andoni egana
HITZ ETZANAK

Ilun-ikarak

2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Herenegun nire begiek aspaldian ikusi ez zutena ikusi zuten Donostiako Parte Zaharrean. Ume-parke bat, lurpeko parkingak bezain itogarri eta atorrantea.

Akaso, neu egongo nintzen bakardade nahiari oso itsatsia; segur aski, Kaldereroetarako entseguek bilduko zuten parke-muttur hartara ohikoa baino guraso eta haur gehiago. Ez dakit. Metro koadro gutxian, jolas-leku urriak eta jendea nahi adina. Eta Donostian geundenez, ilunabartzen ari zuenez eta eguzki printza batzuk bazirenez artean, Mikel Arregi eta Imanol etorri zitzaizkidan gogora. Ilun-ikarak sentitu nituen jende samalda hari begira; itsas-txoririk ez zen txioka sumatzen hango burrunbapean, eta, eliza bat gertuan izan arren, gau-ezkilarik ere ez; eguzkia ez zen keinu egitera ere ausartzen; han ez zegoen bakardadea sekretuekin korapilatzerik; tristurak ere ihes egin zuen handik arratsarekin solastatzera; han ez zen txalupa kulunkaririk, kolunpio gutxi batzuk baino, zeinetara umea igotzeko egin beharko zen harategian bezala, txanda eta zenbakidun papertxo bat hartu, gutxienez; eta batik bat, han ez zen parke isilik eta banku txuririk.

Gauza bat kantatzen dugu, eta beste bat gara. Agintarien lana izan behar luke garenetik kantatzen dugunerako bidea erraztea. Baita parkeei dagokienez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.