Aitor Elexpuru. Berako alkatea

«Kalte egitea kalte egiteagatik: uste dugu hori izan dela helburua»

IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Bera
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Goiti eta beheiti, gelditu gabe daramatza asteburua eta aste hasiera Aitor Elexpuru Berako alkateak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971). Kalteak zenbatzen dabiltza oraino, baina horien jatorria argi du: «Nahita piztu zuten sua, eta ez da onargarria. Jendartea arriskuan jarri du».

Zer moduz joan da asteburua?

Bizia izan da. Dei baten bidez jakin nuen sua zegoela, eta suhiltzaileak abisatuta zeuden ordurako. Gero, 11:00etan deitu zidaten Nafarroako Gobernutik: larrialdi mahaia osatu zutela, eta Maria Txibite presidentea ere han zegoela. Izendatuko zutela bigarren mailako larrialdi egoera, eta baliabideak mugitzen hasiko zirela, militarrei ere laguntza eskatuko zietela... Ordurako ja kontrolaezin zegoen sua, eta egoera larriak bizi izan ziren hasierako ordu haietan. Arratsaldean, pixka bat lasaituz joan zen, egonkortuz, eta, iganderako, Beran lasai zegoen egoera: ja Lesakan zegoen arazo gehiago. Euriarekin baretu zen dena, azkenean.

Salaketa jartzea erabaki zenuten segidan.

Larunbat arratsaldean etorri zen Amparo Lopez Nafarroako Barne Saileko zuzendaria, eta bilera bat egin genuen. Maria Txibite ere etorri zen igandean, eta erran zigun Foruzaingoa ofizioz hasi zela afera ikertzen. Guk erran genion salaketa jartzeko asmoa genuela, Lesaka eta Berako udalen artean.

Kalteak zenbatzeko egunak dituzue. Baduzue guti goiti-beheitikorik?

Beran 350-400 hektarea erre dira. Nafarroako basozainak kalteak ikustera joan dira, eta denetarik dago errea: landaketa berriak—horiek ja galdu ditugu—, bertze landaketa sendoago batzuk, pinudiak, hariztiak... denetarik. Eta gero ja, azienda aldetik, badaude abeltzain batzuk abelburuak galdu dituztenak: ezin dizut datu zehatz bat eman, baina deialdi bat egin dugu kalteak dituztenek horren berri eman dezaten, izan azienda, zerradura, ur sistema... Ikusiko dugu nola kudeatzen dugun dena: aseguruak-eta. Salaketan, kalte ekonomikoak ere sartuko dira. Horretan ari gara: halako gauzak kudeatzen. Abeltzain batzuk ja etorri dira informazio eske: haiek ere ez dakite ziur zer kalte izan dituzten. Badaude zaurituak dauden aziendak ere, eta ez dakite aurrera aterako diren... Egoera gogorrak daude.

Nahita piztua dela uste duzue. Zertan oinarritzen zarete?

Baditugu lekukoak erraten digutenak bi foku izan zirela hasieran: Montoian eta Sarrailan, konexiorik gabe, eta hor hasi zela dena. Gure hipotesia da nahita piztua izan zela. Gero, Foruzaingoak egin beharko du ikerketa, eta frogatu beharko da.

Zer helbururekin piztua?

Ez dugu uste egin dutenik abeltzainen interesen edo norbaitek bere lurrak hobetzearen alde. Horrelakoak entzuten dira, baina ez dugu uste, oso toki malkartsua baita, eta hor ez baitago ez belardirik ez belardi gisa erabil daitekeen tokirik. Kalte egitea kalte egiteagatik: uste dugu hori izan dela helburua. Lehen ere izan ditugu horrelakoak Beran: baditugu aurrekariak, zoritxarrez.

Eta zer diozue horretaz?

Aurkitu beharko da nor izan den, eta ordaindu beharko du egindakoagatik. Ez da onargarria: delitu bat da, jendartea arriskuan jarri duena. Bizitza babestea izan da lehentasuna, eta etxeak babestea. Egoera larria izan dugu: ez genekien zer gertatuko zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.