Pastor
DARWIN ETA GU

Leonor Zumarragan

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Handia euskaraz baina espainierazko azpidatziekin. Euskarazko zinemaren ekoizpen arrakastatsuenak jatorrizko hizkuntzan ikusteko aukera. Ez, ez da Euskal Telebistako bigarren katean euskara bultzatzeko kanpainan oinarritutako erabakia. Podemosen proposamena da, euskara, katalan eta galizierazko lanak Espainiako telebista publikoan eskaintzeko. Jatorrizko bertsioan, azpidatziekin.

Podemosek Espainiako Senatuan aurkeztu du egitasmoa. Haren idatzian beste ekimen interesgarri bat dago: penintsulako edozein eskolatako ikasleek gaztelania ez diren baina Espainiak administratutako lurraldearen eremuan mintzatzen diren beste hizkuntzak ikasteko aukera izatea. Mintzaira horiek hautazkoak izatea.

Asmo oneko proposamena da. Hobe hizkuntza horien aldeko jarrera gehiago azalduko balira. Batez ere, normalean guztiz aurkakoak direlako oihartzun mediatiko handiena lortzen duten hitzak, asmo batekin: espainiera ez diren beste hizkuntzen normalizazioa oztopatzea. Hizkuntza horiek espainolak ei dira, bai, baina ez espainiera. Eta badakigu: espainiera da nagusia, eta horri eutsi behar zaio.

Espainiaren aniztasuna deitzen duten mosaiko koloretsu hainbatetan urratu eta guztiz osatu gabea tinkoago finkatu nahi du proposamenak. Podemoseko senatari Oscar Guardingok adierazi duenez, neurri horiek «Espainia osatzen duten herri eta nazioen arteko anaitasuna» sendotuko dute.

Ikuspegi federal edo konfederala duenak begi onez hartuko du ekimena. Ondo. Alta, inoiz izango da egitasmoa benetan garatzeko modurik, Espainiako herritar gehienak onartzearen alde egongo diren egunik? Epe ertainera, ez dut uste. Ez naiz ezkorra, errealista baizik. Nire iritziz, Espainia ezagututa, neurri horiek onestea «separatistei» hauspoa ematea eta dirua xahutzea dela pentsatuko lukete herritar askok. Bestalde, Podemosen proposamena onartuko balute, poztu egin beharko genuke? Espainia kohesionatuagoa, batuagoa izango bada, Euskal Herria zatituago izango dugu. Zenbat eta gusturago egon Espainian, zenbat eta hurbilago sentitu Avilatik, orduan eta hotzago sentituko dugu Lapurdi, eta urrunago egongo gara Azkainetik. Orain baino areago —Donibane Lohizune Frantzian dagoela irakurri dut euskarazko adarreko ikasle baten testuan, eta Baiona, Galizian. Gero doktrinatzea salatuko dute—. Euskal Herria erosoago egongo da Espainiaren barruan, hemengo jende ugarik nahi duen moduan. Poltsikoa autonomista baduzu, ondo; bihotza independentista baduzu, txarto.

Egun, interesgarri bezain ezinezkotzat jotzen dut Podemosen egitasmoa. Engainagarria ere izan daiteke, funtsean beste proposamen batzuekin ez badator: espainiera ez diren beste hizkuntzak benetan errespetatzea eta ezagutza eta erabilera sustatzea eta bermatzea euren esparruan. Euskal Herria euskalduntzea posible egitea, traba politiko eta administratiborik gabe.

Pozgarria da Sevillako herritar batek euskara ikastea eta euskarazko pelikulak ikustea, baina horrek ez du balio Eibarko herritar batek euskaraz ez badaki, Bilboko bulegariak imintzio arraro bat egiten badu euskaraz egiten diodanean edo Iruñea aldeko troglodita batzuk «fuera los vascos y el vascuence» oihuka hasten badira taberna batean euskaraz eskatzeagatik.

Podemosen egitasmoa errealitatea ezkutatzeko ipuin magikoa izan daiteke. Ez dit balio soilik Espainiako telebistak euskarazko filmak emateak. Edo Espainian hizkuntza ofizial bakarra duten lekuetan «bigarren hizkuntza espainiar bat» ikasteak. Ez dit balio hamar urte barru Leonor Borboikoak, Santa Luzia egunean gurera etorrita, euskara dotorean gazta ederra erosteak, Goierriko barnetegi batean ikasi ondoren—monarkiak indarrean segitzen badu—. Edo Euskal Herriari ahotsa ukatzen dion konstituzioa euskaraz irakurtzeak. Zertarako balioko dit horrek guztiak biharamunean bertan Zumarragako kale batean euskaraz zerbait galdetu eta «no sé euskara» erantzungo badit Realaren txandala jantzita daraman bihotz txuri-urdin gazte batek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.