Zergak. Ile apaindegien BEZa

Apaindurarik gabeko haserrea

Estetika zentroetako eta ile apaindegietako langileen haserrea nabaria da. Uste zuten BEZa %21etik %10era jaitsiko zela, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri dio aukera horri. Sektoreak ohartarazi du pandemiak kalte handia eragin diela, eta zerga jaisten ez bada askok itxi egin beharko dutela.

Ile apaindegien manifestazio bat Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
June Romatet Ibarguren.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Ile apaintzaileek guraizeak zorroztu dituzte Espainiako Gobernuaren betoaren aurrean. Hainbat urtez eskatu dute BEZa %21etik %10era jaisteko, haiena funtsezko zerbitzua dela argudiatzen baitute. Aukera gertu ikusi dute, senatuak hori egitea onartu baitzuen, PSOE ez beste taldeen botoekin. Espainiako Gobernuak, ordea, ilusioa moztu die: betoa jarri dio senatuaren erabakiari, ez dagokion prozedura erabiltzeagatik.

Egoera honen oinarria 2012an bilatu behar da. Urte hartako irailean, Espainiako Gobernuak, Mariano Rajoy buru zuela, BEZa igo zuen, Europako Batasunak neurri gogorrak eskatu zizkiolako defizit publikoari aurre egiteko. BEZ arrunta %18tik %21era igo zuen; murriztua, %8tik %10era, eta ordura arte murriztua ordaintzen zuten zerbitzu eta produktu batzuk tasa arrunta ordaintzen hasi ziren: besteak beste, ile apaindegiak eta estetikarekin lotutako beste zerbitzuak.

Hainbat urtez igoera hori bizkar gainean zeramala, COVID-19arekin egoera larritu zaio sektoreari, eta indartu egin du BEZa jaisteko eskaera. Borroka hori fruituak ematera zihoala zirudien: joan den ekainaren 23an, Espainiako Senatuak baiezkoa eman zion 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera BEZa %10era jaisteko zuzenketari. PPk zerga iruzurraren aurkako legeari egindako emendakin baten bidez egin zuten. Gutxi iraun zien pozak. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ziurtatu zuen lege horretan zuzenketa egitea ez zela bidea, hori eginez aurrekontuak aldatuko baitziren. Horregatik, iragarri zuen PSOEk betoa jarriko ziola neurri hori Kongresura iritsitakoan. Hori bai, iragarri zuen ez zutela oztoporik jarriko «bide egokitik eginez gero».

Gorabehera horiek ikusita, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko hainbat elkartek federazio bat osatu dute, eta Madrilen borrokan ari dira. «Ekonomikoki indar handia ez badugu ere, sozialki boterea dugu, funtsezkoak baikara», azaldu du Adolfo Lumbrerasek, Gipuzkoako estetikarien eta ile apaindegien elkarteetako aholkulariak.

Funtsezkoak larrialdian

Ile apaindegiak eta estetika zentroak beharrezkoak direla aldarrikatu du Lumbrerasek, batez ere beren burua zaintzeko laguntza behar dutenentzat. Gainera, konfinamenduaren hasieran, 2020ko martxoan, Espainiako Gobernuak funtsezkotzat hartu zituen, eta irekitzeko baimena izan zuten. Aholkulariak kontatu du bidegabea iruditu zitzaiela babesik gabe lan egitea, eta berehala kendu zietela funtsezkotasuna, baina eskertu zutela haien lana funtsezkotzat ikustea.

Azken urte eta erdia gogorra izan da ile apaindegientzat eta estetika zentroentzat. Askok zailtasunak izan dituzte alokairua ordaintzeko, eta horri laguntza falta gehitu behar zaio. Lumbrerasek esplikatu du konfinamendutik duela hilabete eta erdi inguru arte Eusko Jaurlaritzak ez diela laguntzarik eman, ez zirelako komertzio edo ostalaritzaren parte. «Gasteizen hori aldatzeko borrokatu ondoren, laguntzak ematea lortu genuen», kontatu du.

Hala ere, aldaketarik handiena bezeroengan nabaritu dute. Lehen baino bezero gutxiago izaten dituzte, eta ez zaizkie lehengo maiztasun berarekin joaten. Gainera, oraintsu arte, ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak asko gutxitu dira, eta horrek min handia egin die. Nahiz eta ziur dauden zeremoniak ugarituko direla, ez dute uste egunerokotasuneko zerbitzuak lehenera itzuliko direnik, bezeroen beldurragatik eta, horrez gain, jende asko etxean ilea mozten eta tindatzen hasi delako.

BEZa jaisteko aukera zail ikusten du Lumbrerasek, baina ez du baztertu. Horretarako bidea eman dezake joan den ostiralean PPk senatuan aurkeztutako lege proposamenak, urtarrilaren 1etik aurrera BEZa %10era jaisteko. Javier Maroto ganbera horretako PPko bozeramaileak azaldu zuenez, oraingo honetan gobernuaren betoa ez litzateke onargarria izango, aurtengo aurrekontuetan ez lukeelako eraginik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.