Pastor
DARWIN ETA GU

Australia

2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gerra urruneko lurretan eta gatazka hurbileko bihotzetan deskribatzen ditu Richard Flanagan australiarrak The Narrow Road to the Deep NorthIparralde sakonerako errepide estua— nobelan. Eleberriko pertsonaia nagusia Dorrigo Evans medikua dugu, min fisikoan aditua eta sufrimendu emozionalean aritua. Tramaren zati handi bat Bigarren Mundu Gerran girotuta dago. Birmania Thailandiarekin lotuko duen trenbidea eraiki behar dute japoniarren gatibuek. Horietako bat da Evans.

«Gizon zoriontsu batek ez du iraganik. Gizon zorigaiztoko batek hori besterik ez du», dio protagonistak, bizitzaren balantze moduan. Haren ustetan, iraganik gabeko pertsonak zoriontsuak dira. Hori ez da beti egia. Iraganaren jabea bazara, ondo; iraganaren esklaboa bazara, ez. Ñabardura txiki baina garrantzitsua. Esan, bestela, gaztetan hemendik Australiara joaniko euskaldunei. Migrazio horren hasieraren mendeurrena ospatzeko elkarrekin bazkaldu zuten lagun haiek eta haien ondorengoek igandean, Gernikan. Orainaren bidez iragana eta etorkizuna lotzeko.

Euskal australiar horietako bat 17 urterekin etorri zen gurera, lehen aldiz. Ingelesez eta euskaraz baino ez zekien. Hemengo autobuseko gidariak soilik erdaraz. Bidaia ordaindu behar zuen bakoitzean, mutilak txanponak eskuan erakusten zituen, eta besteak zegokion dirua hartzen zion. Gizonak bere bizipenen berri eman zuen ETBn, Teleberri albistegian. Erdaraz entzun genuen. Euskaraldiaren astean. Hain zaila zen haren euskarari erdarazko azpidatziak jartzea?

Gazte hura gizon hirueleduna da gaur. Elebidun bihurtu ote zen autobuseko gidari elebakarra? Barka iezadazue duda egitea. Batzuetan, zientzia fikziozko irudi pozgarri bezain hutsala datorkit burura: euskaldun gazte guztiak atzerrira joan dira, han hamaika esparru linguistiko desberdinetan bizi izateko. 20-30 urteren buruan euren seme-alabak, kanpoan jaiotakoak, itzuli dira. Bakoitza urruneko hizkuntzaz mintzatzen da, eta etxean ikasitako euskaraz. Orduan euskara izango litzateke guztien komunikazio hizkuntza bakarra, komunean izango luketen mintzaira. Ametsetatik esnatu eta errealitatera itzultzen naiz: euskaldunek alde eginez gero, erdaldunak baino ez ziren geratuko hemen eta, 20 urteren bueltan, haien umeak ere egongo ziren. Eta pentsatzen hasten naiz zer gertatuko ote zen joandako euskaldunen seme-alabak hona etorri eta gero. Erdaldunak ez ote zuen euskalduna irentsiko, ohi legez. Gure fikziozko migratzaileen ondorengoek erdara ikasi beharko lukete hemen bizi ahal izateko. Australiatik itzulitako 17 urteko gazteak bezala.

Nola ez ikasi, bada, erdara? Presioa hain da handia. Bizkaiko kasu bat ezagutzen dut: andre bat gaztetan alargundu eta Londresera joan zen seme txikiarekin. Bertan lanean hasi eta berriz ezkondu. Koskortu zenean, euskaraz eta ingelesez baino ez zekien umeak. Espainiar batek kasuaren berri izaten zuen bakoitzean muturrak okertzen zituen, hori ulertu ezinik. «Amak zergatik ez zion gaztelera irakatsi?». Ba, euren berezko hizkuntza transmititu ziolako. Ingalaterran bizi diren greziarrek edo norvegiarrek bezalaxe. Amak erdaraz hitz egin behar zion seme txikiari, ala? Zenbait hegemonistaren iritziz, bai: espainiera unibertsala da. Euskara, aldiz, una lengua para andar por casa.

Australia presoz birpopulatu zuten kolono ingelesek. Richard Flanaganen arbasoak Irlandatik eraman zituzten bertara. Flanagan Australia pelikulako gidoilarietako bat izan zen. 2008ko filmean norberaren bizi proiektuen garrantzia nabarmentzen dute Hugh Jackman-en ahotsean aditzen diren hitzek: «Jende gehienak gauzak eduki nahi ditu. Badakizu: lurra, ekipajea, beste jendea. Seguru sentiarazten du. Baina hori guztia kendu ahal dizute. Amaieran, zuk duzun gauza bakarra zeure historia propioa da. Historia on bat bizitzen saiatzen ari naiz». Haien historia eduki eta bizitzera joan ziren euskaldunak Australiara. Orain, iraganaren jabeak dira. Nolakoa izango da haien etorkizuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.