AEBetako bozak. Istiluak Kongresuan

Erasotzaileak «etxeko terroristak» izan direla gaitzetsi du Bidenek

Poliziaren arabera, lau lagun hil dira istiluekin lotuta; haietako bat, 35 urteko andre bat. Bidenen eta Harrisen garaipena berretsi du AEBetako Kongresuak. «Trantsizio ordenatua» iragarri du Trumpek

Ezkerretik eskuinera, Guardia Nazionala manifestariak kanporatzen eta Kongresutik bidaltzen. MICHAEL REYNOLDS - WILL OLIVER/ EFE.
Paulo Ostolaza Arantxa Elizegi Egilegor
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hainbat orduko etenaldiaren ostean, atzo amaitu zuten azaroko bozetan aukeratutako konpromisarioen zenbaketa AEBetako Kongresuan, eta garaile izendatu zituzten Joe Biden eta Kamala Harris demokratak: 306 ordezkari lortu zituzten demokratek, eta 232 errepublikanoek. Mike Pence jarduneko presidenteordeak ontzat eman zuen zenbaketa saioaren amaieran. Baina minutu batzuetako prozedura behar lukeena goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen Washingtonen, Donald Trump presidentearen jarraitzaile talde bat Kapitolioan indarrez sartu eta ganberak saioa eten behar izan zuelako. Lehen aldia zen halako zerbait gertatzen zela, eta Biden izan zen gertatutakoaren aurka gogorren egin zuena, erasotzaileak «manifestariak» bainoago «etxeko terroristak» zirela esanez. «Ez zen kritika izan, ez desordena. Ez zen protesta bat izan. Ez deitu manifestariak; kontrolik gabeko jende multzo bat zen, matxinoak, etxeko terroristak». Presidente hautatuarentzat, «AEBen historiako egunik ilunena» izan zen asteazkenekoa. Poliziak izandako jarrera ere kritikatu zuen Bidenek: «Inork ez dit ukatuko erantzuleak Black Lives Matterreko kideak izan balira oso bestela tratatukozituztela. Denok dakigu zein den egia, eta onartezina da».

Gogor salatu zuen gertatutakoa Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak ere, eta Trumpek ez zukeela agintean jarraitu behar ohartarazi zuen. «Hau larria da. Lehen mailako larrialdia», esan zuen buruzagi demokratak.

Bezperan manifestariak oldartu zituen estatuburuari ez zitzaion emaitzak onartu beste aukerarik geratu, batez ere Pencek haiek berretsi ostean. Baina, Trumpek «trantsizio ordenatua» bermatuko zuela iragarri bazuen ere, zehaztu zuen ez datorrela bat azaroko bozen emaitzekin, eta «Amerika handi egiteko borrokan» jarraituko duela: «Hauteskundeen emaitzekin ados ez nagoen arren, eta egitateek nire hitzak frogatu badituzte ere, trantsizio ordenatu bat bermatuko dut urtarrilaren 20an. Hasieratik esan dut legezko botoak bakarrik zenbatzen zirela bermatu behar genuela», idatzi zuen estatuburuak bere aholkulari baten Twitter kontuan bere kontua isilarazi egin zuten Twitterrek, Instagramek eta Facebookek, enpresaren arauak urratzea egotzita.

Hildakoak eta atxilotuak

Lerro hauek idazterakoan, biktima bakarra zegoen baieztatua, baina, Washingtongo Poliziaren esanetan, guztira lau dira istiluekin lotuta hildakoak. Hala jakinarazi zuen Robert Contee Poliziaren buruak prentsaurreko batean. Tiroz hil zuten emakume bat, eta, horrez gain, azaldu zuen beste hiru lagun hil zirela larrialdi zerbitzuetan, baina ez zuen zehaztu zein izan ziren heriotzen arrazoiak. Hildako emakumea Trumpen jarraitzaile bat zen, 35 urteko militar ohia, eta Poliziak hil zuen, tiroz, beste hainbat lagunekin batera Kongresura sartzen ahalegindu zenean. San Diegotik joana zen Washingtoneraino buruzagi errepublikanoaren aldeko manifestazioan parte hartzera.

