Kataluniako prozesu subiranista

Tsunamiaren partida

Tsunami Demokratikoak milaka lagun elkartu ditu Bartzelonan. Espainiari «esertzeko eta hitz egiteko» eskatzen zioten txartelak mundu zabalean ikusi dira

Tsunami Demokratikoak banatutako afixek eskubideak, askatasuna eta autodeterminazioa ere eskatzen zuten. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun

Bartzelona eta Real Madril futbol taldeen arteko partidak sortzen duen ikusmina baliatuz, mezu bat helarazi dio munduari Tsunami Demokratikoak. Camp Noutik «elkarrizketa» eta «askatasuna» aldarrikatu zuen harmailetan zabaldutako pankarta handien bidez, milaka lagunek eskuetan senyera-ren koloreetako kartel gorriak eta horiak zituztela. Ohikoak diren afixa horiekin tartekatuta, berriz, milaka kartel urdin. Tsunami Demokratikoak mezu zehatz bat helarazi nahi izan zuen horien bidez: Spain, sit and talk (Espainia, eseri eta hitz egin). Behin partida hasita, berriz, dozenaka baloi bota zituzten futbol zelaira, eta horrek partida bi minutuz etetea eragin zuen. Tsunamiaren partida izan zen (ikusi argazki bilduma). Nazioarteko komunikabideetan jaso zituzten irudiak. Herri mugimenduaren arabera, «estatuko eta nazioarteko hedabideen arreta» lortu zuten ekintzarekin, nahiz eta ez zen nahi zuten bezain «handia» izan, «zentsuragatik»: «Jendearen indarra sentitu da mundu osoan».

[YouTube]https://youtu.be/zcuN-__9XZs[/YouTube]

Ekintzak, baina, istiluak ekarri zituen. Mossoak oldartu egin ziren zelaiaren kanpoaldean partidaren proiekzioa ikusteko guneetan bildutako pertsonen aurka. Gutxienez hamabi lagun zauritu zituzten, eta, lerro hauek idazteko orduan, jakinarazi zuten bi lagun atxilotu zituztela. Atsedenaldian gaiztotu zen giroa: herritarrek barrikadak egin zituzten kaleetan, eta mossoak oldartu egin zitzaizkien. Travessera de les Corts kalean izan ziren momentu larrienak: manifestariak sakabanatzeko borrak erabili zituzten mossoek.

Kataluniako prozesu subiranista babesteko eratutako herri mugimenduak partidaren aurretik banatutako oharretan argi adierazi zuen «indarkeriarik gabeko ekintza» zela. Hasi da herritarren partida leloarekin hainbat jarraibide eman zituen, nabarmenduz ekintza gauzatzeko ezinbestekoa zela partida jokatu ahal izatea. Segurtasun indarrei, berriz, zuhurtziaz jokatzeko eskatu zieten, eta profesionaltasuna eta proportzionaltasunez aritzeko.

Poliziaren presentzia

Poliziaren presentzia handia zen goiz-goizetik. Partidaren hasieran bi helikoptero ibili ziren zeruan, eta teilatuetatik ere zelatatu zituzten herritarrak. Segurtasun indarrek miaketa ugari ere egin zituzten. Bartzelona taldeko segurtasun zaindariek, berriz, afixa urdinak kendu zizkieten zelaira sartzen ari ziren hainbat eta hainbat herritarri. Orotara 100.000 afixa banatu zituzten.

Tsunami Demokratikoak irudimena izan du ardatz sorreratik, eta atzoko ere agerian geratu zen hori. Berez, futbol partidaren aurretik hasi zen giroa berotzen. Arratsaldeko lauretarako milaka herritar bildu ziren zelaiaren kanpoaldeko lau tokitan. Pilota puzgarriak dantzan zeuden ordurako. Kataluniako hainbat hedabidek zabaldu zuten ekintzan pilotak erabiliko zituztela. Tsunami Demokratikoak umorez erantzun zion zurrumurruari, eta «ideia ona» zela iritzita bere egin eta pilotak eramateko deia egin zien herritarrei. Poliziaren ustea zen pilota horiek barruan pintura izan zezaketela.

Bada, eskuetan, polizien pilotak irudikatzeko, beltzez pintatutako plastikozko pilota puzgarriak zeramatzaten hainbat herritarrek. Jaurtigaien forma zuten foam bala erraldoiak ere erruz ikus zitezkeen, baita begi itxurako kartelak ere. Erreferendumaren ondoren izandako protestetan poliziek jaurti zituzten balen eta piloten ondorioz begiak galdu dituztenak gogoratu nahi izan zituzten horrela.

Independentziaren alde

Oihuen bidez ere egun horietako gertaera gogorrak ekarri zituzten gogora. «Ez dugu ahazten, ezta barkatzen ere. Urriak 1». Independentziaren aldeko leloak ere tartekatu zituzten, baita politikari presoak askatzearen aldekoak ere. Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariaren dimisioa ere eskatu zuten. Vincençek arratsaldetik egin zuen bat ekinaldiarekin: «Gure etorkizun politikoa erabakitzeko dugun eskubidea defendatzera etorri gara gaurko mobilizaziora».

Camp Nouren inguruan, berriz, hainbat pintaketa zeuden. Independentziaren alde eta askatasunaren alde, kolore horiz margotuta, politikari presoei elkartasuna adierazteko kolorearekin.

Futbol partida hutsean amaitu zen, baina, tsunamiaren partidak jarraituko du «autodeterminazioa, eskubideak eta askatasuna» lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.