Jaurlaritzaren aurrekontuak. Proiektua

Jaurlaritzak 301 milioi gehiago ditu gastatzeko legealdiko azken urtean

Zorrari aurre egiteko bideratutako gastua txikitu izanak eragin du sailen eskura dagoen diru kopurua handitzea. Lehen aldiz aintzat hartu dituzte genero ikuspegia eta klima aldaketaren aurkako neurriak

aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak 301 milioi euro gehiago ditu guztira legealdiko azken urteko aurrekontu politikak garatzeko. Gobernuak onartutako aurrekontu proiektuak jasotzen duenez, sail guztiek gastatzeko izango duten dirua %2,9 handitu da 2019ko proiektuarekin alderatuta. Kopuru osotan, 11.774 milioi euroko gastua kalkulatu du gobernuak datorren urterako; onartuz gero, inoizko handiena litzateke. Hirugarren urtez, defizitik gabeko kontuak dira, lehen biak espero ez zituen diru sarrerak izan zituelako, eta 2020koa Espainiako egonkortasun legeak hala behartuta. Ostiralean eramango du gobernuak aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera, onarpen prozesuari ekiteko.

Iazko proiektuak jasotzen zuena baino hamar milioi txikiagoa da 2020ko aurrekontua, hala ere, diru gutxiago beharko delako zorra amortizatzeko. Izan ere, Jaurlaritzak aurten zorpetzea ia 600 milioi txikituko du, eta, beraz, iaz baino 384 milioi gutxiago bideratuko ditu zorrari aurre egitera: 714 milioi denera. Zerga bilketa onari esker aldundien ekarpena handitu izanak ere 328 milioi gehiago jarriko dituzte eragin du gastu hazkundea handitu izana.

75 milioi Finkatuz-erako

Sailetako antolakuntza kontuan hartuta, ez da aldaketa handirik oro har. Guztiek izango dute diru gehiago gastatzeko, Josu Erkorekak zuzentzen duen Gobernantza Publikoa eta Autogobernu Sailak izan ezik, iazko kopuruari eutsiko baitio. Ehunekotan igoerarik handiena, ordea, Arantxa Tapiaren sailak izango du: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrekontua %11,2ko haziko baita. Tartean, AHTaren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako lanak aurreratzeko maileguek 100,5 milioi hartuko dituzte, eta beste 75 milioi euro bideratuko dituzte euskal enpresen errotzea bermatu nahi duen Finkatuz funtsa hornitzeko.

Kultura eta Hizkuntza politika Sailak 16,2 milioi gehiago izango ditu (+%6,2); Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, berriz, 12,7 milioi (+%5,7). Horrez gain, 1.093 milioi bideratuko dira inbertsio publikora (+%10,2), eta, %5,44 handituko da berrikuntzarako dirua. Proiektuak %2ko soldata igoera aurreikusten du langile publikoen eta goi kargudunen soldatetan, eta 11 milioi euro Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak antolatzeko.

Gastu soziala

Dirutan, igoeraren zatirik handiena Osasun Sailak eramango du: 141 milioi gehiago izango ditu; 3.941,5 milioiko aurrekontua denera (+%3,7). Ehun eurotik 33 doaz Osakidetzara. Hezkuntza Sailak 2.919,2 milioi euro izango ditu, 74 milioi gehiago (+%2,6). Soldatetara joango da diru gehigarriaren zatirik handiena, eta hamar milioi EHUren aurrekontuetara.

Lan eta Gizarte Politiken Saila da zerrendan hirugarrena, 1.030,8 milioiko aurrekontuarekin. Bi milioi gehiago izango ditu sailak 2020an. DBSE diru sarrerak bermatzeko errenta %2 igotzeko asmoa du Jaurlaritzak, baina arlo horretan 2019an baino 20,5 milioi gutxiago erabiliko direla kalkulatu du, errentaren eskatzaileen kopuruak jaisten jarraituko duela uste baitu Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak.

Sailburuak berretsi du hamar eurotik ia zortzi gastu sozialerako direla, baina lau hamarren txikiagoa da 2019ko proiektuarekin alderatuta (%77,5). Hala ere, genero ikuspegia aintzat hartuko dituzte aurrekontuek aurten lehen aldiz: 1.200 milioi euroko isla izango du aurrekontuetan (%10,5), eta beste 540 milioi inguru bideratuko dira klima larrialdiari aurre egiteko. Gobernua osatzen duten alderdiei dagokienez, ehun eurotik lau baino ez dituzte kudeatuko sozialistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.