Osakidetzako lan eskaintza. Darponen dimisioa

Oposizioak «behartuta»

Iazko lan eskaintza publikoarekin loturiko iruzurren auziak eragin du Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa. Legebiltzarraren gaitzespen eskaera aurretik dimititu du
Jon Darpon eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko saio batean.
Jon Darpon eta Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko saio batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2019ko martxoak 15
Atzo jakinarazi zuten. Kosta egin zaie, Iñigo Urkulluk gertukoa baitzuen Jon Darpon, «konfiantzazkoa». Baina dimisioa eman du; uztea adostu dute. Osakidetzako mediku espezialisten oposizioetan iruzurra azaleratu zela ia urtebete pasa, eta haren jarduna gaitzesteko mozioa onartzeko atarian. Epaitegietan auzibidea ireki izanak eragin du dimisioa, baita «egoera politikoak» ere: hauteskundeak ate joka daude. Darponek azaldu duenez, erabakia hartzera «behartu» du oposizioak datorren ostegunean bere kargugabetzea eskatzeko aurkeztu duen egitasmoak.

Bilera ugari izan dira azken egunetan, eta atzo eguerdian eman zuten dimisioaren berri. Goizean zabaldu zen zurrumurrua. Darpon ez zen legebiltzarreko bilkurara joan; Urkullu, bai. Lehenengo, Osasun Sailaren oharra iritsi zen komunikabideetara; gero, lehendakariak galderarik gabeko prentsaurreko bat egin zuen. Sailburu ohiaren lana eskertu zuen: «Hutsik gabekoa izan da». «Zaila da berak erakutsi duen baino zintzotasun handiagoa aurkitzea», azpimarratu zuen. Karguan egindako sei urteetako lanaz aritu zen, eta haren ordezkoa izango denaren izena eman zuen. Dimisioaren arrazoiei buruz, berriz, azalpenik ez.

«Garai berri bat»

Aurrera egiteko aukera ugari zituen legebiltzarrean datorren astean bozkatzekoa zuten mozioak, oposizioko taldeak ados baitzeuden. Haiek eta sindikatuek hilabeteak eman dituzte dimisioa eskatzen. Erabakia «berandu» aurkeztu duela salatu zuten atzo.

Carmen Adan fiskalburuak otsailaren 18an epaileei igorritako txostenak bizkortu du dena. Delitu zantzuak topatu ditu iazko maiatzeko oposizioetako azterketetan. Darponen izena ez du aipatu. Hiru mediku jarri ditu susmopean, eta, zeharka bada ere, baita oposizioen sistema ere, eta, beraz, Osakidetzako zuzendaritza.

Bata bestearen atzetik erori dira piezak azken urtean; dimisio bidez denak. Azaroaren 15ean, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak kargua utzi ostean, Urkulluk «garai berri baten hasiera» iragarri zuen, eta esan «konfiantza» beharrezkoa izango zela. «Lehendakariak uzten didan bitartean jarraituko dut», esan zuen Darponek fiskalburuak txostena kaleratu eta astebetera. Azken zortzi hilabeteetan «ausardiaz eta gardentasunez» jokatu duela berretsi zuen atzo.

Oposizioen auziaz gain, Darponek ez du urte lasaia izan. Sindikatuak izan ditu ospitaleen atarietan; lanuzteak eta grebak egin dituzte, murrizketak salatzeko. Hainbat fronte izan ditu irekita: adibidez, zerbitzuak kanporatu edota azpikontratatzeagatik, larrialdi zerbitzuak Bizkaian zentralizatzeko egitasmoagatik eta lehen arretako mediku eta langileen lan baldintzengatik —azken horiek greba egitekoak ziren gaur, baina atzeratu egin dute—. «Darponen kudeaketari esker, herritarren osasun eta ongizate estandarrak nabarmenki hobetu dira», azpimarratu zuen atzo Urkulluk.

Darponengan konfiantza osoa zuen lehendakariak, eta hori erakutsi zion bigarren agintaldirako berriz ere Osasun sailburu izendatu zuenean. Horrek bide eman zion 2020ra arteko Osakidetzako plan estrategikoa garatzeko, eta pisu handiko beste batzuk martxan jartzeko: euskararen erabilera normalizatzeko bigarren plana, ikerketa eta berrikuntzako plan estrategikoa eta zaintza aringarriena, besteak beste.

Inoiz ez bezalakoa

Dimisioa inoiz ez bezalakoa izan da, sailburu batek ez baitu inoiz halakorik egin ikerketa edo auzibide batengatik. Patxi Lopezen (PSE-EE) agintaldian, eragile ugarik Rodolfo Ares Herrizango sailburuarena eskatu zuten , Iñigo Cabacasen heriotzagatik; kargua utzi zuen, baina ez zen izan horregatik.

Denera, hamalau sailburuk eta lehendakari batek —Carlos Garaikoetxeak, 1985ean— utzi dute kargua, gobernua hautsi zelako edota, Aresek bezala, alderdi barruko arduretan aritzeko edo bestelako kargu instituzionalak hartzeko. 1991an, Ardanza lehendakariak EA bota zuen gobernutik, eta, horrekin batera, hiru sailburu. 1998an, PSE-EEk hautsi zuen Ardanzarekin, eta hiru sailburu sozialistek gobernua utzi zuten.

Legebiltzarrak ere eskatu du sailburu batzuk kargugabetzea. Hala gertatu zen 1999an Javier Balza Herrizaingo sailburuaren eta 2003an Anjeles Iztueta Hezkuntzakoaren aurkako zentsura mozioekin, eta 2008an, Miren Azkarate Kultura sailburuaren gaitzespenarekin. Ibarretxe lehendakariak ez zituen aintzat hartu.

Iruzurraren horma Osakidetzan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna