabarmenenak PPn eta Geroa Bain daude Hego Euskal Herrian; guztiek prest izan beharko dituzte zerrendak astelehenerako, orduan amaitzen baita hautagaitzak aurkezteko epea. Edozein erara, indar politiko nagusiak egoera eta itxaropen aski ezberdinekin aurkeztuko dira bozetara.

EAJ

Legealdia nahasia izan da Espainiako Kongresuan, baina EAJk jakin du surfean egiten itsaso zakarrean ere; izan PPrekin, izan PSOErekin. Probetxua atera die Madrilen dauzkan bost diputatuei, batek zein besteak EAJren giltza ezinbesteko zutela jakinda. Astebetean igaro zen Mariano Rajoyren aurrekontuak onartzetik Rajoy bera gobernutik kanporatzearen aldeko multzora, eta, harrezkero, sintonia nagusi izan da Sabin Etxearen eta Moncloaren artean. Horren erakusle da 1979ko estatutua ia erabat betetze aldera Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak landutako egutegia. Gerri politiko horrek ahalbidetutako emaitzak dira orain EAJk hauteskundeetan saldu nahi duen produktua: zenbat eta EAJ gehiago, orduan eta indar handiago Espainiako Gobernuaren erabakietan eragiteko.

GEROA BAI

2015eko eta 2016ko bozek agerian utzi zituzten Geroa Bairen boto emaileen bi alde. Geroa Bai bigarren indarra izan zen 2015eko maiatzeko foru bozetan, 51.783 boto eskuratuta; handik zazpi hilabetera, berriz, bosgarren indarra izan zen, 30.642 boto jasota. 2016ko ekainean, berriz, 14.289 eskuratu zituen. Fideltasun txikiko botoa da, beraz, hauteskundeen arabera jokatzen duena. Horren aurkia: Nafarroako hauteskundeetan boto baliagarriaren rola joka dezakeela, herritarrek hura identifikatzen badute Navarra Sumari aurre egiteko tresna nagusi gisa; ifrentzua, berriz, hautesleek beste aukera batzuk hobesten dituztela Espainiako Gorteetarako bozetan eta, beraz, ez dela plazarik egokiena Geroa Baik emaitza onak lortzeko.

Datuok ikusita, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria ahaleginetan aritu da Madrilera hautagaitza bateratua aurkezteko, baina, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ezezkoa emanda, bakarrik aurkeztu beharko du, eta zail dauka diputaturen bat eskuratzea. Hautagaitza bateratu hori, ordea, posible izan da senaturako; hor, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indar politikoek 2016ko bozetarako formulari eutsi diote.

EH BILDU

2011n Amaiurrekin zazpi diputatu lortuta eragindako astinaldia errepikatu nahian, EH Bilduk ezohiko aliantza erdietsi du Espainiako bozei begira, ERCrekin akordioa eginda. Asmoa: talde parlamentarioa bermatzea bien artean hamabost diputaturen langara iritsita, Podemosen mesedetan 2015ean eta 2016an galdutako eremua berreskuratzea eta, talde esanguratsu bat lortuta, eragina izatea gehiengoen osaketan. «Bukatu da Europako eta Espainiako Estatuko instituzioetara sigla baten estrategiarekin joateko fase historikoa», esan zuen Arnaldo Otegi koordinatzaileak BERRIAn herenegun.

ELKARREKIN PODEMOS

2015eko eta 2016ko bozetan, Podemos aparretan ibili zen, eta zail izango du orduko emaitzei eustea. Ahal Dugu alderdirik bozkatuena izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Euskal Herrian lortutako 428.185 botoek eta zortzi diputatuek ekarpen esanguratsua egin zieten Unidos Podemosek Espainiako Estatu osoan eskuratutako 71 diputatuei. Beste garai bat zen: PSOE desaktibatuta zegoen ezkerreko oposizio gisa, eta Podemosek herritar askori ilusioa pizteko gaitasuna izan zuen haize berriekin.

Hiru urte geroago, bestelakoa da egoera. Bai Espainiako zuzendaritzan izandako ika-mikek, bai Hego Euskal Herriko lau herrialdetatik hirutako talde parlamentarioen liskarrek, alderdiaren irudia barne gatazkekin lotu dute neurri batean, eta ezein inkestak ez du iragartzen 2015-2016ko emaitzei eutsiko dietenik. Ez dirudi boto erabilgarriaren karta ere eskuan dutenik, PSOEren hilabeteotako gobernuak Sanchez eraman baitu hauteskundeak irabazteko faboritoen lehen lerrora. Aitzitik, aldeko faktore bat da Ahal Dugu-k eta Podemosek Equorekin eta Ezker Anitzarekin nahiz Izquierda Unidarekin osatutako aliantza egonkortu izana, eta maiatzean udaletara zabalduko dutela formula.

