Pastor
DARWIN ETA GU

Monarkia 'plataneroa'

2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Zer esango luke Mark Twainek Espainiako esker oneko sabeldun demokratak monarkia defendatzeko erabiltzen ari diren paternalismo, amarru eta iruzurren berri izango balu? Tom Sawyer-en abenturak eta Huckleberry Finn-en abenturak idatzi zituenak argi azaldu zuen, 1889an Boston Herald egunkariko kazetari Sylvester Baxter-i bidalitako gutunean, monarkia zer den: «Errege-erreginak, guztiak, usurpatzaileak dira eta usurpatzaileen ondorengoak, arrazoi batengatik: mundu honetan inoiz ez zen tronurik sortu nazioko masa numerikoak, hori egiteko eskubide legezkoa duen gorputz bakarrak, askatasunean azaldutako borondatearen ondorioz».

Usurpatu: legez beste batena den jabetza edo eskubide bat beretzat harrapatu, normalean indarkeriaren bidez. Monarkia guztiak gerra, konkista, indarkeria eta odolaren bidez ezarri dira historikoki. Monarkia batzuek beste batzuek baino hobeto lortu dute herritarrek sustrai historiko bidegabe horiek ahaztea. Espainiakoak, oraingoz ez. Memoria da kontua. 150 urte barru, denok epeletan egongo garenean paradisu gozoan, Espainian monarkiak indarrean segitzen badu —espero dezagun gurean errepublika egotea—, inork ez dio esango Leonorren birbiloba errege edo erreginari Francori esker dagoela karguan. Franco? Nor zen Franco? Lehengoan irrati programa batean horixe galdetu zioten entzule gazte bati. Aktorea, kirolaria? Ideiarik ez. Programakoek lagundu behar izan zioten. Memoriarik ez, 40 urte atzera begira. Normala Espainiako Felipe VI.a izango denak Nafarroako errege-erreginei lore-sorta eskaintzea lotsatu barik. Alta, hori ez du ignorantziagatik egin. Ez harritu 2022an Amaiurrera badoa, bost mende lehenago Nafarroaren independentziaren alde hil zirenak omentzera, eta lasai asko esaten badu nafar horiek bizkaitar sabindarren kontrako borrokan hil zirela. Memoria? Komenentzia eta muturra.

Errepublika bananeroak omen daude. Monarkia plataneroak ere bai. Batez ere, errege hori diktadore batek ezarri badu, sistema politiko demokratikoa bota eta gerra zibila eragin eta gero. Batez ere, errege hori legearen gainetik badago, eta bereak eta bost egin baditu bere odol-familiako guztiek horretan segi dezaten. Monarkia plataneroa. Batez ere, diktadoreak platanoen lurralde afrikarrean egin bazuen azken jauzia gerrarantz: Juan March oligarkak Biarritzetik Abc egunkari demokratari bidali zion txeke zuriari esker alokatutako Dragon Rapide hegazkinean igo zen Franco, 1936ko uztailaren 18ko arratsaldeko ordu bietan. Historialariek ez dute argitu Franquitok pururik edo platanorik ote zuen ahoan. Edo biak. Monarkia plataneroa. Diktadore batek aukeratutako erregeak kopeta badu, kalera etorkizuna libre erabakitzearen alde ateratako milioi pasa lagun iraintzeko. Ezagunak dira Espainiako erregeak Jordi Pujoli eta Bartzelonako diputazioko presidente Salvador Esteveri egin dizkien errietak, Kataluniak bide subiranistari ekin zionetik. «Ederra egin duzue Katalunian, jendea engainuz kalera ateratzeko, TV3, Avui eta La Vanguardia-ren laguntzaz», esan zion, haserre bizian, «politikan nahasten ez den erregeak» diputazioko buruari, 2012ko Diadako manifestazio erraldoiaren ondoren.

Juan Carlos usurpatzaileak Felipe usurpatzaileari utzi dio postua. Horixe idatziko luke Mark Twainek egun. Faulkner eta Hemingwayk AEBetako literatura garaikidearen aitzindaritzat jo zutenak hauxe esan zion Sylvester Baxter lagunari, 1889ko gutun hartan: «Nahiago nuke 50 urte gehiago bizitzerik banu. Uste dut Europako tronuak enkantean saltzen ikusiko nituzkeela, burdina zaharraren truke. Uste dut benetan ikusiko nukeela gizonak asmatu duen iruzur groteskoenaren bukaera: monarkiarena». Mark Twainek negar egingo luke iruzurra, inposizioa eta errege-erregina usurpatzaileak oraindik bizirik daudela ikusiko balu. Europan. Espainian. Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.