Greziako hauteskundeak. Syrizaren agintaldia

Ziklo baten amaiera, ate joka

Inkestek aurreikusi dute Syrizak boterea galduko duela bihar Greziako bozetan. Bizi baldintzen aurrerapauso eskasek eta agintaldiko gatazkek eragin dute babes galera

Ziklo baten amaiera, ate joka.
ander perez zala
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
John Milios «sentimendu kontrajarriez» aritzen da 2015. urtea oroitzean. Syrizaren komite zentraleko kidea zen, eta ekonomia aholkularia ere bai: «Alde batetik, dezepzioa sentitu nuen, Alexis Tsiprasen [lehen ministroaren] inguruko alderdiaren lidergoa Grezian agintzen zuen klasearekin eta Europako eliteekin konprometitu zelako. Bestetik, itxaropen bat nuen: mobilizazio jendetsuak berriz ere hasiko zirela, eta horrek eragingo zuela alderdiak eta gizarteak ezkerreko estrategietara biratzea. Halere, nahiko ezkorra nintzen».

Lau urte pasatu dira harrezkeroztik, eta, biharko bozei begira Syrizaren agintaldiaz galdetuta, Miliosek gogor erantzun du: «Konpromiso horrek hautesleen parte handi bat konbentzitu du: ezinezkoa dela egungo kapitalismo globalizatuan muturreko norabide aldaketa bat egitea. Alderdiak [Erresuma Batuko lehen ministro ohi] Margaret Thatcherren Ez dago alternatibarik leloa zuritu zuen, eta ezkerra bere osotasunean belztu. Horrek, batetik, eragin du hautesleen parte batek eskuinera jotzea, eta, bestetik, ezkerreko eta erradikalizaturiko boto emaile asko bozkatzetik kanpo geratzea».

Nikolaos Zahariadis politologoa ere aldaketa faltari begira jarri da. Haren iritziz, lau urteotan alderdiakplan bat izan du egoera ekonomikoari aurre egiteko, baina hutsegite bat izan du: «Erreskate plan bat zegoen, diru sarrerak handitzeko, gastuak handitzeko... Alde horretatik, bazegoen plan bat. Arazoa zera da: erreskatea indarrean jarri zutela jakin gabe zeintzuk izango ziren epe luzera begirako ondorioak. Hori da arazoa, eta horregatik gal lezake Syrizak boterea».

Tsiprasen alderdiak lau urtean banaturiko bi agintaldi egin ditu boterean, 2015eko bi hauteskunde orokorrak irabazi ostean. Itxaropena eta aldaketa irudikatu zuen urte hartako lehen aldian, eta ideia horiei eustea lortu zuen bigarrenean. Halere, garaipen gazi-gozoa izan zen: Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) osaturiko troikarekin izandako negoziazioek bidea itxi zioten austeritatearen kontrako programa indarrean jartzeari, eta, gainera, lehen ministroak ez zuen errespetatu 2015eko uztaileko erreferendumaren emaitza —herritarren %61 hirugarren erreskatearen aurka agertu ziren—. Syrizak goia jo zuen urte hartako urtarrilean, 2.245.978 boto eta parlamentuko 300 diputatuetatik 149 jasota.

Iragan maiatzaren 26ko bozetan, elektoralki goia jo eta lau urtera, herritarrek Syriza zigortu egin zuten. Europako Parlamenturako bozetan aurreikuspenik okerrenak gainditu zituen: Demokrazia Berria (ND) eskuineko alderdia hamar puntuko aldeaz gailendu zitzaion Tsiprasen alderdiari, eta egun berean egin zituzten udal eta eskualde hauteskundeetan galera ere agerikoa izan zen. Hamahiru eskualdeetako bakar natean ere ez du gobernatzen, horietako hamabitan eskuinak irabazi baitzuen, eta azkenak Greziako Alderdi Komunistaren (KKE) gotorleku izaten jarraitzen baitu. Hiri askotan ere ez zuen lortu oposizioko alderdia izatea.

