Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

«Intuizio» bat berme baten ordez

Urkulluk azaldu du Puigdemonten eta Rajoyren arteko «lotura» lanak egin zituela. «Distentsio» giroa sortu nahi zuen, galdeketa mahaigaineratu gabe

jon olano
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «lotura» lanak egin zituen Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean, 2017ko ekainetik urte horretako urriaren 27ra bitartean, «distentsio» giro bat sortu eta urriaren 27an bertan gauzatu ziren bi erabaki politiko —Kataluniako Parlamentuaren independentzia deklarazioa eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa— galarazten saiatzeko. Ahaleginak egin zituen Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari «bermea» emateko Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak ez zuela 155.a ezarriko, baina berme hori lortu ez, eta «intuizio bat» helarazi zion Puigdemonti: Rajoy ez zela artikulu hori ezartzearen «oso aldekoa».

Jakina zen Urkullu zeregin horretan ibili zela, baina Jaurlaritzako lehendakariak apenas hitz egin izan duen Kataluniako prozesu subiranistan jokatutako rolaren inguruan. Atzo arte. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzian, Auzitegi Gorenean atzo deklaratu zuten lekukoen artean aurrenekoa izan zen Urkullu, eta bertan eman zituen 2017ko lau hilabete horietan Rajoyrekin eta Puigdemontekin izandako hartu-emanen xehetasun batzuk.

Biengandik konpromiso bana lortzen ahalegindu zen Urkullu: Puigdemontek independentzia deklarazioa baztertu eta hauteskundeetara deitzea, eta Rajoyk 155. artikuluaren aplikazioa alde batera uztea. Puigdemonten aldetik erdietsi zuen engaiamendu hori: hala baieztatu zion Kataluniako Generalitateko presidenteak Jaurlaritzako lehendakariari urriaren 26ko goizean, independentzia deklarazioa egiteko saioaren bezperan. Hauteskundeetara jotzeko aukera berehala zabaldu zen Katalunian urriaren 26ko goizean, eta berehala piztu ziren protestak; ikasleen manifestazio bat Sant Jaume plazara joan zen, eta Junts Pel Si taldeko bi parlamentarik diputatu akta uzteko asmoa adierazi zuten ordu horietan.

Urkulluk atzo azaldu zuenez, Puigdemontek «presioak» izan zituen «kalean eta Junts Pel Siko talde parlamentarioan», eta horrek aldarazi zion iritzia. Era berean, ordea, Urkulluk aitortu zuen ezin izan ziola Puigdemonti «bermerik» eman 155.a ezarriko ez zela ziurtatzeko; «intuizio bat» eskaini zion. Bermerik gabe, Puigdemontek arratsaldean iragarri zuen hauteskundeak baztertzeko eta independentzia deklarazioa gauzatzeko asmoa.

Pasadizo horrek islatzen ditu Urkulluk berak atzoko adierazpenean xehatutako jarrerak; Puigdemonten aldetik «elkarrizketarako prestasuna» antzeman zuen, «harrera ona» egin baitzien Jaurlaritzako lehendakariaren planteamenduei, eta horren adibide gisa aipatu zuen urriaren 10ean Puigdemontek independentzia adierazpena egin eta, segidan, haren ondorioak bertan behera utzi zituela. Bestelako jarrera izan zuen hilabete horietan zehar Rajoyk: Urkullu «adi» entzun zuen hainbat aldiz, idatziz nahiz aurrez aurre, eta harengandik informazioa jasotzeko prest egon zen, baina, Urkulluren testigantzatik uler daitekeenez, Rajoyk ez zuen pausorik eman, ez proposamenik egin: «Jarrera uzkurra zuen negoziazio gisa uler zitekeen edozein pauso emateko».

«Adierazpen kateatuak»

Urkulluk azaldu zuen Puigdemont izan zela bitartekari aritu zedin eskatu zion lehena, 2017ko ekainaren 19an, eta handik hilabetera batzartu zen Rajoyrekin. Hori ez zuen baieztatu Rajoyk berak asteazkenean. «Gure funtzioak elkarrizketan oinarritu behar du, akordioen bilaketan», nabarmendu zuen Urkulluk. Horregatik, biei proposatu zien «adierazpen kateatuak» egitea, hiru hilabeteko «distentsio epe bat» zabaltzeko eta aurrera begirako lan metodologia bat adosteko. Truke horretan, Urkulluk «inola ere» ez zion baldintza gisa jarri Rajoyri erreferendum bat adostea: «Inola ere ez genuen autodeterminazioaz hitz egin».

Gerora, ugaritu egin ziren hartu-emanak; nagusiki, irailean eta, batez ere, urriaren 4tik aurrera. Irailaren 21ean, Guardia Zibila Kataluniako Ekonomia Departamentura sartu eta biharamunean, Rajoyrekin hitz egin zuen: «Esan nion gauzek ezin zutela jarraitu gertatzen ari ziren bezala. Neurtu egin behar ziren eman zitezkeen pausoak». «Entzun» zuen Rajoyk, eta erantzun «zainduko» zuela egin beharrekoa.

10:00etan hasi, eta ordubetera iritsi aurretik amaitu zuen deklarazioa; Santi Vila Generalitateko kontseilari ohi eta auzipetuari bostekoa emanda irten zen Urkullu aretotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.