Bozetara begira, pentsiodunek indartu egingo dituzte mobilizazioak

Milaka lagunek pentsiodunen mobilizazioen lehen urteurrena gogoratu dute, Bilbon. Pozik daude agenda politikoan eragitea lortu dutelako. Elkarlanean jardun nahi dute, gazte, langile eta andreekin. Manifestazioaren bideoa, albistearen amaieran.

Milaka lagun elkartu ziren atzo pentsiodunen mugimenduak BIlbon egindako manifestaziora. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Lehenengoz mobilizatu ziren lekura itzuli dira. Hego Euskal Herriko pentsiodunak, berriro, Bilboko udaletxearen atarira bildu ziren, manifestazioan. Hantxe izan zuten topagunea estreinakoz, iazko urtarrilaren 15ean. Urtebete honetan, ia astero-astero mukuru bete da eraikinaren aurreko aldea. Eta atzo ez zen gutxiagorako izan: milaka lagunek erantzun zioten pentsiodunen elkarteen deiari. 40.000 inguru zirela esan zuten antolatzaileek; 30.000 udaltzainek. Tartean ziren sekula Bilboko mobilizazioetara etorri gabe zeuden zenbait elkarte, Amurrio, Laudio eta Artziniegakoak (Araba). Jospo Barrutiak balantzea egin zuen, bukaeran irakurri zuen agirian: «Aurten, mobilizazioen ondorioz lortutakoa ez da gauza handia izan, baina ez da gutxietsi behar. Pentsiodunen aldarrikapenak alderdi politikoen eta instituzioen agendan sartzea lortu dugu». Pozik daude, eztabaida politikoan eragitea eta gizartea kalera ateratzea lortu dutelako.

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak «zer edo zer esan» beharko dutela ohartarazi zuen. Are gehiago hauteskunde urtea den 2019 honetan. Horregatik, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa iragarri zuten. Bizkaiko pentsiodunen elkarteko Jon Fanok iragarri zuen garrantzi handiagoa emango dietela astelehenero herri eta eskualdeetan egiten dituzten elkarretaratzeei. Maiatzeko bozen aurretik manifestazioa egingo dutela ere esan zuen. Eta gobernuetan dauden alderdiei eskatu zien orduan ez esateko euren aurkako mobilizazioak direla.

Erakunde publikoak eta agintariak ez ziren izan kritikak jaso zituzten bakarrak. Manifestazioa abiatzeko lekua ez zuten ausaz hautatu. Kale Nagusiaren 50. zenbakian zuten jarria ordua. Ez hasieran, ez erdian, ez bukaeran. Izan ere, hantxe du egoitza Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen federazioak. «Honekin salatu nahi dugu hainbat enpresa erakundek izugarrizko prekaritatean dituztela gizarteko hainbat sektore; batez ere, gazteak eta emakumeak. Argi esan nahi dugu: ez dago pentsio duinik soldata duin barik, ez orain, ez etorkizunean», ohartarazi zuen Barrutiak bukaerako agerraldian. Udaletxe aurrean, zubian eta Buenos Aires kalean zeuden manifestariek txaloka erantzun zioten.

2018an pentsioak soilik %0,25 igoko zirela salatzera irten ziren iazko urtarrilean kalera. 2011n eta 2013an Espainiako Gobernuak egin zituen erreformen ondorioa izan zen igoera «apal» hura. Iraunkortasun faktorea pentsioak kalkulatzeko formulatik kentzeko eskatu dute. «2023ra arte bertan behera utzi da iraunkortasun faktorearen formula, baina ez dakigu zer etorriko den gero: ez dakigu berriro ere %0,25era itzuliko garen», kexatu zen Bizkaiko pentsiodunen elkarteko Amaia Uña. Barrutiak azaldu zuen zein zen egungo egoera, zer den urtebete honetan irabazi dutena: «2018rako %1,7ko igoera lortu dugu; 2019rako, %1,6. Gutxieneko pentsioak bi urteotan %3 haziko dira, eta alarguntasun pentsioaren oinarri arautzailea %52tik %56ra igaro da 2018an, eta %60ra 2019an».

Hala ere, Espainiako Gobernuak emandakoa «urrun» dago oraindik euren eskaeretatik. «Bermea behar dugu urteroko pentsioaren igoera KPIaren arabera egingo dela beti, eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igoko direla. Batez ere, emakumeenak izaten dira txikienak, alargunenak edo kotizazio gabeko pentsioa kobratzen dutenenak. Igoera horrekin, pentsioen arteko genero arrakala gutxitzen hasiko da», zehaztu zuen Barrutiak.

Pentsiorik apalenak

Emakume Pentsionisten Elkartea Moyua plazan zegoen, manifestazioa handik noiz pasatuko zain, euren pankarta eta guzti. Mertxe Mendez da kideetako bat. «Pentsiodunen aldarrikapenetan badira bereziki andreei eragiten diguten batzuk, eta horiek aldarrikatzera etorri gara». Gogora ekarri zuen emakumeek gizonek baino pentsio apalagoak kobratzen dituztela oro har. Eta bereziki azpimarratu zuen ordaindu gabeko zaintza lanetan ibili diren andreen egoera. «Ez dute kotizatu, baina etxeko lanak ekarpen handia egin dio barne produktu gordinari. Horregatik, gobernuak nolabait saritu egin behar ditu».

Aurten ere Martxoaren 8an andreek greba eguna izango dutela nabarmendu zuen Barrutiak. Azken batean, eragileen eta mugimenduen arteko sinergia lortu nahi dute. Ez andreekin soilik. Barrutiak esan zuen gazteekin eta langileekin aliantzak jorratu behar dituztela. Bilbo Eragin mugimenduko dozena bat gazte foru jauregiaren aurrean egon ziren pentsiodunen martxa noiz iritsiko zain, pankarta batekin. «Gazteok ere pentsiodunen alde», egin zuten oihu. Manifestazioaren burua haien parera iristean, elkar txalotu zuten gazteek eta pentsiodunek.

[youtube]https://youtu.be/4heZVfPKRvA[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.