Hortaz, Tsiprasek udazkenean egitekoak ziren hauteskunde orokorrak aurreratzea erabaki zuen, boto galera txikitzeko asmoz.

Bizi baldintzak

Hala ere, inkesta guztiek Syrizaren porrota eta NDren garaipena aurreikusi dute biharko hitzordurako. Milios eta Zahariadis bat datoz: Grezia ziklo baten amaieraren atarian dago, krisia piztu eta hamar bat urtera.

Zergatik gerta daiteke hori? Alderdiaren korronte bakoitzak interpretazio ezberdinak egin ditu. Kritikoena Euklides Tsakalotos jarduneko Finantza ministroa izan da, austeritate neurriekin lotu baitu babes galera; ez da iritzi berekoa Nikos Pappas jarduneko Telekomunikazio ministroa eta Tsiprasen aliatua, argudiatu baitu abstentzioaren ondorio izan direla emaitzok —%41,24koa izan zen—. Eta, azkenik, «memoriarik gabe» bozkatzea egotzi zien hautesleei Dimitrios Papadimulis eurodiputatuak, agintaldian egindako lanari erreferentzia eginez.

2015eko iraileko bozak irabazi ostean, Syrizak kontrako testuinguru baten aurrean ikusi zuen bere burua. Murrizketaz eta austeritatez beteriko hirugarren erreskatea onartuta —86.000 milioi euro maileguetan—, bidean geratu ziren alderdiak egindako promes gehienak, eta memorandumaren aurka zeuden 29 diputatuk alderdia utzi zuten, Herri Batasuna sortzeko.

Testuinguru horretan, Tsiprasek murrizketetan oinarrituriko neurriak sustatu behar izan zituen, betiere horien eragina ahalik eta gehiena murrizteko asmoz;batez ere, beheko klasekoentzat. Erdiko klasekoek sumatu dute gehien krisiaren eragina, askoren soldatak %40 eta %50 artean murriztu baitituzte. «Zortzi urteren ostean, garai berri bat argitzen ari da, Greziako herritarrek egindako kontzesio zailak justifikatzen dituena», esan zuen Tsiprasek iragan maiatzean, 2,5 milioi pentsiodunek hobariak izango dituztela, eta zerga batzuk ez dituztela ordainduko.

Lau urteotan, ekonomiaren zenbakiek hobera egin dute —adibidez, langabezia tasak behera egin du, 2015eko %25etik iazko %19,1era—, baina herritarren egoerak ez du bide bera jarraitu. «Krisitik ateratzen ari direnak klase kapitalista eta bere etekinak dira. Errentagarritasuna igo egin da eta BPGa [barne produktu gordina] handitu da, baina langile klasearen, pentsiodunen eta autonomoen bizi baldintzak 2009an baino %70 beherago daude. Errentaren eta boterearen birbanaketa bat dago kapitalaren mesederako, eta aberastasuna esku gutxiagotan geratzen ari da», dio Miliosek greziarren egoeraz. Tsiprasek iragan urtarrilean igo zuen gutxieneko soldata lehen aldiz, 586 eurotik 650 eurora; hamarkada batean lehen aldiz egindako igoera izan zen —876koa zen 2008an—. Halere, herritarrentzat egoerak ez du hobera egin: Trading Economics-en arabera, batezbesteko soldata 1.060.45 eurokoa da, eta, Eurostaten arabera, greziarren %34,8 pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan daude.

Egoera hori ikusita, Syrizaren komite zentraleko kide ohiarentzat argi dago gatazka «klase borroka bat» dela, baina uste du Tsipras gustura egon dela «nazioen borroka» gisa aurkeztuta, bultzatu dituen neurrien izaera ezkutatzeko: «Langile klasearen arerioa herrialde barruan zegoen, lan baldintza prekarioak ezarri zituztenak, ongizate estatua eraitsi zutenak... Brusela horien aliatua zen, baina ez egoerak okerrera egitearen arrazoi nagusia».

