Kaledonia Berria. Hauteskundeak

Mugarriak izateko aukera

Independentzia galdeketaren ondorengo lehen bozak egingo dituzte igandean Kaledonia Berrian. 2020ko erreferendumari begira, independentistek kongresuan gehiengoa lortzea dute helburu

Mugarriak izateko aukera.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Iazko azaroaren 4ko independentzia erreferendumean, Frantziaren parte izateko hautua gailendu zen (%56,7-43,3), baina independentismoak espero baino askoz ere emaitza hobeak lortu zituen. Hitzordu horrek, gainera, agerian utzi zuen Kaledonia Berriko errealitatea: haustura sakona dagoela jatorriz indigenak diren kanak-en eta jatorriz europarrak diren caldoche-en artean, bai politikoki, baita soziologikoki ere. Kanakek independentziaren alde bozkatu zuten, eta caldocheek, aurka, baina independentismoak lortu zuen gazteriaren parte bat mobilizatzea eta indigenak ez diren batzuek ere baiezkoaren alde egitea. Horregatik, independentziaren aldeko alderdiek itxaropen handia dute jarria igandeko hauteskundeetan, egiazko aukerak baitituzte kongresuan lehenengoz gehiengoa lortzeko.

Ganbera horretan ordezkari gehien izateak berebiziko garrantzia du, batez ere datorren legealdian. Iazko galdeketan ezezkoa gailendu zenez, datorren urtean beste erreferendum bat egiteko aukera izango dute, eta igandeko bozetatik aterako den kongresuak egingo du hitzordu hori antolatzeko deia. 2020ko galdeketa horretan ere hautesleek ezezkoaren aldeko apustua egingo balute, 2022an hirugarren erreferenduma egiteko aukera izango lukete; eta hori ere igandeko hitzorduan osatuko den kongresuaren esku legoke. Frantziako Gobernuak eta independentisten ordezkariek 1998an sinaturiko Noumeako Akordioaren arabera, 54 diputatuen herenen babesa nahikoa da horretarako —hemezortzirena—, eta, beraz, ziurtzat jo daiteke datorren urtean bigarren galdeketa egingo dutela. Independentismoak ganbera horretan gehiengoa lortzeak eta beraz gobernuaren kontrola izateak sekulako bultzada emango lioke mugimenduari, eta indar sinboliko handia izango luke bi hitzordu horiei begira.



Azken hauteskundeetako joerak mesede egiten dio independentismoari: 1999ko bozetan, independentziaren aldeko alderdiek 19 diputatu eskuratu zituzten, eta indar loialistek, 35; egun, berriz, independentistek 25 ordezkari dituzte, eta unionistek, 29. Bi aldeen arteko tartea gero eta txikiagoa da, eta igandean independentziaren aldekoek hiru eserlekuko aldaketa behar dute balantza haien aldera mugitzeko.

Helburu horri begira, Hegoaldeko Probintzian zerrenda bateratua aurkeztea erabaki dute alderdi independentistek, 2014an egin bezala; oraingoan, baina, Alderdi Laborista ez dago Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren (FLNKS) zerrendan, gainontzeko alderdiekin dituen desadostasunengatik. Zerrenda bakarra erabaki estrategikoa da: kongresuko 54 diputatuetatik 32 eremu horretatik doaz, eskuin unionistaren gotorlekutik, eta bozetan parte hartzeko eskubidea duten 169.635 boto emaileen %64 probintzia horretan bizi dira. Iazko galdeketan, probintzia horretako herritarren %74,12 agertu ziren independentziaren aurka, baina igandeko hautesle multzoa handiagoa da, eta ikusteko dago horrek zer eragin izango duen emaitzetan.

Kontrara, unionismoak gero eta zailtasun handiagoak ditu fronte bateratu bat osatzeko, eta unionismoaren barne lehia izango da Hegoaldeko Probintziako beste arretagune bat: Kaledoniar Errepublikanoak-ek eta Errepublikanoak Batasuna-MPC indarrek Etorkizuna Konfiantzaz koalizioa osatu dute, Kaledonia Elkarrekin (UC) alderdiari aurrea hartzeko. Sonia Beckes koalizioaren zerrendaburuak bigarren independentzia erreferenduma «ahalik eta azkarren» egiteko asmoa agertu du kanpainan, eta independentistei egotzi die iazko galdeketako emaitzak «garaipen psikologikoak» izan zirela.

Unionismoaren erronka da Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun Uharteetan duen babesa handitzea, independentismoaren bi gotorlekuak baitira. Baina azken hauteskundeek erakutsi dute Frantziaren parte izatearen aldekoek zailtasunak dituztela eremu horietako joerak aldatzeko.

Presidente berria

Ziur dagoen gauza bakarretako bat zera da: Kaledonia Berriak presidente berria izango du. Philippe Germainek iragan apirilaren 11n jakinarazi zuen politika utziko duela, Kaledonia Berriko presidente karguan agintaldi bat egin ostean, eta, ondorioz, UCk Philippe Gomes berreskuratu du, 2009tik 2011ra presidente izandakoa eta alderdiaren sortzailea. Egun Frantziako Asanbleako diputatua da, baina kargu hori uztekoa da; Hegoaldeko Probintziako zerrendaburua da.

Hautesleek ez dituzte zuzenean hautatuko kongresuko diputatuak, euren probintziako biltzarraren ordezkariak baizik. Hala, ganbera horien osaketak finkatuko du kongresuarena: Iparraldeko Probintziako Biltzarrak 15 diputatu bidaliko ditu; hegoaldekoak, 32; eta uharteetakoak, 7.

Igandeko bozetan 25 zerrenda lehiatuko dira, eta botoen %5eko langa gainditu beharko dute probintzietako asanbleetan sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.