PSE-EE - PSN

Konortea galdutako boxeolaria nola, halaxe igaro dute azken hamarkada PSOEk, PSE-EEk eta PSNk; hauteskunde bakoitzean kolpea hartuta, noraezean. 2016an, Hego Euskal Herrian PSE-EEk eta PSNk 2008an lortutako 548.610 botoko zakua 221.580ean geratu zen, lau diputatu eta inoizko emaitzarik kaskarrena erdietsita. Bazirudien Pedro Sanchezek eman zuela eman beharrekoa, 2016ko urrian PSOEko idazkaritza nagusia utzi beharrean egon eta gero. Sanchezek, ordea, ezer erakutsi badu, bizirik irauteko gaitasuna erakutsi du; PSOEko buruzagitza berreskuratu zuen aurrena, hauteskunde primarioak irabazita, eta Espainiako Gobernuko presidentetzara heldu zen gero, 2018ko ekainean Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa onartuta. Ivan Redondo spin doctor eta kabineteburu donostiarraren aholkularitzapean, Espainiako zentro-ezkerra mobilizatzeko moduko agenda bat ezarri du hilabeteotan: ostiral sozialak, Francoren mamua... Zerraldo politikoa zena berpiztu egin da, eta, PP eskuinera mugituta, zentro osoa dauka irabazteko. Hilabeterik zailenetan gertu izan zituenak kongresuan ere gertu nahi ditu Sanchezek; horregatik doaz Hegoaldean zerrendaburu Odon Elorza, Santos Cerdan eta Isabel Zelaa, Patxi Lopezez gain. Hego Euskal Herriko sozialistek ezin izan zuten PSOEren odolustea itxi, baina, zauria sendabidean jarrita, Madrilgo aparrez balia daitezke datozen bi hitzorduetan.

UPN

Eskuin unionista komenentziazko ezkontza bat eginda aurkeztuko da Nafarroan, Navarra Suma izenpean. Espainiako Gorteetarako hauteskundeez harago, Nafarroaren lau urteko etorkizun politikoa dago jokoan maiatzaren 26an, eta aldagai hori gabe ezin da ulertu UPNk, Ciudadanosek eta PPk bi hauteskunde hitzorduei begira egin duten hitzarmena. UPNk Nafarroan duen boto nagusitasunaz baliatzea komeni zaio PPri Espainian, eta UPNk, berriz, ezinbesteko du eskuin unionistarenak izan daitezkeen botoak ez sakabanatzea eta mobilizatzea. Beharrak sortutako aliantza.

PP

Izan ere, PPk aliatu posible guztien beharra izango du Madrilen gobernua osatzeko moduko gehiengo bat eskuratu nahi badu. Rajoyren aroa atzean utzita, Pablo Casadoren zuzendaritzapeko PPk eskuinera egin du, Ciudadanosera eta Voxera joandako boto emaileak berreskuratzeko edo ihesa eteteko. Nafarroan, bermatua du UPNren babesa, harekin hitzarmena egin baitu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Casadok ezusteko mugimenduak egin ditu zerrendetan, alderdiko lehen lerroetan ez zeuden izen-abizenak sustatuz eta, beraz, harekiko konpromiso pertsonala izan lezaketen sektoreak indartuz. Keinu horren adierazgarri da Iñigo Arkauz Donostiako zinegotzi izandakoa Gipuzkoako zerrendaburu jarri izana, alderdiaren Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendaritzarekin adostu gabe. Maria San Gilen sokakoa da Arkauz, kritikoa Borja Senper alderdiko Gipuzkoako presidente eta Donostiako alkategaiarekin. Ikusteko dago, ordea, Arkauz kongresura helduko ote den, 2016an PPk ez baitzuen ordezkaririk lortu Gipuzkoan. Casadok antzeko jokaldia egin du Bizkaian ere, 1980ko hamarkadaz geroztik ordezkaritza karguetan egon den Leopoldo Barreda zerrendaren lehen postutik kendu eta Beatriz Alvarez Fanjul gaztea jarrita. PPk ziurra du diputatua Araban —Javier Maroto izango da zerrendaburu—, baina, EiTBk joan den astean argitaratutako inkestak esandakoa betez gero, diputaturik gabe gera liteke Bizkaian, Euskal Autonomia Erkidegoan inoizko emaitzarik okerrena lortuta.

CIUDADANOS

Ciudadanosek Nafarroara mugatu nahi du hiruko akordioa, uko egin baitio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hautagaitza bateratua aurkezteko PPk eginiko proposamenari. Jokoan dauden diputatu guztiak lehiatu nahi dizkio PPri, jakin baitaki popularrena dela Ciudadanosek arrantzan egiteko putzurik emankorrena. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, ikusteko dago bananduta joateak mesede egiten dion. Ciudadanos duela hiruzpalau urte baino antolatuago dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herri eta hiri gehiagotan errotu da, baina, bien arteko indar korrelazioan, PP Espainiako Estatuko lurralde askotan baino indartsuago ageri da Euskal Herrian. Emaitza, apirilaren 28ko iluntzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.