Kapitolioa AEBetako arratsaldeko zazpiak aldera segurtatu zuten, manifestari ia guztiak kanporatu zituztenean. Poliziek negargasa eta flash jaurtigailuak botaz sakabanatu zituzten Trumpen zale batzuk; lekukoen arabera, beste batzuek beren kasa utzi zuten lekua. Senatariak pixkanaka hasi ziren ganberara itzultzen, eta arratsaldeko zortzietan berrekin zioten saioari, Euskal Herriko 02:00etan. Washingtongo udal gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen, eta «euren estatuetara» itzultzeko eskatu hiriburura joandako manifestariei. Euskal Herrian gauerdia zenean sartu zen indarrean Washingtongo Udalak emandako etxeratze agindua, hango 18:00etan. Asteazken gauean ezarritako larrialdi egoera urtarrilaren 21era arte luzatu zuen hiriburuko alkateak, Bidenek eta Harrisek kargua hartu eta hurrengo egunera.

Washingtongo Poliziak adierazi du 68 lagun baino gehiago atxilotu dituztela, eta suzko bost arma atzeman dizkietela. Jeffrey Rosen AEBetako fiskal nagusiak aurreratu zuen haietako hainbati delitu federalak egotziko dizkietela: «Segurtasun indarrek atxiloketekin jarraituko dute datozen egun eta asteetan». Zentzu horretan FBIk informazioa eskatu zien herritarrei istiluetan parte hartu zuten herritarren inguruan.

Guardia Nazionaleko 3.000 kide baino gehiago ere mobilizatu zituzten Kapitolioan, baina ez dago argi hori egitea ote zen Trumpen nahia. Christopher MillerAEBetako Defentsa idazkariak ohar batean jakinarazi zuenez, Guardia Nazionalari Kapitolioan sartzeko baimena ematea Mike Pence presidenteordearekin eta Pelosirekin adostu zuen. Ez zuen, ordea, argitu Trumpek eskatuta hartu ote zuten erabakia.

Etenaldi luzearen ostean, Kongresua lanera itzuli eta botoak zenbatzen amaitu zutenean, Pencek egin zuen ofizial Biden eta Harrisen garaipena. Aurrez, Trumpek presio egin zion Penceri pauso hori eman ez zezan. Baina, Kapitolioko saioa hasi aurretik, Pencek gutun bat igorri zien kongresistei, azalduz ez zuela Bidenen izendapena blokeatuko. Antzeko erabakia hartu zuten beste hainbat senatarik ere. Aste honen hasieran beste 13 senatari errepublikanok iragarri zuten sei estatutako emaitzen aurka egingo zutela bart gaueko botoen zenbaketan, baina Kapitolioan gertatutakoaren ondoren atzera egin zuten. Erabaki horrekin haserre agertu zen Trump. Sare sozialetan idatzi zuenez, «Mike Pencek ez du ausardia izan gure herria eta gure konstituzioa babesteko egin behar zena egiteko».

Hain zuzen ere, Kapitolioan inoizko istilurik larrienak izan eta hurrengo egunean iragarri zuen Bidenek errepublikanoek Auzitegi Gorenetik kanpo utzitako epaile bat izendatuko zuela fiskal nagusiaren kargurako. Barack Obama presidente ohiak izendatu zuen Merrick Garland epailea Gorenerako, baina Alderdi Errepublikanoak betoa jarri zion, Senatuko gehiengoa baliatuta. Izendapenak aurrera egiten badu, Trumpen aurkako balizko akusazioak aztertzea litzateke fiskal nagusiaren eginbeharretako bat hark legealdia amaitu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.