«Euskaraldia bide baten hasiera da»

Hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoaren lorpenak goratu dituzte sustatzaileek: «Inor gutxik espero zuen onarpena eta jarraipena izan du». Eragin «nabarmena» eduki duela diote

Euskaraldiaren balorazioa egiteko agerraldia, atzo, Donostian, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da, baina hasi soilik egin da. Mezu hori eman dute Euskaraldiaren antolatzaileek: hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala bukatu da aurtengoz, baina datozen urteetan ere antolatuko dituzte gehiago. «Bide baten hasiera» izan baita aurtengoa. Milaka lagunek parte hartu dute Euskaraldian, baina, zenbakietatik harago, eraginari erreparatu diote sustatzaileek. Eragina, batetik, gizartean: «Inor gutxik espero zuen onarpena eta jarraipena izan du». Eragina, bestetik, euskalgintzaren eta instituzioen arteko harremanetan, lankidetzaren arloan: «Hizkuntzaren normalizazioan bide erakusle izan daiteke».

Euskaraldia amaitu eta biharamunean, lankidetza argazkia egin zuten atzo, hain justu, Donostian. Duela urtebete Bilbon batu ziren, Euskaraldia iragartzeko, eta gisa berean eman zioten amaiera atzo, euskalgintzako eta instituzioetako eragileek, batasun irudiarekin.

Erakundeen aldetik, ekitaldian izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Nafarroako Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko eta Euskal Elkargoko kideak. Euskalgintzaren partetik, bertan izan ziren, besteak beste, Euskaltzaleen Topaguneko, Bai Euskarari ziurtagiriko, AEK-ko eta Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak; beste eragile batzuetako arduradunak ere bai. Eta haiekin guztiekin batera, herriz herriko batzordeetan sustatzaile gisara parte hartu duten kideak. Haien jarduna goraipatu zuten bereziki.

Euskaraldia 11 eguneko ariketa izan da, eta, balorazioa egiteko, honako 11 gako hauei heldu diete:

1. MASIBOA

Antolatzaileek nabarmendu dute «aurreikuspen guztiak» gainditu dituela Euskaraldiak. Kontuan hartzeko zenbakiak izan dira: 400 herritan baino gehiagotan eratu dituzte batzordeak, 220.000 lagunek eman dute izena, antolakuntza lanetan milaka lagunek jardun dute boluntario modura herririk herri... «Ez dugu horrelako pareko ariketarik ezagutzen».

Hala ere, kopuruei baino gehiago, eraginari erreparatu nahi diote sustatzaileek: gizartean eduki duen babesari, lortu duen lekuari eta onarpenari. «Parte hartzaileetatik harago izan du eragina».

2. HASIERA

Lehen Euskaraldia izan da aurten. «Bide baten hasiera», antolatzaileen esanetan. Lehen urratsa izanik, helburua zen hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta eragitea eta aldaketa zehatz batzuk lortzea. «Epe ertain edo luzeago batean askoz sakonagoa eta zabalagoa izango den aldaketa bat bultzatzeko lehen urratsa izan da».

3. ALDAKETA

Jendetza bildu du, baina antolatzaileek hasieratik ohartarazi zuten Euskaraldiaren nahia ez zela euskararen alde agertzea, baizik benetako aldaketak egitea. Uste dute oinarria jarri dela: «Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina lehen bultzada honekin, frogatu da bideari ekin diezaiokegula». Ohartarazi dute, hala ere, euskara indarberritzeko gehiago egin behar dela, ez soilik herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea. «Euskaraldiak elementu horietako batean eragiten du, ez guztietan».

4. NEURKETA

Lekukotasun ugari eman dituzte parte hartzaileek egunotan. Aldaketa lortu dute askok, horien arabera: «Herritar askok klika egin du: gogoeta eta portaera aldaketa eragin duen klik bikoitza». Klika izan du hain justu lelotzat datorren urteko Korrikak. Euskaraldiaren mezua ez da isilduko, beraz, datozen hilabeteetan. Areago, Euskaraldiak berak lanean jarraituko du: bizipen horietatik harago, eraginari buruzko ikerketa mamituko dute datozen hilabeteetan. Udan argitaratuko dute.

