Koronabirusa

Positiboak igo dira berriz Nafarroan, eta adi daude Mendillorrira begira

Hegoaldean beste 188 kasu detektatu dituzte. Beherakada nabarmena izan da Gipuzkoan: 20 positibo antzeman dituzte azken orduetan; Nafarroan, berriz, ia bikoiztu egin dira kasuak egun batean

Jendea Bilboko metrotik ateratzen, izurri garaiotan egindako argazkietako batean. LUIS TEJIDO / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusaren oldarraldia ez da baretu Hegoaldean. Alarma egoera kendu zenetik kopururik handienak utzi dituen asteburua izan da iragandakoa: 254 positibo larunbatean eta 165 igandean. Aste hasierako joera ere bide bertsutik doa. Atzo, 188 kasu gehiago jakinarazi zituzten, horietatik 98 Nafarroan. Azken egunetan, Gipuzkoa bereziki gogor astindu badu ere birusak, badirudi kasuak apalduz doazela. Agerraldi ugari sortu ziren iragan astean hainbat herritan, baina pixkanaka kontrolatuz doaz horiek, eta atzoko zenbaketan jaitsiera nabarmena izan zen Gipuzkoan: astelehenean, 63 kasu jakinarazi zituzten, eta atzo, berriz, 20. Halaber, egun batean ia bikoiztu egin dira kasuak Nafarroan. 51 positibo jakinarazi zituzten astelehenean; atzo, berriz, 98.

Agerraldien artean, kezka berezia sortzen ari da egun Mendillorrikoa. Gaueko aisialdiarekin loturiko kasuen multzoa detektatu dute Iruñeko auzo horretan, eta azken 22 kasuekin, 116 dira horrekin lotutako positiboak dagoeneko. Igoeraren harira, neurri bereziak hartzea aztertzen ari dira agintariak. Bizkaian ere gora egin dute kasuek. Atzo 63 positibo jakinarazi zituzten, eta horietatik 13 lotuta daude Ermuan izandako agerraldi batekin. Larunbatean eman zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak Ermuko agerraldiaren berri eta kutsatzeak, batik bat, Eibarko eta Zarauzko (Gipuzkoa) festa giroarekin loturik daudela azaldu zuen. Dozenaka kasu lotu dituzte Ermuko agerraldiarekin. Araban lasaiago dago egoera: bost positibo antzeman dituzte azken orduetan.

Hain zuzen ere, Zarautzen, Eibarren, Getarian eta Tolosan izan dira azken egunetan agerraldi nagusietako batzuk, aisialdi giroari lotuak guztiak ere, baina kontrolpean daudela esan dute osasun agintariek. Zarautzen, selektibitate osteko ospakizunen harira 80 positibo detektatu zituzten asteburuan, eta gainerako herrietako hainbat positibo foku horrekin lotuta egon daitezkeela azaldu du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Astelehenean, beste bi positibo izan ziren herrian; Eibarren, berriz, hamar. Tolosan eta Bergaran, ez da kasu gehiagorik izan azken orduetan.

Era berean, Nafarroako Gobernuak azaldu du Zarauzko kanpin batean izan zen agerraldiarekin loturiko beste kasu bat antzeman dutela, eta, orotara, 11 direla kasu horiekin loturiko kutsatuak. Iragan astean atzeman zituzten bi positibo Talai Mendi kanpinean, eta kanpina itxi zuten segurtasun neurri gisan, PCR probak egin bitartean.

Kasuak haziz doazen arren, kutsatze gehienak gazteen artean izan dira, eta, ondorioz, urriak izan dira ospitaleratzeak. Azken kontaketaren arabera, bost herritar ospitaleratu dituzte Hegoaldean, eta beste bi ZIUn daude. Positibo gehienak gazteen artean izan dira, eta horietako askok eta askok ez dute sintomarik. Horrek zaildu egin du positiboak detektatu ahal izatea. Ondorioz, PCR proba masiboak egin dituzte azken egunetan hainbat herritan. Osakidetzak 3.500 probatik gora egin zituen soilik astelehenean.

Birsorkuntza tasaren (R0) berri ere eman du Jaurlaritzako Osasun Sailak. Birusa duen pertsona batek zenbat kutsa ditzakeen adierazten du ,eta jaitsi egin da asteburutik: 2,27 zen larunbatean, 2, 21 igandean, eta 2,13 astelehenean. Izurriaren kontrol egokirako, 1etik behera eduki behar da, ahal dela, aldagai hori.

Aisialdia jomugan

Agerraldiok kontuan hartuta, agintariek neurriak zorroztu dituzte. Nafarroako Gobernuak astelehenean iragarri zuen 02:00etara aurreratuko zuela tabernak ixteko ordua, eta Eusko Jaurlaritza neurri gehiago hartzeko prest dago egoerak hobera egin ezean. Agerraldiak izan dituzten herrietan, dagoeneko ezarri dituzte murrizketak. Ermuan (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa) 23:30ean itxi beharko dituzte tabernak eta jatetxeak, eta %50eko edukiera izango dute. Gainera, ezingo da barran kontsumitu. Iragan astean, beste hainbat herritan hartu zituzten neurriok: Zarautzen, Tolosan eta Eibarren.

Herriko festen egunak gerturatuz doazen heinean, arduraz jokatzeko dei egin diete herritarrei Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak. Alejandro Toquero alkateak gogorarazi du ez dela festarik izango. Tuteran, koronabirusaren agerraldi bat antzeman zen iragan astean ezkontza batekin lotuta, eta 43 positibo detektatu dituzte, azkena astelehenean. Mikel Garaizabal Abadiñoko (Bizkaia) alkateak ere festarik ez antolatzeko eskatu die gazteei, eta Elorrion zein Bermeon (Bizkaia) bertan behera geratu dira datozen egunetan ospatzekoak ziren jaiak.

Kasuak gizarte zerbitzuetan

Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du sei positibo atzeman dituztela adingabeen harrera zentroetan; beste bederatzi, inklusio sarean, aurreko astean baino hiru gehiago. Adingabeen kasuan, guztiak asintomatikoak dira, edo sintoma oso arinak dituzte. Inklusio sareko positibo berriak Donostian (2) eta Tolosan (1) detektatu dituzte. Zahar etxeetan, ez dago kasurik, baina lau langilek positibo eman dute. Ia 3.000 PCR proba egin dituzte zahar etxeetan eta eguneko egoitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.