Eskola segregazioa: bai, erantzuna behar da

Josean Bueno Saez de Albeniz
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Interes handiz irakurri nuen Zuriñe Gojenolaren Eskola segregazioak herri gisako erantzuna behar du izeneko artikulua (BERRIA, 2018-6-20). Abiapuntua oso egokia iruditzen zait: eskola segregazioa egoera sozialaren isla da, eta lotura zuzena du kapitalismo gero eta basatiago honek etengabe sortzen duen banaketa sozialarekin. Arazoaren larritasuna ere azpimarratzen du, eta horrek pertsonen eskubide berdintasunari nolako kaltea eragiten dion aipatzen da. Justizia kontua da egoera honi aurre egitea, bat nator.

Oso ondo azaltzen du testuak hizkuntza ereduak segregazio iturri ere izan direla, eta gainditu behar direla gure ikasle guztiak euskaraz moldatzeko gai izan daitezen. Gaur egun, gainera, EAEn segregazioa ez dago hizkuntza eredu bati (A eredua) lotua soilik: asko dira segregazio egoera onartezinak pairatzen dituzten D ereduko ikastetxe publikoak, eta gero eta gehiago doaz bide horretatik. Hizkuntza ereduak gorabehera, zeharkako arazoa da segregazioa, gure hezkuntza sistema osoa eraldatzen eta birmoldatzen ari dena.

Gogoeta bat ikusi dut faltan, hala ere: segregazioa, batez ere, sare publikoaren arazoa dela esatea, eskola sareei oso modu desberdinetan eragiten baitie: segregazio egoera latza (maila sozioekonomiko oso baxua, askotan etorkin jatorriko ikasle ugarirekin) ikastetxe publikoetan gertatzen da nagusiki; ikastetxe pribatu erlijioso batzuetan ere badago halako egoerarik; eta ia ez dago ikastola pribatuetan. Arazoak lotura zuzena du hezkuntza sareekin.

Egoera tamalgarri honek azalpen argia du XXI. mendeko kapitalismoaren ikuspegitik: prestigiatu, zaindu, babestu egiten da ekimen pribatua, zerbitzu publikoak ahultzen diren bitartean. Kapitalismoak berezkoa du pribatizaziorako joera, eta horri erantzuten dio, adibidez, LOMCE legeak, irakaskuntza pribaturako on-ona denak (Heziberri, euskal bertsioan). LOMCEk egiten duen lehen gauza da hezkuntza zerbitzu gisa definitzea, erakunde pribatu zein publiko batek eskain dezakeena. Euskal Eskola Publikoaren Legeak oso ikuspegi desberdina azaltzen zuen ikasle guztiek eskola publikorako eskubidea zutela esaten zuenean. Publiko-pribatu kontuari heldu gabe, nekez helduko diogu segregazioari; izan ere, hezkuntzan gero eta arrakala sozial sakonagoa dago herri edo auzo bereko eskola publikoen eta pribatuen artean; arrakala soziala areagotu egin da gizartean azken urteetan, eta eskola horren ispilu bihurtu zaigu.

Oso larria da banaketa egoera hau, diru publikoz mantentzen eta bultzatzen delako; izan ere, bi sareak diru publikoz elikatzen dira; hau da, guztiok ari gara segregazioa ordaintzen. Osasunean, kulturan… edo beste edozein zerbitzu publikotan honako hau onartuko genuke? PSEk lehen, eta EAJk orain, eskola publikoa bazter utzi dute urte askoan, beharrezko baliabideak ukatuta eta murrizketak jarrita; euren lehentasunen artean ez da egon, eta ez dago, zerbitzu publikoak indartzea, kontrakoa baizik. Ikasleen banaketan, administrazioak urtez urte segregazioa bideratu izan du, arazoaren tamaina handitzen zihoala ongi ezagutzen zuen arren.

Gauzak horrela, ez dut ulertzen zergatik artikulugileari ez zaion onargarria segregazioaren aurkako herri ekinaldi legegilea: proposamen zehatzak eta eraginkorrak egiten ditu segregazioari aurre egiteko. Arazo larri honi emergentziazko erantzun egoki eta eraginkorrak eman behar zaizkio, gurean hezkuntza sistema sozialki segregatua eraikitzen eta finkatzen ari baita, gero eta era gordinagoan (ikasle pobrez, etorkinez, bazterrekoez... osatutako eskolak, gehien-gehienak publikoak).

Eskola horietako askotan irakasle eta langile ugari lan eskerga ari dira egiten baldintza oso zailetan: bazter daudenek ikasketekin aukera gehiago izan dezaten laguntzen; kanpotik etorritakoek gure kultura eta gure hizkuntza bere egin dezaten lanean; eta egoera latzean dauden ume eta familia askoren eguneroko arazoei irteerak bilatzen.

Lan hori guztia, batez ere eskola publiko batzuetan egiten dena, oso gutxitan hartzen da aintzat, eta gutxiagotan eskertzen da. Lan horrek euskal gizarte osoarentzat ekartzen ditu ondorio onuragarriak. Eta gaur-gaurkoz baldintza oso desegokietan ari dira, oker bideratutako egoera batean. Bada garaia norabidea aldatzeko.

Zuriñe Gojenolak bere idazkian hauek proposatzen ditu: herri ekimen legegileari uko egitea, sareen arteko katramilan ez nahastea eta prozesu bat hastea, guztiok adosteko nolakoa izan behar den hezkuntza sistema «publiko eta komunitarioa». Lehenengo biekin ez nator bat. Batetik, lege ekinaldia beharrezkoa da, arazoa larri-larria izanik ere, ikasturtez ikasturte larriagotzen ari baita. Bestetik, sare publiko eta pribatuaren arteko kontua ezin da utzi bazter eta eztabaidatik at, sareen banaketa arazoaren muinean dagoelako. Eta, azken proposamenaz, eztabaida interesgarria da, hezkuntza sistema berri baten ingurukoa: gaur egungo hezkuntza sistema asko aldatu behar da, eskola demokratikoagoak, parte hartzaileagoak, euskaldunagoak, hurbilagoak eta profesionalagoak behar baititugu. Eztabaida horretan aritzeko prest nauka Zuriñe Gojenolak, noski. Baina, eztabaida horiek guztiak gauzatu eta ondorioetara heldu arte, ezin da itxaron segregazioaren kontuan erabakiak hartzeko: erantzuna orain behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.