Bi euskal preso hurbilduko dituzte, eta bakarra Euskal Herriratu

maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ortziralero gisan, atzo ere euskal presoen hurbilketa eta Euskal Herriratze gehiagoren berri eman zuten Espainiako Espetxe Erakundeek. Kopurutan, ordea, aitzineko asteetakoak baino gutiago dira atzo iragarritakoak, azken hilabeteotan ia astero bortz hurbilketa edo Euskal Herriratze iragarri baitituzte. Atzo jakinarazi zutenez, bi euskal preso hurbilduko dituzte Euskal Herri inguruetako kartzeletara, eta bakarra Euskal Herriratuko dute. Bertze bat, berriz, Euskal Herriko bertze kartzela batera mugituko dute: Iruñetik Donostiara.

Mikel Otegi Unanue da Euskal Herrira ekarriko dutena: Valdemoroko espetxean zegoen (Altsasutik 480 kilometrora), eta Iruñera ekarriko dute. Hura lekualdatuta, gainera, ez da euskal presorik geldituko Madril inguruko espetxe horretan. Hurbilduko dituztenak Fernando Garcia Jodra eta Gurutz Agirresarobe Pagola euskal presoak dira: Huelvatik (Andaluzia, 1.000 kilometro) Leonera (370 kilometro) mugituko dute lehena, eta Sevillatik (990 kilometro) Logroñora (170 kilometro) bigarrena. Francisco Jose Ramada Estevez, berriz, Euskal Herriko kartzela batetik bertze batera aldatuko dute: Iruñean zegoen, eta Martutenera eramanen dute (Donostia).

Fernando Garcia Jodra 2001etik dago espetxean. Gurutz Agirresarobe, berriz, 2010etik, eta 30 urteko zigorra du. Mikel Otegi Unanue 2003an atxilotu zuten, Nafarroa Beherean. Frantziako kartzeletan egon ondoren, 2009an Espainiaratu zuten, eta 25 urteko espetxe zigorra jarri zioten. 2027ko martxoan beteko lituzke hiru laurdenak.

Hurbilketak, mantso

Pandemiaren ondorioz pilatzen ari dira iragarri bai baina hurbildu gabeko euskal presoak: dagoeneko 40 dira, eta azken astean, adibidez, ez dute euskal presorik hurbildu edo Euskal Herriratu. Badira, erraterako, joan den abenduaren 4an iragarritako eta oraindik gauzatu gabeko Euskal Herriratze eta hurbiltzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.