5. INERTZIAK

Erdararako joera iraultzea du helburu Euskaraldiak. Antolatzaileek nabarmendu dute joera horren «kontziente» izatea dela aldatzeko lehen urratsa. Euskaraldiko rolak baliagarri izan dira horretarako, haien ustez. «Ahobizi eta belarriprest rolak hemen geratzeko etorri dira; portaera horiek ibilbide luzea izango dute». Jendearen ahalegina goraipatu dute.

6. ULERMENA

Euskararen bilakaera soziolinguistikoa aztertuta, nabarmena da ezagutzan egindako aurrerabidea: gero eta jende gehiagok daki euskaraz —erdaraz aiseago egiten dute horietako askok—, eta ulertu ere, gehiagok. Horri balioa ematea izan da Euskaraldiaren ardatzetako bat: euskara ulertzen dutenek, nahiz eta ez hitz egin, erabilerari ekarpena egitea. «Agerian geratu da ulermenak ateak zabaltzen dituela». Parte hartzaileek txapa zeramaten, eta abantaila izan da. «Euskaraz egiteko aukera gehiago aurkitzea eta portaera proaktiboak zabaltzea ekarri du». Txapa jarri duten partaideen artean «konplizitatea» sumatu dute.

7. BIZIPENAK

Bi alde izan ditu hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak: oinarrian, ariketa pertsonala izan da, norbanakoen aldaketa helburu zuena, baina kutsu sozial handia izan du. Esperientzia berria izan da milaka herritarrentzat. «Horietako asko lorpen eta bizipen positiboak izan dira, baina zailtasunak ere egon dira tartean». Denek ez dute lortu inertziak aldatzea, edo ezintasun handiak izan dituzte, edo ahalegin handia eskatu die. Lehena izan da aurtengoa, eta lasaitasuna eskatu dute: «Denbora eta ahalegina eskatzen ditu inertziak apurtzeak eta ohiturak aldatzeak».

8. ELKARLANA

Berritasuna Euskaraldiaren ariketa bera, baina antolatzeko modua ere bai: elkarrekin aritu dira instituzioak eta euskalgintza. Aldaketa handia sumatu da azken bi urteetan, izatez. Lehen argazkia iaz egin zuten, Korrikan, Santiago zubian: kilometroa elkarrekin. Euskaraldia antolatzea izan da argazkiaren ondorengo ekintza bateratua. «Lan dinamika berriak eta sendoak» lortu dituztela azaldu dute, eta aurrera begira ere jarraitu nahi dute sistema horrekin: «Hizkuntzaren normalizazioan bide erakusle izan daiteke».

9. EUSKALGINTZA

Ilusio handia sortu du Euskaraldiak euskalgintzan, eta ehunka herritan osatu dituzte batzordeak, zazpi herrialdeetan. Milaka lagunek osatu dute sarea. Euskalgintzaren indartze hori baliatu nahi dute hemendik aurrera ere: «Tokian tokiko euskalgintza antolatu horrek hurrengo urteetan jarraitzea erronka da guretzat».

10. ENTITATEAK

Aurten norbanakoak izan dira ardatz Euskaraldian, baina entitateek ere izan dute tokia: bat egin dute ariketarekin, eta parte hartzera bultzatu dituzte beren kideak. Atxikimenduaz harago joan nahi dute sustatzaileek, ordea: neurriak nahi dituzte, entitateek jar ditzatela erraztasunak norbanakoek hizkuntza ohiturak aldatzeko. «Hizkuntza portaera horiek babestuko dituzten neurri zehatzak hartzea». Euskaraldiak hori izango du hurrengo jomuga.

11. ETORKIZUNA

Euskaraldia ez da amaitu: datozen urteetan ere egin nahi dute, lan ildo bat izatea nahi baitute. Bi arlotan indar egin nahi dute horretarako. Batetik, ahobizi eta belarriprest rolak «zabaltzen eta sakontzen»; bestetik, erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlana sakontzen. «Eskutik jarraitzea behar-beharrezkoa da aldaketak gizartean txerta daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.