Luzapena NAFTA adosteko, hegalak hurbiltzeko

AEBek eta Kanadak porrot egin dute NAFTA berritzeko saioan, baina beste aukera bat eman diote elkarri, irailaren 30era bitarte. Hala ere, Trumpek jada igorri du Kongresura Mexikorekin lortutako ituna
Donald Trump eta Justin Trudeau, Quebecen, ekainean.
Donald Trump eta Justin Trudeau, Quebecen, ekainean. LUDOVIC MARIN / EFE

Jon Fernandez -

2018ko irailak 2
AEBak eta Kanada ez dira garaiz ailegatu elkarri eskua estutzera; baina, hala ere, Donald Trumpek lortu du nahi zuena. Etxe Zuriko ordezkariek eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroaren ordezkariek agortu egin zuten barikuko epemuga, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna berritzeko akordioa lortu barik. Deskantsu bat hartu dute, baina etzidamu berrekingo diete negoziazioei Washingtonen. Beste aukera bat eman diote elkarri, eta beste epemuga bat jarri dute: irailaren 30a.

Edonola ere, Trump ez da zain geratu, eta bete egin du iragarritakoa: AEBetako Kongresura igorri du Mexikorekin astelehenean adostutako merkataritza ituna. Biko itunarekin doa aurrera, nahiz eta alderdikideek eta enpresarien presio taldeek behin eta berriz esan ez emateko pausorik Kanadarik gabe, hura gabe ituna ez baita 25 urtez hiru herrialdeak lotu dituen NAFTAren ordezkoa.

Intzirrikatuan laga dio atea, alabadere: itxi barik, baina igarotzeko zirrikitu eskas batekin. «Kongresuari jakinarazi dio 90 eguneko epean sinatuko duela akordioa Mexikorekin; baita Kanadarekin ere, hark hala nahi izanez gero», azaldu zuen barikuan Robert Lighthizer AEBetako Atzerriko Merkataritza buruak. Atzo, berriz, Trumpek berba gogorragoak erabili zituen: «Ez dago beharrizan politikorik Kanada NAFTA berrira batzeko». Eta ohartarazpen bat ere bai alderdikideei: «Kongresuak ez luke esku hartu behar negoziaziootan. Bestela, erabat desegingo dut NAFTA, eta denok egongo gara hobeto».

'Off the record'

Ez da giro bi aldeen artean, nahiz eta biek esan oraindik badagoela aukera. Bereziki Trumpen adierazpenek oztopatu zuten akordioa ostiralean. Negoziazioaren azken txanpan, The Toronto Star egunkariak argitara atera zituen Trumpek Bloomberg agentziari off the record —modu ez-ofizialean— esandakoak: «[AEBen jarrera negoziazioan] hain izango da iraingarria, ezen [Kanadak] ezingo baitu akordiorik lortu».

Gehiago ere esan zien Bloombergeko kazetariei: akordioa «erabat AEBen neurrikoa» izango dela; Kanadako ordezkariak erreguka joan zaizkiela Etxe Zurira —«Aurreko gauean ate joka etorri zitzaizkigun: 'Egin dezagun akordio bat, arren', eskatuz»—; eta mehatxu taktika darabilela kanadarrekin —«Off the record: kanadarrak popa galduta dabiltza negoziatzen. Eta autoen muga zergen gaiarekin arazoa sortzen den bakoitzean, Chevrolet Impala baten argazkia ateratzen diet [General Motors estatubatuarrak Ontarion ekoizten duen modeloa]».

AEBetako presidenteak berak aitortu zuen, Twitterreko txio bidez, egia zirela esandako guztiak. Salatu zuen kazetariek konfidentzialtasun araua urratu zutela, baina, aldi berean, pozik agertu zen: «Behintzat, Kanadak badaki zer pentsatzen dudan».

Bikoarekin ez da aski

Negoziaziorako dantza zoroaren erritmoa Trumpek ezarri du: astelehenean ustekabean iragarri zuen Mexikorekin akordioa egin zutela, eta horregatik joan zen asteazkenean Chrystia Freeland Kanadako Atzerri ministroa arrapaladan Etxe Zurira negoziatzera.

Trumpek bere erritmoan jarri du dantzan Ottawa, baina dantza lotuak ez funtzionatzearen arrazoi bakarra ez dira izan Trumpen manerak, ezpada hitzartu beharreko gaiei buruzko talkak.

Jarrerak oso urrun daude, bereziki hiru gaitan: Kanada ez dago prest nekazaritzarako babes politikak ezabatzeko; ezta produktu kulturalen babesa kentzeko ere; eta ez dator bat AEBekin merkataritza eta inbertsio liskarrak konpontzeko bitartekaritza ereduan. «Hobe itunik eza, itun txar bat baino», izan da Freelanden leloa.

Hilabete daukate hegalak hurbiltzeko. Washingtonek eta Ottawak ez dute gehiegi luzatu nahi negoziazioa: Etxe Zuriak zita garrantzitsua du azaroaren 6ko legebiltzarrerako bozetan, eta Trudeauk lehenbailehen jarri behar du buru-belarri datorren urteko hauteskunde orokorrei begira.

Kongresuko tramitea ostiralean martxan jarrita, Trumpek lortu du ziurtatzea Mexikok berretsiko duela ituna: kargua utzi bezperan sinatu ahal izango du Enrique Peña Nieto presidente eskuindarrak.

Baina, Kanada gabe, ez du nahikoa izango. «Kongresuak ez du babestuko hiruko ituna ez den beste ezer», ohartarazi du Tom Donohue AEBetako Merkataritza Ganberako buruak. Kanada da AEBen esportazioen merkatu nagusia —Txina, Erresuma Batua eta Japonia batera adinakoa—, eta harekin itunik ez izatea «albiste txarra da AEBetako negozioentzat, enpleguarentzat eta ekonomiaren hazkundearentzat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna