Bosgarrena, eskura

San Juanek ez zion ezusteari tarterik utzi, eta azkarrena izan zen lehen jardunaldian. Riveirak berretsi egin zuen talde ona dela, bigarren eginez, eta gero Orio eta Arraun sailkatu ziren
San Juan, joan den igandean, denbora onena egin izana ospatzen.
San Juan, joan den igandean, denbora onena egin izana ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Berria -

2018ko irailak 9
Tematiak dira San Juaneko batelerak, eta abilak berek egindako lan txarrak azkar iraultzen. Horixe egin zuen aurreko igandean, Kontxako lehen jardunaldian. Sailkatze estropadan gaizki aritu arren, gai izan ziren hiru egun geroago estropada biribila egiteko. Beste askotan bezala. Azkarrenak izan ziren duela astebete, eta garaipen horren bidetik, eskura daukate bandera preziatua. Seinalatua ere izango da lortzen badute, bosgarrena segidan izango bailitzateke.

Lana erruz eta zuzen egin behar izan zuten aurreko igandean. Lehenik eta behin, arraunean txukun jarduteko gai izan ziren, eta, bigarrenik, buruak ez zien kontrako lanik egin. Izan ere, irteera atera orduko aurrea hartzea zen Izaro Lestaio patroitzan eraman zuen taldearen asmoa. Baina eremuaren beste muturretik, lehen kaletik, Riveirak, hasiera bizia eta indartsua jo zuen. Aurretik ere izan ziren galiziarrak une batez, segundo baten aldearekin. Une horietan eutsi zion bereari San Juanek, eta ziabogara parean heldu ziren.

Hori izan zen estropadako uneri erabakigarrietako bat, aurrenekoa. Pasaitarrek traineruari buelta azkar, zuzen eta ondo eman zioten; galiziarrak, berriz, asko zabaldu ziren, eta denbora galdu zuten. Tartetxoa zabaldu zuen San Juanek, eta segituan baliatu zuen bigarren tarte erabakigarria: buelta hartu eta berehala, olatuxka baten aldeko indarrarekin, handitu egin zuen tartea.

Pixkanaka handituz joan zen aldea, eta, azkenean, helmugan, sei, hamar segundo izan ziren bi taldeen artean. Gutxi behar izan zuen Oriok Riveira harrapatzeko, atzetik aurrera eginez 1,10 segundo baino ez baitzituen galdu galiziarrekiko. Garesti ordaindu zuen hasieran izandako galera, lehen txanda hasi eta berehala geratu baitzen atzean. Donostiarrak egin zuen azkena txanda horretan, baina lan ona eginez, San Juanetik 25 segundora.

Bigarren txandako bi taldek soilik hobetu ahal izan zuten Donostiarraren denbora: Arraunek eta Hibaikak. Komeriak izan zituzten donostiarrek lehen luzearen une batean, arraunlari bati arrauna hautsi zitzaiolako. Galdu zituen segundoren batzuk traineruak. Hala ere, estropada buruan segitu, eta aurrena izan zen helmugan. Atzetik sartu zitzaizkion Hibaika, oso lan ona eginez, eta Kontxan debutariak diren Kaiku eta Tolosaldea.

Gaurko, lehen txandan ariko dira bi horiek, Donostiarra eta Hibaikarekin batera. Errenteriarren eta tolosarren artean hamalau segundo pasatxo daude, eta Donostiarra eta Kaiku 0,10 ehunenetan daude bakarrik. Hibaikak ez du aparte Arraun —bigarren txandan joango da—: sei segundora. San Juan, Riveira eta Oriok osatuko dute azkeneko txanda hori.

San Juanek alde ona dauka bandera irabazteko, eta, gainera, bada datu bat nabarmentzekoa: aurreko lau aldietatik hirutan, lehen igandean onena izan zen, eta aurtengoa du bigarrenari atera dion tarte handiena. Iaz, Hibaika sartu zitzaion aurretik, eta, bigarren jardunaldian, itsaso txar-txarrarekin eta erlojupekoan, pasaitarrek laugarren aldiz bereganatu zuten Donostiako Bandera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria