andoni egana
HITZ ETZANAK

Agenda

2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Agendak dira Gabon gaueko afaritan familiako gazteak direna: iritsi beti iristen dira baina beti berandu samar. Bataren eta bestearen agendak helduko zaizkizu abenduan ongi sartuta. Berandutxo, aukeran. Hurrengo urtekoa aspaldi behar izan zenuen, urriaren erdi alderako edo, eta gero doan helduko zitzaizkizula jakin arren bat erostera behartua sentitu zinen. Eskas bat, denik merkeena. Total, behin-behinekoa da… betirako.

Urtea jiratze hutsarengatik poza sentitzeak ez du zentzu handirik. Gaur sorbaldako minez bazaude bihar ez zaizu, urte berria delako bakarrik, joango; zuen umea gaur arte oinez hasi ez bada, kasualitate handirik ezean, ez da bihar tentetuko; gaur daukazun arazo hori ez da, urte berria heldu delako, berez konponduko. Halere, ezin ihes egingo diezu urteberrion-ei, muxuei eta inguruan sortzen den alaitasun kolektibo ulergaitz horri.

Jakin badakizu, ordea, axaleko kontuak direla horiek, funtsezkoena agendak direla. Mahatsek bihurtzen dute joan diren hamabi hilabeteetan hain kuttun izan duzun agenda hori mahaspaxa. Ekingo diozu behin-behinerako erosi zenuen merke-zurreko agenda berriari. Eta zer-nor zaren pentsatzen hastean ohartuko zara mahaspaxa bilduma bat baino ez zarela. Ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.