jon ordonez garmendia
ANALISIA

Norena da Aralar?

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aralarko pista berrien auziak agerian utzi du mendi horiek pizten duten sentimendua. Gailurrerantz Zaldibiako mendi elkartearen txabola erre duenak bazekien zer min egiten ari zen, zenbat oroitzapen gordetzen ziren txabola horretan. Auzia udatik dator, eta sei hilabete hauetan egoerak okerrera egin du, erakundeak ez baitira gai izan bideratzeko. Edo ez dute nahi izan. Egin dute pista zati bat, eta Gipuzkoako Aldundiak gehiago egiteko bi milioi euro jarri ditu Enirio-Aralar mankomunitateko 2019ra arteko kudeaketa planean.

Bi alde ditu auziak: pista berriena eta prozedurarena. Lehenengoan jarrerak ez daude dirudien bezain urrun, astelehenean Zaldibiak mankomunitatean duen ordezkariak esan bezala: «Gehiago da batzen gaituena». Bigarren partea da askatu beharrekoa, egoera katramilatu duena. Kontra dauden batzuek erabakitzeko eta egiteko modua jartzen dute auzitan, ez pistak egiteko beharra, eta proiektuaren inguruko gardentasun faltak urrundu besterik ez ditu egin bateragarriak direnak.

Artzain eta ganaduzaleek hogei urte daramatzate pista berriak egiteko eskatzen, eta mankomunitateak eskaera horri heltzea erabaki du, zilegitasun osoz, hari baitagokio hori erabakitzea. Lanak, ordea, proiekturik eta dokumentaziorik gabe hasi ziren urrian. Hilabete hauetan entzun ditugu artzainak, ganaduzaleak, sindikatuak, mankomunitatea, ekologistak eta Aranzadikoak. Aldundiaren teknikarien iritziak, ordea, ez dira entzun. Ez egiten ari diren proiektuaren alde, ezta kontra ere. Eta horrelako proiektu batean ezinbesteko dira, natur parke eta babesgune bat delako Aralar.

Pena da artzainek hogei urte pasatzea pista berriak eskatzen, eta pena da Aranzadi bezalako erakunde ospetsu bat kritikatzea egin duten moduan. Artzaintza beharrezkoa den bezala baitira beharrezkoak ekologistak, zientzialariak eta euren ekarpenak. Aralarren inor ez dago sobera.

Duela 50.000 urte jada bazegoen gizakia Oiduegi inguruetan, azken indusketa arkeologikoek erakutsi duten moduan. Balio askotariko lekua da horregatik, arkeologikoa, antropologikoa, etnologikoa, kulturala eta baita paisajistikoa ere. Goiko larreek bereizten dute Aralar, eta izenak berak adierazten du larre tokia dela —Arturo Campionek XI. mendeko agiri batean dokumentatu zuen Aralarre izena—. Larre horiek, hein handi batean, artzaintzari zor zaizkio hamar mende geroago. Pentsa liteke gizakiaren esku hartzerik gabe Oiduegi basoa izango zela? Ez ba, Euskal Herrian gizakiaren esku hartzerik gabe baso asko ere ez liratekeelako izango; asko mendiaren ustiaketari zor baitzaizkio.

Erdi Paleolitotik bizi da gizakia Oiduegi inguruan, eta hala iritsi zaigu, trikuharri, belardi, bide, artzain eta mankomunitate—1412. urtean sortu zen— eta guzti. Zentzurik ez luke orain beste modu batera kontserbatu nahi izateak. Gizakiak betidanik erabili du mendia, bizitzeko, lanerako edota aisialdirako. Eguraldi oneko edozein igandetan Txindokiko bide nagusiaren magal urratuek ere erakusten dute beharrezkoak direla bideak; ez mendizaleak galtzeko arriskua duelako, baizik eta paisaia galtzeko arriskua dagoelako, arrastoan ibiltzeko.

Kontua da, pista berriak beharrezkoak diren bezala, inork ez lukeela ukatu behar horiek egiteko proiektu sendo bat beharrezkoa dela, izan artzaintzaren defendatzaile, izan ekologista, edo izan bi gauzak. Pistak egitea nahi dutenei ere ez zaie komeni edozein modutara egitea, bizileku eta lantoki duten larre horietan gauzak modu trakets batean egitea merezi ez dutelako. Ardiak egiten du larrea, eta larreak ardia. Asteleheneko bileran ezer gutxi egin zuen mankomunitateak ertzak limurtzeko. Baina Gailurrerantz-en txabolarenak zerbaitetan jarri ditu ados alde guztiak, eta erakundeei dagokie adostasun horretan sakontzea.

Aralar guztiona da leloa erabili dute ekologistek artzainen interesez gain beste batzuk ere aintzat hartzeko aldarrikatzeko. Hobe litzateke, ordea, Aralar inorena ez dela pentsatzea. Ez artzain, ez ganaduzale, ez mankomunitate, ez ekologista ezta mendizaleena ere. Aralar hor zegoen lehenagotik, eta denei dagokie den moduan egoten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.