Argentina

Indarkeriaz betetako etxeak

Argentinako diktadura garaian Esma izan zen atxilotze gunerik inportanteena, baina biktimek identifikatu dituzte militarrek bahituta eraman zituzten beste landetxe batzuk ere.

Atxilotuak egon ziren landetxeetako bat, topatu duten azkena, General Pachecon. LA RETAGUARDIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Argentinako diktadura militarraren garaian (1976-1983), Esma Armadaren Mekanika Eskola izan zen herrialdeko atxilotze gune inportanteena. Militarrek han eduki zituzten, bahituta eta atxilotuta, diktaduraren kontrako ustezko 5.000 ekintzaile. Torturatu zituzten, eta horietako asko hil; hainbatek desagertuta daude oraindik ere. Indarkeria zen nagusi. Baina biolentziaz girotutako gune hori ez zen izan militarrek baliatutako toki bakarra, eta baziren halako beste batzuk ere, gerora ezagutu direnak.Atxilotuak ezkutatzeko erabili izan zituzten landetxe horiek, eta hara eraman zituzten nazioarteko begiraleek ikus ez zitzaten, adibidez.

Topatutako azkena General Pacheco hirikoa izan zen: Lugones 3649 etxea. Esmatik bizirik irtetea lortu zuten hiru lagunek identifikatu zuten lekua, duela bi urte:Carlos Lordkipanidsek, Blanca Garcia de Firpok eta Liliana Pellegrinok. Esmako sukurtsalen zirkuituan aurkitutako laugarren etxea da. Erraz ezagutu zuen tokia Lordkipanidsek, ur depositoak han atxikita izan zituzteneko «forma berezi» hura zeukalako oraindik ere: «Hor dago, hor dago! Hori da etxea». La Retaguardia atarian argitaratutako ikerketa batean baieztatu zuten hura zela identifikatzeko falta zen landetxeetako bat, agian azkena. Aurkitu zutenean, salgai zegoen etxea.

Aspalditik zebilen taldea hainbat lagun gatibu izan zituzten toki «klandestino» hori topatu nahian. Victor Basterra atxilotuta egon zen argazkilaria izan zen datuak ematen lehena. Hark adierazi zuen «eraman zituzten landetxeetako bat Pacheco inguruan zegoela». Pistei jarraitu zieten, eta lortu zuten hura lokalizatzea.

Etxe hartan egon ziren militarren artean identifikatu zituzten, besteak beste, Ricardo Miguel Cavallo, Adolfo Donda Tigel eta Fernando Peyon.

Lugones 3649 etxea oraingoz topatutako azkena izan da, baina aurretik ere aurkitu zituzten beste batzuk. Aurrenekoa, Thames eta Panamericanan kokatutakoa. Armadaren etxe bat zen, 1977an zentro klandestino moduan funtzionatu zuena. Ustez, zenbait atxilotu pasatu ziren handik Esma gunera eraman aurretik. Eraikina 1983. urtean eraitsi zuten.

Bigarrena, berriz, EL Silencio irlakoa izan zen, agian ezagunena. Tuyu Pare errekaren gainean dago, Paranako deltan. Ezkutaleku gisa erabili zuten, militarrak egiten ari ziren gehiegikeriak tapatzeko.

Hain zuzen, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak bisita bat egin zuen Esma zentrora 1979ko irailean, tratu txarren hainbat salaketa jaso ondoren, egoera aztertzeko. Horiek horrela, bisita jaso aurretik, militarrek hainbat atxilotu lekualdatzea erabaki zuten, ikuskatzea saihesteko. Bahituek hilabete inguru pasatu zuten han.

40 urte geroago markatu zuten toki hura atxilo eta tortura zentro klandestino moduan, 2019an. Egun plaka bat ikusi ahal da bertan, gertatutakoa salatzeko: «Hemen gizateriaren aurkako delituak egin ziren estatu terrorismoan».

Bizitakoaren kontakizun latzak egin zituzten han atxikita izandako hainbatek. Osvaldo Barros da horietako bat: «Oso espazio txikia zen, eta, batez ere, oso baxua. Ezin ginen zutik jarri, asko jota eseri ahal ginen, guardiak uzten bazigun. Lurrean botata egon behar genuen». Bi etxe zituen lursail batean egon ziren, eta militarrek baldintza ankerretan izan zituzten han atxilotuak; esklabo lanak egitera ere behartu zituzten.

2018ko urrian identifikatu zuten beste landetxe bat, Don Torcuaton. Eraikinak zutik dago egun, nahiz eta hasiera batean botata zegoela uste izan. Esmatik bizirik atera zirenen testigantzen arabera, gutxienez 1976 eta 1979 bitartean funtzionatu zuen. Han egon ziren denbora batez bahituta, besteak beste, Orlando Yorio eta Francisco Jalics apaiz jesuitak.

Atxilotze guneari buruzko laugarren epaiketan identifikatu zuten eraikina, Lordkipanidseren deklarazioen ondotik. Orduan, bila zebiltzan landetxe baten helbide zehatza eman zuen hark: «Don Torcuato herriko Ricchieri Jeneralaren kalean dagoen etxe bat, Camacuarekin izkina egiten duena». Argazkiak ere erakutsi zituen. Antza, toki hori aipatzen dute Yoriok eta Jalicsek 80ko hamarkadan Conadep Pertsonen Desagertzeen Batzorde Nazionalean egindako salaketan, baita Anibal Prado Marinek ere 2013an; aurrez, baina, ez zuten lokalizatu eraikina.

Toki horiek dira, hain zuzen, Esmarekin lotuta funtzionatu zutenak, nahiz eta posible den gehiago izatea.

Esma egun

Atxilotze gunea zenak bestelako eginkizuna du gaur egun, Memoriaren eta Giza Eskubideen Espazioa ireki baitzuten lehenago jendea torturatzen eta hiltzen zen leku berean; 2015. urtean inauguratu zuten.

Espazio horrek biltzen ditu, besteak beste, erakusketa gelak, artxibo bat, eta gobernuaren bulegoak.Bisita gidatuak ere antolatzen dituzte 1976 eta 1938 bitartean han gertatutakoa gogorarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.