Albistea entzun

ELAren kongresua

«Euskal estatu independente bat» alde bakarrez lortzera deitu du ELAk

«Errepublika burujabe baten» aldeko apustua eginen du sindikatuak, XV. kongresuko txostenean. Jaurlaritzaren «joera errepresiboa» txarretsi dute, eta «kemena» eskatu diete ezkerreko indarrei

<b>Afixa.</b> ELAk azaroaren 24an eta 25ean eginen duen kongresuaren irudia eta leloa aurkeztu zituzten atzo.
Afixa. ELAk azaroaren 24an eta 25ean eginen duen kongresuaren irudia eta leloa aurkeztu zituzten atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza -

2021eko urriak 5

Autonomia estatutuen esparrua «hilda» dagoela eta «euskal estatu independente» baten aldeko urratsak «alde bakarrez» egin behar direla aldarrikatu du ELAk. Atzo azaldu zituzten sindikatuaren helburu estrategikoak, heldu den azaroaren 24an eta 25ean Bilboko Euskalduna jauregian eginen duten XV. kongresuaren aurkezpenean.

Ikusi gehiago: ELAren ponentzia 15. Kongresuan

Kongresu horretan eztabaidatuko duten txostenean jasotako bost ardatzetako bat da Estatu independentearen alde, kultura errepublikanoaren alde izenekoa. Bertan, sindikatuko arduradunek lehentasuntzat jo dute euskal estatu burujabe bat osatzea, eta «errepublika burujabe eta independente baten alde» lan egingo dutela adierazi, «nazio eta klase emantzipaziorako horizonte gisa».

Bestalde, dosierrean argi eta garbi azaltzen dute zein izan beharko litzatekeen hura eskuratzeko bidea: «Alde bakarreko prozesu subiranista soziala». Izan ere, ELAren ustez, azken urteetan argi geratu da Espainiako Gobernua ez dagoela «prest eskuduntzen hobekuntza bat negoziatzeko, are gutxiago gure erabakitzeko eskubidea aitortzeko». Hortaz, sindikatuaren irudiko, geratzen den bide bakarra da «alde bakarreko indar metatzeari ekitea».

Agirian, elkarte sindikalak dio oraingoz ez dagoela «gehiengo instituzional nahikorik» estatus politiko berri bat lortzeko: «Gaur ez daukagu nahikoa indar estatuarekin hausteko, ezta gure aitortza nazionala lortzeko negoziazio politiko bat behartzeko ere». Horregatik uste dute aldebakartasuna dela «abiapuntu errealista eta egingarri bakarra».

Prozesu subiranista hori, beraz, «gutxiengoena» izanen da, ELAren irudiko, «atxikimendu zabalagorik lortu ezean eta beste eragileen posizioa mugiarazi arte». Halaber, izaera «soziala» izan beharko luke: «Alde bakarreko prozesu subiranista sozial batek klaseko bektorea, euskararena, bektore feminista, ekologista, demokratikoa, dekoloniala... bilaka ditzake indarrak metatzeko funtsezko bektore».

Txostenean irakur daitekeenez, «klase herrikoien beharrizanak» aintzat hartzeak «dinamika erakargarri bihur dezake subiranismoa, oinarri sozial zabal eta hedakorrentzat». Izan ere, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren esanetan, «estatu propio eta independente baten aldeko arrazoiak» pilatu egin dira azken urteetan: «Krisi bat pairatzen dugun bakoitzean, autogobernua higatzen da. Estatua etengabeko zentralizazio prozesuan da, eta gero eta argiago erakusten du bere izaera errepresiboa. Arrazoi politikoak, demokratikoak eta kulturalak ditugu estatu propio baten alde egiteko».

ELA bera «autonomismotik» datorrela esan zuen Lakuntzak, «baina, honezkero, pantaila guztiak gainditu ditugu, eta geure buruari galdetu diogu: nora joan nahi dugu?». Galdera horren erantzuna iraganean bainoago egungo errealitatean dagoela uste du: «Herri honen etorkizuna ez dago 1839. urteko foraltasun horretan; herri honen etorkizuna errepublika batek ematen dituen eskubideetan dago».

Subiranistak, geldialdian

Egungo egoerari buruz, ELAren dosierrak dio Euskal Herriko erakunde subiranistak geldialdian daudela «auzi nazionalari dagokionez». Hori paradoxa bat dela aipatu dute, ETAk 2011. urtean ekintza armatua utzi zuenetik «zenbait gertakarik itxaropena piztu baitzuten autogobernu eta erabakitzeko ahalmen handiagoa izateko».

Espainiako eta Frantziako estatuek ordutik izandako jarrera gaitzetsi du sindikatuak, baita Eusko Jaurlaritzak hartu duen joera errepresiboa ere, «bereziki Ertzaintzak gatazka sozial eta laboralei ematen dien tratuari dagokionez».

Indar abertzaleek hauteskundeetan arrakasta izan arren, ELAren ustez nabarmenak dira haietan gertatzen ari diren aldaketa «ideologiko eta programatikoak». Aldaketa nabarmenenak «agintean den nazionalismoan» sumatu ditu sindikatuak, eta gaineratu du EAJrentzat autonomismoa dela gaur-gaurkoz «hipotesi politiko bideragarri bakarra». Hain zuzen, autonomismoa eta neoliberalismoa «txanpon beraren bi aldeak» direla azpimarratzen da agirian.

Kritikak, baina, ez dira horretara mugatzen. Ezkerreko indarrei «kemen handiagoa» eskatu die ELAk, «nazioaren eta klasearen auzian». 2017ko irailean ELAk eta LABek sinatutako Aldebakarreko prozesu subiranista sozial baten alde izeneko agiria aipatzen da dosierrean. ELAren ustez, baina, dokumentu horretan zehaztutako eskaeretatik «oso urrun» geratu da «EH Bilduren jokabide instituzionala».

Zehazki, «Uxue Barkosen gobernua osatzeko ituna, Maria Txibiteren gobernuari egonkortasuna emateko akordioa, Eusko Jaurlaritzari aurrekontuak adosteko egindako proposamenak eta Madrilen Pedro Sanchezen aurrekontuei eta Europako Funtsen Errege Dekretuari emandako babesa» txarretsi dituzte, besteak beste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERND WUESTNECK / EFE

Ekialderako bidaia garestia

Iker Aranburu

Gas eta petrolioaren esportazioek inoiz baino diru sarrera handiagoak eman zizkioten iaz Errusiari, baina EBren zigorrak hasi dira iturri hori ixten. Errusiak erosle berriak aurkitu ditu bere erregaientzat, baina merke salduta.

Gaurtik aurrera, EBk debekatua du Errusiatik gasolioa inportatzea

I. Aranburu

Erreserbak handitu ditu Europak, baina horiek amaitzean gora egin beharko luke prezioak
Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Bizkaiko metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko

Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.