Iheslariak, suteak eta itunak

Bizi baldintzetan aurrerapauso gutxi ikustearekin batera, gobernuak hiru gertaerari aurre egiteko zailtasunek eragin du Syrizaren oinarriaren parte batek eskuinaren aldeko botoa emateko hautua hartzea.

Batetik, errefuxiatuen harrera. 2015ean milioi bat sartu ziren Europara Greziatik, horietako asko Lesbos irlatik. 2016an joera bera izan zen, eta, testuinguru horretan, Europako Batasunak (EB) akordio bat egin zuen Turkiarekin 2016ko martxoan: Greziara iritsitako iheslariak herrialde horretara kanporatzea adostu zuten, hori eginda Europarako ateak itxiz.

Tsiprasek baiezkoa eman zion itun horri, gainontzeko estatu kideek bezala, eta horren ondorioz Syrizaren oinarriaren beste parte bat galdu zuen. Iaz, gobernuaren arabera, 72.000 ziren herrialdean zeuden errefuxiatuak; Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera, aurtengo ekainerako 79.500 zeuden.

Bestetik, azken urteko bi gertakarik eragin dute haserrea Syrizaren boto emaileengan: iazko uztailean 102 pertsona hil ziren azken hamarkadetan Europan gertatutako sute suntsitzaileenean. Gobernuak hainbat kritika jaso zituen, laguntza mekanismoek «denbora asko» behar izan zutelako suteetara iristeko; eta herritarrek salatu zuten suhiltzaileek agindu okerrak eman zizkietela suteetatik ihes egiteko: «Inflexio puntua izan zen, frogatu zuelako [Syrizak] ez zuela ideiarik ere», uste du Zahariadisek.

Mazedonia zenarekin adosturiko akordioak ere haserre handia eragin du greziarrengan. 1991n Jugoslaviatik banatu zen Mazedoniako Errepublika, baina Greziak ez zion onartu izen hori hartzea, eta, horregatik, nazioarteko hainbat erakundetan—EBn eta NATOn, adibidez— parte hartzeko betoa ezarri zion.Iazko ekainean, baina, bi herrialdeetako gobernuek akordio bat egin zuten errepublikari izena aldatzeko, eta Ipar Mazedonia izena hitzartu zuten.

Mazedonian galdeketa egin zuten ituna baieztatzeko, eta, parte hartzea %36,87koa izan zen arren, Zoran Zaev lehen ministroak «arrakastatsutzat» jo zuen, %91,4k baiezkoa eman zutelako; Greziak eta EBk ere oniritzia eman zuten. «Herritar asko salduta sentitu ziren, uste baitute auzi hori kudeatzeko era ez dela egokia izan. Ez zuten iritzia emateko aukerarik izan. Inkestak ikusten badituzu, gehienak [itunaren] aurka zeuden», dio Zahariadisek.

Politologoak bi ideia zehaztu ditu garai horren amaiera egiaztatzeko: batetik, inkestek Syrizari ematen dioten galera gauzatzea; eta, bestetik, boterera iritsiko den alderdiak politika egiteko era aldatzea. Miliosek argiago du ziklo horren amaiera: «Syriza Greziako testuinguru politikoaren bi poloetako bat izango da. Ez ezker muturreko mugimendu gisa, baizik eta sozialdemokrazia neoliberal berri gisa, Pasok alderdi tradizionala alde batera utzita. Ordena nagusitu da errealitateak jarraitzen du Grezian, eta sozialdemokraziak zeruaren erdia eusten jarraitzen du».

Dena den, badirudi Tsiprasek aurreko bi erreskateak indarrean jartzeaz arduratu ziren Georgios Papandreu sozialdemokrataren eta Antonis Samaras kontserbadorearen bide berari jarraituko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.